Euskal jendarteak sufrimenduari ateak itxi nahi dizkio, desiratzen dago bake eskenatokia noiz iritsiko; aipagarria da 2011n Aieteko adierazpena ezagutarazi zenetik hainbat ekimen burutu direla konponbidearen alde pausuak emateko. Bake gogo horri Madril eta Parisek emandako erantzuna, ordea, ez doa norabide beretik. Preso eta exiliatuen eskubide urraketak ugaritu dituzte, azken finean bakearen aurka darabilte kartzeletako politika eta epaitegietako jarduna.

Eta bakearen bidean jartzen zaizkigun harri horiei, igande goizaldean Bizkaibusen zortzi ibilgailuren aurka egindako erasoa gehitu zaio. Sarekideok uste dugu, zalantzarik gabe, espetxetan darabilten legez kanpoko jokabide mendekati eta ankerrari, jendarteak erantzun behar diola gogor, horrek dauka indarra. Izan ere, herritarrak, oro har, ez gaude prest, legea aplikatuz kalean izan beharko luketen presoak poliki poliki kartzelan hiltzen uzteko. Bestelako erantzunak soilik Gobernuen jarrerari egiten die mesede.

Azken egunotan argi esan dugu ez dugula espainiar epaitegietatik ezer onik espero, Barne sailaren estrategiaren menpe daudela epaileak, oro har. Gobernuaren irizpideei eusten dietela beti, jakinik onartzen dituzten ebazpenak, indarrean den legediaren edota arlo honetako Europar epaitegien ebazpenen aurkakoak direla. Beraz, soilik sare zabal bat ehunduta, gizartea aktibatuta eta agintarien aurrean jarrera sendo eta konprometitua erakutsita lortuko dugu bidean jartzen dizkiguten traba oro gainditu eta konponbidera heltzea. Soilik horrela lortuko dugu gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, sakabanaketa iraganeko kontua izatea ez orainekoa… Azken finean preso, iheslari eta deportatuei aplikatzen zaizkien salbuespen neurri eta arauak indargabetu nahi baditugu herritarren konpromiso eta erantzun zabala behar beharrezkoa izango dugu.

Autobusen aurkako erasoa salatzeko egin zaizkigun eskaeren aurrean adierazi nahi dugu, Sarek ez duela horrelakorik onartuko. Eta are gutxiago, presoen eskubideek egunero jasaten dituzten eraso eta urraketen aurrean jarrera horren epela duten horiengandik badator. Hobe lukete, begirada presoen eskubideak defenditzen ari garenongandik kendu eta benetan eskatuko baliote Gobernuari uzteko hainbat sufrimendu eragiteari.

Sarek betikoari eusten dio, eta gonbidapena luzatzen die herritarrei, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde osatzen ari garen sarea ehuntzen segi dezaten. Sare horri esker baztertuko ditugu bidean jartzen dizkiguten harri guztiak eta traba guztien gainetik aurrera egingo dugu. Merezi du, merezi dugu.