Oharra Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den presoak Covid-19an positibo eman duela eta:

Jakin ahal izan dugunez, Ibon Fernadez Iradi, larriki gaixo dagoen euskal presoak Covid 19an positibo eman du eta hainbat sintoma izaten ari da. Hori dela eta bere zeldan isolatu dute. Egoera honen aurrean, Sarek ere, bere kezka adierazi nahi du, bai Ibonen egoera dela eta, baita gainontzeko Lannemezaneko presoek kutsatzeko izan dezaketen arriskua dela eta.

Ibon Fernandez Iradik gaixotasun larria duen arren, oraindik ere preso jarraitzen du, Pariseko kondenen kudeaketa auzitegiak iaz bere kondenaren suspentsioa onartu arren, fiskaltzaren eta Pariseko Dei Gorteen ezezkoaren aurrean, espetxean mantendu dutelarik. Covid egoera hasi zenetik, behin eta berriro adierazi dugun kezka errealitate bilakatu da. Hasieratik eskatu dugu larriki gaixo diren presoak etxera ekarri behar zirela, jada espetxean egote hutsak euren biziarekiko duen arriskuari, covid19a gehitu baitzaio. Ibonen kasuan ordea, muzin egin zaio errealitate honi.

Ibon Fernadez Iradik pairatzen duen egoera, ekidin zitekeen beraz. Bai fiskaltzak eta baita Frantziako gobernuak hartutako jarreraren ondorio zuzena da. Izan ere, krisi sanitarioaren aurrean euskal presoak espetxeetarako ezarritako neurrietatik kanpo utzi izanaren ondorio da Ibon kutsatu izana. Are larriagoa, gaixo izanik.

Ibon eta larriki gaixorik diren euskal presoak etxean izan behar lukete, bai frantziar estatuan, baita espainiarrean ere. Arrisku taldeko pertsonak dira, eta espetxean mantentzeak euren biziarekin jokatzea baino ez dakar.

Egoera hau salatu eta Ibon eta larriki gaixo diren gainontzeko presoen etxeratzea eskatzeko kontzentrazioa deitu dugu bihar Lasarte-Orian (Ibonen herria) arratsaldeko 19.00etan, Okendo plazan.