Oharrak

#Martxoak8 | Izan Bidea emakume presoak etxera

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginez eta martxoaren 8rako deituriko mobilizazio egunaren harira, Euskal Emakume Presoen egoeraren berri emateko deitu dugu gaurko mobilizazioa. Izan ere, emakume presoak izateagatik are bakartuago, are urrunduago aurkitzen dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez.

Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio. “Ez-leku” batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugile izatea. “Emakume onak” birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak “ber-hezteko” erabiltzen dituzte. Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak… kartzelan.

Emakumeek, zigor hirukoitza pairatzen dute preso egoteagatik:
• Zigor soziala: patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako.
• Zigor pertsonala: ”emakume txarra”-ren edota ama direnen kasuan “ama txarra”-ren epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari.
• Zigor penala: aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatuak ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena.

Honetaz gain, Euskal emakume presoak, zigor gehigarria dute; salbuespeneko espetxe politika. Honen ondorioz, eta emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoak urrunago eta bakartuago topatzen dira, honek dakarren guztiarekin.

Euskal Emakume Presoak Euskal Herritik bataz besteko 500km-tara daude eta jasaten duten urruntzeari, esan bezala, bakartze egoera ere gehitu beharra dago. Izan ere, 31 presotik 15 guztiz bakarrik daude haien kartzelan, kiderik gabe. Otsaileko datuak kontuan harturik, 31 emakume horitatik 5 Estatu frantsesean aurkitzen dira, 22 espainolean eta 4 bakarrik daude Euskal Herrian, horietatik 1 etxean preso dagoelarik.

Espetxeetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasari, isolamenduari, eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatean konponente sexistak gehitzen zaizkio, zigor morala eta estigmatizazioa edota mehatxu eta irainetatik hasi eta emakumeentzako egokituta ez dagoen osasun zerbitzu eta espazioetararte.

Emakumeon ahalduntzerako eta sistema patriarkalaren desegiterako batzen garen mobilizazio egun hauetan beraz, espetxeak ere landu beharreko eremu gisa ulertu behar ditugu.

Espetxe errealitate gordina behin betiko amaitzea jendarte osoari dagokigu, eta horretarako eta etxeratze prozesua garatu ahal izateko, bidea egiten jarraitu behar dugu. Eremu sozialean, politikoan, sindikalean, instituzionalean, eta KALEAN!!

IZAN BIDEA!! EMAKUME PRESOAK ETXERA!!!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


Nafarroako Parlamentuan onartuko den ebazpenaren inguruko balorazioa egingo dugu Etxeratekin batera

Sarek eta Etxeratek eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako Foru Komunitatean lortutako adostasun politiko eta sindikal zabalagatik, Nafarroako presoak, kasu honetan, Iruñeko espetxera hurbil ditzaten.

Nabarmendu nahi dugu atzo Nafarroako Parlamentuan lortutako akordio zabala, zeinaren arabera, Espainiako Gobernuari, hala eskatzen duten presoei, beren errotze sozial eta familiarreko lekuetatik gertu zigorrak bete ahal izatea errazteko eta zigorra Iruñeko espetxean bete dezaten plan bat egiteko eskatzen duen. Izan ere, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Nafarroaren eta Izquierda-Ezkerraren botoekin onartu dute ebazpena, eta ondoren sindikatu guztiek sinatu dute akordioa, hau da, CCOO, UGT, ELA, LAB, Steilas, esk, Solidari, Hiru, EHNE, CNT eta CGT sindikatuek.

Ebazpen garrantzitsu honek, zalantzarik gabe, legebiltzarrean proiektatzen den errealitate politiko baten argazkia islatzen du, eta horri Nafarroako eragile sindikalen erabateko konpromisoa gehitzen zaio. Honi salbuespenezko espetxe-politika behin betiko gaindi dadin Nafarroako gizartearen bultzada gehitzen zaio.

Era berean, Foro Sozialak akordio hau lortzeko egin duen lana eskertu nahi dugu. Sarek eta Etxeratek garrantzi handiko ekimen hau egiten den unearen garrantzia nabarmendu nahi du; izan ere, mobilizazio sozialak, ekimen sozial eta instituzional guztiek eta Nafarroan, EAEn, Ipar Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako estatuetan eta nazioartean egindako lanak, zalantzarik gabe, espetxe-salbuespenaren amaieran behin betiko bultzada ematen lagunduko dute.


>> Nafarroako Parlamentuak onartu duden ebazpena (Link)

>> 2020.01.22 Nafarroan erroldatutako presoen zerrenda (PDF)


Urtarrilaren 9an, Pirinioen bi aldeetan, mobilizatzeko deia egin dute Bake artisauak, Bake bideak eta SAREk

Euskal presoek mugaren bi aldeetan bizi duten eskubideen urraketa desagerraraztea.

Horrek elkartzen gaitu, iritzi publikoari helarazteko bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde lan egiten jarraitzeko, guztiok batera, dugun konpromisoa.

Horregatik, aurten ere, Pirinioen bi aldeetan, euskal herritarrak berriro elkartuko dira helburu horiek aldarrikatzeko. Urtarrilaren 9an izango da, 17:30ean.

Onartu behar dugu azken hilabeteetan inguruabar itxaropentsuak ikusi eta bizi izan ditugula, Espainian zerbait mugitzen ari baita presoak hurbilago dauden espetxeetara aldatuta, hurbilketa mugatuak badira ere.

Frantziarekin, blokeo inportante baten aurrean topo egin dugu azken urte honetan. Gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta borondateari uko eginez, iraganari kateatuz, bide juridikoak deuseztatzeko apustua egin zuen fiskaltzak.

Fase mobilizatzaile berri baten beharra, partekatu eta gauzatzeko apustua egitera eraman gintuen Ipar Euskal Herrian. Erabat ilundua zegoen tunelari, argitasuna emateko.

Xistor Haramboure-en baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea itxaropen-izpi batekin bukatzen da. Argi hauskorra, baina etorkizun handikoa egin nahi duguna…

Hegoaldean, hurbilketak izan ditugu ia astero, baina salatu behar dugu gehienak ez direla izan Euskal Herriko espetxeetara eta oraindik ere etxetik ehunka kilometrora daudela.

Beraz, ez gaude urruntze-politikaren amaieran. Familia batzuen egoera arindu da, kilometro gutxiago egin behar baitituzte senide presoa bisitatzeko, baina ezin dugu normalizatutzat jo normalizatuta ez dagoen egoera.

Urruntze-politikaren amaiera egitate bat izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean.

Haien eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu etxerako bidea hasteko aukera mugatzen ez zaienean, eta, horretarako, gradu-progresioa aplikatu behar zaie.

Eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzen dituztenean. Eta adinekoak aske uzten dituztenean.

Baina, zoritxarrez, errealitate hori urrun dago oraindik.

Mobilizatzen jarraitu behar dugu. Ozen eskatu behar dugu egoera hau aldatzeko. Izan ere:

-107 preso lehen graduan daude oraindik, hau da: %57
– 70 preso bigarren graduan : %37
– Eta 9 preso baino ez hirugarren graduan: %6

Halaber, pandemiaren ondorioz, azken 9 hilabete hauetan, 80 neska-mutikok baino gehiagok ez dute aukera izan preso dauden ama, aita edo biak besarkatzeko. Eta bidaiatzeko aukera izan badute, 1.000 kilometrotik gora egin behar izan dituzte.

Normalizazioa berandutzen ari da. Urte asko dira euskal presoei salbuespen-erregimena aplikatzen zaiela.

Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu epe hauek gehiago ez luzatzeko. Haien legedia aplikatzeko eta gizatasunez jokatzeko.

Eta politikan, epaitegietan eta komunikabideetan dihardutenei eskatzen diegu ez dezatela erabili indarkeria gaur egun errealitate balitz bezala.

Bakea, normalizazioa eta konponbidea lortzeko oztopo nagusienak iraganean bizi den eta edozein legezkotasun-printzipio bere komenientziaren arabera urratzen duen bloke atzerakoi horrek sortzen ditu.

Osoki mobilizaturik eta erne egon arren, blokeo politikoak etapa berri bati emango diola tokia sinetsi nahi dugu eta gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzeko aurrera eginen dela.

Borroka armatuaren bukaera eta hamar urtera, ETA desarmatu eta desegin ondoren, Euskal Herriak ezagutu dituen aurrera pausu atzeraezinak ezagutu eta baliozkotzeko garaia da… Bada garaia gizarte anitza eta konprometitua kontuan hartzeko, bilakaera horren berme delako…

Elkar bizitzarako bidean, zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta bateraezinagoa da presondegiaren nozioa bera bakerako bidearekin. Baldintzapeko askatasunekin eta asmatu beharreko beste mekanismo batzuekin, lehenbailehen, presoen auzia behin betiko konpontzera jo beharko da.

Hori guztia dela eta. Bakea aldarrikatzeko. Bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzeko, kalera aterako gara Hego eta Ipar Euskal Herrian, urtarrilaren 9an, 17:30ean.

????? ????? ???? ???? «? €=???» ?????????? #Urtarrilak9 ???????? ???? ?????! http://sare.eus/2euro2m2/


OHARRA: Josetxo Arizkuren

Ohar honen bitartez, Sare Herritarrak Josetxo Arizkurenek izan berri duen osasun arazo larria salatu nahi du. Josetxok aspalditik dauka diagnostikatua kardiopatia iskemiko larri bat. Denbora luze darama gaixotasun larri honi baldintza gogorretan aurre egiten, urrundua Murtziako espetxean eta zigorraren hasieratik lehen graduan. Duela gutxi jakin berri genuen Logroñora lekualdatua izango zela eta bigarren gradura igaroko zutela.

Atzo ikusi ahal izan genuen moduan, berandu iritsi da aldaketa hori. Berandu dator eta gainera ez da nahikoa! Josetxok, gaixotasun larria duen presoa izanik, duela denbora behar lukeelako zigorra etxean betetzen, artatze egoki bat jaso eta gertatutako ekidingo zuen eremu babestu eta lasaiean biziz. Horrez gain, atzotik bere egoeraren inguruan jasotako informazioa nahasgarria eta urria dela ere salatu nahi dugu. Atzo bihotzeko baten amagoa izan zuela jakin genuen, gaur aldiz, bihotzekoa izan zela esan dute (are larriagoa) eta ospitalizatua dagoela. Ez dugu beraz bere osasun egoeraren inguruko informazio garbia jaso, horrek senitartekoentzat dakartzan kezka eta beldurrak areagotuz. Guzti honi, urrundua izatearen eta ondorioz senide, konfiantzazko medikuen zaintzarik gabe egotea gehitzen zaio.

Josetxok zuen afekzioarekin, gertatutakoa edozein momentutan eman zitekeela jakitun ziren espetxe arduradunak, eta hala ere, lehen graduan, urrundua eta legearen arabera eskubide duen askatasun eta zaintza egokirik gabe mantendu dute, beste behin ere, egoerak okerrera egin arte. Josetxok ezin da minutu bat gehiago pasa bere gertukoen eta konfiantzazko mediku baten artatzerik gabe. Josetxok etxean egon behar du.

Josetxo bezala, beste 17 preso daude gaixotasun larriekin kartzeletan. Azken hilabeteetan larriki gaixo ziren hainbat presorekin egin moduan, Josetxo eta beste 17 presoak etxera ekartzea beharrezkoa da, eta legearen barruan guztiz egingarria gainera, beraz, ez dago espetxean mantentzeko inolako arrazoi ez eta aitzakiarik. Berandu baino lehen Gaixo larriak ETXERA.

Guzti hau salatzeko, gaur, azaroak 30, arratsaldeko 20:00etan Iruñean elkarretaratzea deitu dugu, Merindades plazan.


OHARRA: Oier Oaren atxiloketa

  • Atzo Oier Oa preso ohia atxilotu zuten Iparraldean. Atxiloketa hau aurrez ere arrazoi berdinen baitan eman diren beste atxilokata batzuei batzen zaie.

Atxiloketa hauek "Fijait" fitxategiak direla eta ematen ari dira, hau da, Frantziako lurralde administratiboan bizitzeko debekua dutela eta, nahiz eta Justizia Auzitegiek ezarritako zigorra osorik betea izan.

Gogorarazi nahi dugu fitxategi hori Frantziako Gobernuak sortu zuela indarkeria islamistaren aurka, eta bide batez, ETArekin zerikusia izateagatik espetxeratutako euskal herritarrak ere bertan sartu zituztela. Euskal herritar horiek behin baino gehiagotan eskatu dute Iparraldean bizi ahal izateko baimena, eta sistematikoki ukatu zaie.

Saretik salatu nahi dugu fitxategi honek gero eta euskal herritar gehiagori eragiten diela, beren eskubideak murriztuz, Frantziako Justizia-Auzitegiek ezarritako zigorra osorik betea izanda ere.

Atxiloketa honek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea urratzen du.

 


Oharra Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den presoak Covid-19an positibo eman duela eta:

Jakin ahal izan dugunez, Ibon Fernadez Iradi, larriki gaixo dagoen euskal presoak Covid 19an positibo eman du eta hainbat sintoma izaten ari da. Hori dela eta bere zeldan isolatu dute. Egoera honen aurrean, Sarek ere, bere kezka adierazi nahi du, bai Ibonen egoera dela eta, baita gainontzeko Lannemezaneko presoek kutsatzeko izan dezaketen arriskua dela eta.

Ibon Fernandez Iradik gaixotasun larria duen arren, oraindik ere preso jarraitzen du, Pariseko kondenen kudeaketa auzitegiak iaz bere kondenaren suspentsioa onartu arren, fiskaltzaren eta Pariseko Dei Gorteen ezezkoaren aurrean, espetxean mantendu dutelarik. Covid egoera hasi zenetik, behin eta berriro adierazi dugun kezka errealitate bilakatu da. Hasieratik eskatu dugu larriki gaixo diren presoak etxera ekarri behar zirela, jada espetxean egote hutsak euren biziarekiko duen arriskuari, covid19a gehitu baitzaio. Ibonen kasuan ordea, muzin egin zaio errealitate honi.

Ibon Fernadez Iradik pairatzen duen egoera, ekidin zitekeen beraz. Bai fiskaltzak eta baita Frantziako gobernuak hartutako jarreraren ondorio zuzena da. Izan ere, krisi sanitarioaren aurrean euskal presoak espetxeetarako ezarritako neurrietatik kanpo utzi izanaren ondorio da Ibon kutsatu izana. Are larriagoa, gaixo izanik.

Ibon eta larriki gaixorik diren euskal presoak etxean izan behar lukete, bai frantziar estatuan, baita espainiarrean ere. Arrisku taldeko pertsonak dira, eta espetxean mantentzeak euren biziarekin jokatzea baino ez dakar.

Egoera hau salatu eta Ibon eta larriki gaixo diren gainontzeko presoen etxeratzea eskatzeko kontzentrazioa deitu dugu bihar Lasarte-Orian (Ibonen herria) arratsaldeko 19.00etan, Okendo plazan.


Ohar labur honen bitartez jakitera eman nahi dugu larunbat honetan Donostian egingo dugun Mosaikoan parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen ordezkaritza.

Sare Herritarretik larunbat honetan asistentzia anitza batuko dela iragarri nahi dugu, euskal jendartearen eta gehiengo politiko eta sindikalaren ordezkaritza zabala ordezkatzen duena: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, ELA, LAB, UGT, STEILAS, ESK, EHNE eta Etxalde. Positiboki baloratzen dugu eginiko gonbidapenen aurrean jaso dugun erantzuna, benetako konponbidea eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bati begira aurrera urrats gisa kokatzen baitugu.


OHARRA Asier Aginako preso ohiaren heriotzaren aurrean

Asier Aginako euskal preso ohia 2018ko abenduan detektatutako gaixotasun larri baten ondorioz hil da.

Bere askatasuna 2019ko urtarrilean lortu zen. Horri esker, denbora gutxiz izan bada ere, Aitziber, bikotekideaz eta bien semeaz gozatu ahal izan du aske egon den tartean.

Zorigaiztoko amaiera honek, Sare Herritarrak edo beste elkarte edo alderdi batzuek gaixotasun larriak dituzten presoen egoera salatzen dutenean egiten diren eskariak kontuan hartzeko balio beharko luke. Gaitz larrien aurrean behar bezalako balorazioa egin eta erabakiak denborarik galdu gabe hartu daitezen balio behar du, preso horiek espetxean heriotzerarte egon ez daitezen edota gaitza eboluzionatzen utzi eta jada atzerabueltarik ez duenean soilik aske gera ez daitezen. Finean, gaixotasun larriak dituzten presoak, gaitza diagnostikatzearekin batera askatasuna berreskuratu behar dute, gaitza modu egokian artatu, senide eta lagunen babesean eta konfiantzazko medikuen jarraipena jasoz, gaitza garaitu edota, atzerabueltarik ez duen kasuetan, duten denbora etxekoekin igaro ahal izateko.

Hausnarketa hori Espainiako Gobernuari helarazten diogu, eta irmotasunez salatzen jarraituko dugu preso horiek bizi duten egoera ankerra, salbuespeneko espetxe politikaren ondorio dena, bai eta haien familientzat suposatzen duen kezka eta sufrimendua ere, gaixotasun-egoera horri urruntze-politika ere gehitzen baitzaio.

Aldarri hau presente izango dugu larunbat honetan ere Donostian egingo dugun Mosaikoan.

Familiari, kasu honetan gure babesa, elkartasuna eta maitasuna helarazten diogu.

Bereziki Aiziber bikotekideari eta haien semeari.


GAURKO ATXILOKETEN AURREAN IRAKURKETA:

GAURKO ATXILOKETEN AURREAN IRAKURKETA:

Gaur hemen batzen gaituena, iraganera lotutako gertakaria da, sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duen gertakaria. Gaur goizean Guardia Zibilak Ekhine Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio atxilotu ditu, inongo azalpen ez eta zitaziorik gabe, zer dela eta eraman dituzten azaldu gabe.

Ekhine eta Kepak ETAko kide izanagatik zigorra betea zuten Frantziako espetxeetan eta Imanol 2017an itzuli zen Abadiñora, zazpi urte erbesteratua egon ostean. Hiruak, duela hamar urte baino gehiago dituen Zulo baten harira atxilotu dituzte, lehen biei “helburu terroristekin lehergaiak izatea” akusatuz eta Imanoli, horrez gain, ETAko kide izatea ere leporatzen diote.

Gaurko atxiloketak onartezinak dira. Egoera honekin amaitzeko garaia da, konponbide garaia da, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa. Bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia da gaurkoa. Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du eta azken urteetan euskal jendarteak, hala nola, euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa.

Ulertezina zaigu, herri gisa aurrera urratsak ematen ari garen honetan, gehiengoaren nahia urteetako sufrimendu eta minak gainditu eta aurrera egitea denean, oraindik ere, atzera begira eta gorrotoak eta mendekuak bultzatuta mugitzen den gobernu baten jarrera. Nori egiten dio mesede min honek? Aski da! Nahikoa da! Ekhine, Kepa eta Imanol askatu!

Saretik, egoera hau gogor salatzen dugu eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi nahi dugu; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Argi diogu, euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta muturreraino eraman artean lanean jarraituko dugula. Horregatik, gaurkoan ere, guztiok bide horren parte izatera gonbidatu nahi zaituztegu; izan gaitezen bidea, Ekhine, Kepa, Imanol eta injustizia honen jomugan dauden guztien etxerako bidea eta herri honen bakerako eta elkarbizitzarako bidea.

Ekhine, Kepa eta Imanol etxera! Konponbide garaia da!

Sarek gaur bertan Zarautz, Arrasate eta Abadiñon mobilizazioak antolatu ditu arratsaldeko 19.30etan. Gertakarien eboluzioaren arabera mobilizazio gehiago iragarri daitezke.


Oharra Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren aurrean:

Sarek Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatzen du. Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu du Sarek aspalditik.

Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte.

Igorrek, beste preso askoren kasuan bezala, sistema anker baten ondorioz bizia galdu du, aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz. Horrek gogoeta eginarazi behar die erakunde eta alderdi guztiei.

Igorrek, eskubide urraketa ugari jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske egon zen eta bizirik.

Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea.

Horregatik, igande honetan, irailaren 6an, herritar guztiei dei egiten diegu Bilbon 12:00etan egingo den manifestazioan parte hartzera.