Herritarren sarea ehuntzen | Sare Oñati

Urte erdi inguru pasa da, dagoeneko, Sare herri mugimendua jaio eta bere ibilbideari ekin ziola. Bitartean, ekitaldi ugari egin dira han-hemenka mugimenduak ezarritako xedeari begira: mendekuan oinarritutako bidegabeko dispertsioaren politikari amaiera ematea. Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan sortu diren taldeen eta gizabanakoen ekimenei esker, herritarren sarea ehuntzen doa.

 
Larunbatean Bilbon izandako mobilizazio koloretsuari begiratu ezkero, sarea biziki ehuntzen goazela esan dezakegu. Ikuspegi eta sentsibilitate anitzetako herritarrak bilduz sarea ehuntzen goaz, berau eraiki eta egonkortzeko beharrezkoak diren sare-nodoak bilakatuz gutariko bakoitza. Guztion artean eraikitzen ari garen sarea herritarra izateaz gain anitza ere izatea nahi dugulako. Giza eskubide guztien alde dauden pertsona guztiak biltzeko bokazioaz sortu delako eta sortzen ari garelako, baita euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde ekin nahi dugulako ere.

 
Horrela da, bai, herritarren borondateen sarea ehuntzen goaz, guztien partaidetza sustatu eta partaidetza moduak berrasmatu nahian ere. Dispertsioaren liburua munduan zehar barreiatuz, ipurtargiak lez, gure nahiaren argi izpiak lau haizeetara zabalduz, aldamenean ditugunekin solasean arituz, herritar mosaikoak eratuz, edo bestelako ekimenak eginez, sarea ehundu eta, era berean, bizirik mantentzea lortuko dugu. Kartzela politika krudel honekin amaitzeko desioa, nahia, herri honen jomuga edo xede politiko eta soziala ere badelako, gizartearen kolektibo baten giza eskubideen errespetuaz ari garelako.

 
Hala ere, kontziente gara sarearen ehuntze prozesua ez dela erraza izango. Egun hauetako gertakariek modu gordinean erakutsi digute herritarren borondate zintzoa eta tinkoa zapuztu nahi dutela batzuk, Ilunpeko garaietara eraman nahi gaituztela. Guk, aldiz, bizia eta argitasuna ekarri nahi dugu gure herrira. Gurean hain ezagunak ditugun onddoek bezala, etenik gabe, sare-gorputz sendoa eraikiz eta hedatuz, eta sarearen ekimenen bidez, hain ikusgarriak eta ederrak diren onddoen fruituak, perretxikoak, nonahi bistaratu arte.