Kepa del Hoyo Galdakaoko presoa Badajozko kartzelan hil zen atzo, ustez bihotzekoak jota, etxetik 700 kilometrotara zegoela.

20 urte zeramatzan kartzelan galdakaoztarrak, senide eta lagunengandik urrun beti. Kartzelak berak egunerokoan eragiten duen sufrimenduari, ehundaka kilometrotako urrunketak suposatzen duen eskubide urraketa gehitu behar diogu. Horrez gain, 2002an espetxeko funtzionario batek erasotu zuela salatu zuen Del Hoyok berak.

Saminezko une hauetan Sare Herritarraren izenean gure elkartasun, babes eta maitasun guztia bidali nahi diegu senitarteko eta lagunei.

Bestetik, besarkada estu-estu bat bidali nahi genioke bere seme Peruri ere. Motxiladun umea izan da Peru bere bizitza guztian zehar, urrun zegoen aita ikusi ahal izateko milaka eta milaka kilometro egitera beharturik, kartzelaz kartzela bidaia luzeak eginez, beti 700 kilometro baino gehiagora zegoen aitarekin tarte batez egon ahal izateko. Une honetan bereziki, bere egoera berean dauden haur eta gazte guztiak oroitu nahi ditugu, aita edo amaren alboan hezteko eskubidea urraturik duten motxiladun haur horiek guztiak.

Aldi berean, gogoan ditugu larriki gaixorik egonda kartzelan jarraitzen duten presoak. Medikuntzako profesional askok baieztatu duten moduan, kartzelak kalte nabarmena eragiten du presoaren osasun egoeran. Larriki gaixorik dauden presoek etxean egon behar dute, euren gaixotasuna ahalik eta modu egokienean tratatu ahal izateko.

Beste behin ere, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela mendekuzko kartzela politika honekin behingoz amaitzea. Presoaren ingurukoek zuzenean pairatzen duten eskubide urraketa larria da urrunketa, izugarrizko sufrimendua eragiten duena. Aita, anaia edo laguna espetxean hil dela jakitean, kotxea hartu eta 700 km egin behar izatea da urrunketa.

Benetako Bake eta Konponbidea lortu nahi badugu salbuespenezko politika eta Giza Eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitu beharra dago. Eta horretarako, Sarek beste behin ere dei egiten dio gizarte zibilari; bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri izan dadin, euskal presoen eskubideen alde lanean jarrai dezan.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare