Amets Arzallusek eta Igor Elortzak saio biribila egin zuten Ibarran, atzo gauean. Afaldarrak barrez lehertzen jarri zituzten, izan ere, umorea izan zen bertso saioaren ardatza. Gaiek horretan lagundu egin zuten, eta bertsolarien eta afaldarren artean giro berezia sortu zen. Lapurtarra eta bizkaitarra gustura egon ziren bertsotan, eta hori nabarmena izan zen, entzuleekin batera eurak ere barreari ezin eutsiz ibili baitziren hainbat alditan. Gozatzeko moduko saio borobila. Eta antolatzaile batek esan zuen bezala, saioa bera bakarrik 15 euro ordaintzeko modukoa izan da. Bikaina.

Sarek antolatutako bertso-afarian Gari Ibarluzea iheslari politiko ibartarrak ere parte hartu zuen, Londrestik gaia jarriz.

Bestalde, Ibarrako Sarek herri batzarra antolatu du azaroaren 3an, asteartean. 19:30ean Kultur Etxera azaltzeko deia egin dute. Eguberriak gainean direnez, egun horien inguruko ekimenez hitz egiteko izango da batzar irekia.

Kronikaren egilea eta argazkia: Tolosaldeako Ataria