Larriki gaixorik dauden presoen egoera inhumanoa bukarazteko jendarte mobilizazioa beharrezkoa da

Mahaiean gauden bi lagunak Marilo Gorostiaga eta Mikel Mundiñano gara, eta SARE-Nafarroaren izenean hitz egingo dugu.

Gaixotasun larriak dituzten presoen egoeraren berri emateko eta beraien osasun arreta duina bermatua izan dadin prentsaurreko honetara deitu zaituztegu, datorren maiatzaren 13an giza kate bat antolatuko dugula jakinarazteko, Atarrabiako eta Marzelo Zelaietako etorbideak lotuko dituena. Guztira, 3500 metro elkartasun, 3500 metro salaketa irmo, 3500 ahalduntze metro giza eskubideen eta mendeku politikak bukatzearen alde.

SARE Herritarrak azken urteetan arreta berezia eskaini die gaixotasun larriak dituzten presoei. Kartzelan dauden euskal presoen kopurua gero eta txikiagoa den arren, larriki gaixo dauden presoen kopuruak gora egin du. Gaur egun 22 preso dira gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenak (minbiziak eta gaitz degeneratiboak).

Horietako hiru nafarrak edo Nafarroan erroak dituztenak dira:

  • Iñaki Etxeberria Martin: “Miopia magna” izeneko gaixotasuna du, baita bi begiak kaltetzen dizkioten beste gaixotasun batzuk ere; ikusmenari modu larrian eragiten diotenak. Itsu geratzeko arriskuan dago.
  • Josetxo Arizkuren Ruiz: Kardiopatia iskemiko larria dauka, bihotzekoa jotzeko edota “bular angina” izateko arriskuari aurre egin behar diolarik egunero.
  • Gorka Fraile Iturralde: Mingainean minbizia atera zaio, ebakuntza egin diote eta gaixotasunari aurre egiteko prozesuan dago.

SARE bezala, giza eskubideekiko hartu dugun konpromisoan eta herritar orori zor zaien eskubide eta askatasun demokratikoen defentsan berresten gara. Oinarrizko arau gisa aitortuak izan behar dira eskubide horiek guztiak; abagune politiko ororen gainetik egon behar direnak. Preso dauden pertsonak ere eskubideak dituzte, aitortu eta bermatu behar zaizkien eskubideen jabe dira.

Horregatik, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzea; hauen egoera gainera are larriagoa den zigor luzeak ordaintzen dituztenean, espetxeetan osasun arretak dituen gabeziengatik eta sakabanaketak suposatzen duen zigor gehituagatik; oinarrizko eskubideen urraketa larria suposatzen du, bai presoentzat zein beraien senide eta lagunentzat ere.

Oier Gomez gasteiztarraren gaur salatzen ari garen horren adibiderik argiena da, sekula ez zen Oierren egoera muturreraino eraman behar izan, askoz lehenago espetxetik atera behar zelarik. Herritar mobilizazioak soilik lortu du honek bizi zuen giza eskubideen urraketarekin amaitzea. Oierren kasuak jarraitu beharreko bidea erakusten digu. Oierren osasun eskubideak bermatzeko eta honek behar bezala zaindua egotearen alde, bere hurbilekoengatik lagunduta, lan egin duen herritar orori eskerrak eman nahi dizkiegu.

SARE herritarrak euskal gizarteari borrokan jarraitzeko beharra eta deia luzatu nahi dio. Asko dira askatasuna berehala berreskuratu beharko luketen gaixotasun larriak dituzten euskal presoak. Espainiar Gobernuak espetxe politika mendekuan oinarrituta, osasun arazo larriak sortzen ari dizkie oraindik ere preso dauden lagunei.

Egoera latz honen aurrean, Nafarroako gizartea sentsibilizatzeko asmoarekin eta berariaz, 22 pertsona hauen, bereziki Iñakiren, Josetxoren eta Gorkaren eskubideak aitortuak izan daitezen eta lehen bait lehen, zor zaien osasun arreta duina bermatzeko; SAREk, datorren maiatzaren 13an, eguerdiko 13etan, Atarrabiako eta Marzelo Zelaietako Etorbideak lotuko dituen giza katea burutuko du. Giza Sarea, Antsoaingo Enparantza berrian, ekitaldi batekin bukatuko da. 

Era berean, gogorarazi nahi dugu, datorren maiatzaren 6an, arratsaldeko 5.30etan, Gasteizen, manifestazioa burutuko dela, preso erien askatasuna aldarrikatzeko.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare