Jose Angel Otxoa de Eribe euskal presoaren heriotzaren aurrean (Uztailetik baldintzapeko askatasunean):

Jose Angel Otxoa de Eribe euskal presoa, igaro berri den uztailean askatu zuten baldintzapean gaixotasun larri bat zela eta. Gaur, hiru hilabeteren ostean, bere heriotzaren berri izan dugu.

Lehenik eta behin, gure elkartasun, maitasun eta doluminak helarazi nahi dizkiogu Jose Angelen sendiari. Horrekin batera, gogor salatu nahi dugu zigorrerako eta mendekurako espetxearen erabilera eta abusua; berekiko ardura zutenen humanitate falta nabarmenduz, zeinaren ondorioz, askatasuna bere egoera klinikoa guztiz limitean zegoenean baino ez zioten eman.

Jose Angel duela 19 urte espetxeratu zuten, 2000.urtean. 2015. urtean kantzerra diagnostikatu zioten. Bere zigorraren 3/4enak beteak zituela (2016.urtean) jakitun izanda ere, eta larriki gaixo egonda ere, Jose Angel espetxean mantentzea erabaki zuten, bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera bueltarik gabea bilakatu artean. Espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Jose Angelen bere gaitza etxean, baldintza duinetan, aukera guztiekin eta bere senide eta konfiantzazko medikuen babesarekin artatzeko eskubidea zuen.

Sare Herritarretik, espainiar Gobernuari, euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen den egoera honekin amaitzeko exijitzen diogu; horretarako, larriki gaixo diren presoak aske utziz, beste preso batek Jose Angeli gertatutako jasan ez dezan.

Gorrotoa eta mendekua albo batera utzi eta halako egoerek eskatzen duten humanitatea eta ardurarekin joka dezan eskatzen diogu. Gertaera berri honen aurrean, Sarek, larunbat honetarako, azaroak 2, manifestazioa deitu du arratsaldeko 17:00etan Gasteizen, Artium parean.

#GaixoLarriakEtxera