Oihana Mujika, Sare:

Duela hilabete edo Sarek emandako agerraldian euskal presoen seme-alaben gaia argitara atera nahi genuela esan genuen. Egun Euskal Herrian 18 urte arteko 113 haur eta nerabek zutela aita, ama edo biak espetxean jakinarazi genuen. Motxiladun ume horiek komunikabidetan, parlamentutan…hitz egiten ez zutenez Sarek haur-nerabe horien ahotsa izateko konpromisoa hartu zuen.

Espetxe sistema gizagabeak Kepa Del Hoyo presoa hil ondoren gaur beste agerraldi bat egiteko beharra sentitu dugu. Izan ere, Keparen semea Peru bere bizitza osoan motxiladun umea izan baita. Hilabete terdi zituen aita atxilotu zutenean eta orduz geroztik motxila bizkarrean hartuta Espainiako hamaika kartzelatan zehar milaka eta milaka km egin behar izan ditu. Berak duela urtebete esandako hitzak dira: “Badajoza egin ditudan km guztiekin hogei aldiz baino gehiago emango nioke buelta munduari”.

Gaur seme-alaba gazte hauei hitza eman nahi diegu, beraiek baino hobeto ez duelako inork azalduko bizi dutena.

Olatz Iglesias
Hemen bildu garenak aita, ama espetxean ditugu. Hasteko, gure babes, maitasun eta elkartasun guztia adierazi nahi diogu Peruri. Peru ez zaude bakarrik , gu eta euskal gizartearen gehiengoa zurekin gaude.Gutako edonor izan zitekeen Peru, edo izan daiteke hemendik gutxira ere, egungo egoera aldatzen ez bada. Peruren aita ez baita besterik gabe hil, Peruren aita Espetxe sistema gizagabe honek hil du.

Guri, hemen gauden gazteoi eta gure egoera berean dauden askori haurtzaroa lapurtu digute. Jolasten, korrika, parkean egon beharrean ordu luzez autobus, kotxe, furgonetetako aulkiari lotuta pasa ditugu asteburu asko. Ezin izan dugu lagunekin batera kirol partidetan parte hartu asteburutan; edo lagunen urtebetetze festak ospatu bisitak egiteko asteburu osoa etxetik kanpo pasa behar izan dugulako. Peruk aita espetxean egon den 20 urte hauetan 19 egunez bakarrik izan du orotara aitarekin egoteko aukera. Aita eta ama ondoan behar izan ditugu, eta eskubide hori ukatu zaigu.

Umezurtz utzi nahi gaituzte! Peruk guk bezala aita etxean izatearekin egiten zuen amets, espetxe sistema honek amets hori betirako ezabatu du.

Gazteoi askotan esaten zaigu etorkizuna garela, baina etorkizuna ez ezik oraina ere bagara eta hau da gu orain bizitzen ari garena. Noiz arte? Zergatik?

Gaur egun motxiladun umeak diren 2-3-4… 16 urteko 113 haur- nerabe daude Euskal Herrian eta ez dugu guk bizitutakoa eurek ere bizitzerik nahi. Ez dugu ume horiei haurtzaroa lapurtzerik nahi! Ez dugu ume horiek umezurtz geratzerik nahi! Gurasoak ORAIN eta BIZIRIK behar dituzte, ditugu etxean, ez hemendik 20-30-40 urtetara.

Zergatik heriotz hau? Zertarako? Norbaiti egiten al dio mesede? Norbaiti egiten al dio mesede gure gurasoak egoera honetan izateak? Ez dugu ulerten.

Peru Del Hoyo Sánchez:

Aste bat pasa bada ere, nire aitari buruz hitz egitean orainaldia irteten zait, baina, zorionez edo zoritxarrez, bizitza honetan sufritzea ohitura bilakatu da, eta lagun, familia eta ezagunen (baita ezegagunena ere) animo eta beroarekin, aurrera jarraitzeko indarra elkartzea lortu dut.

Harira bueltatuz, Olatzek aipatu duen bezala, infantzia lapurtu, eta aita kalera irtetearen ametsak hil dizkigute. Nahiz eta gu inozenteak garen, gurasoei aplikatutako kondena, guri ere, ezarri digute.

Nola da posible, halako injustizia, herrialde “zibilizatu” batean, normaltasun osoz mantentzea?

Nola da posible, 19 urtez injustizia hau sufritu ondoren, aitagaz egoteko aukera eta ilusioa golpe batez akabatzea?

De donde viene la palabra justicia, si desde mi nacimiento, mi vida ha sido injusta?

Bizitza tristea tokatu zaigu, baina gure irribarrea ez digute inoiz kenduko, aste honetan zehar, Arkaitz Bellonen gurasoek esandako esaldi polit bat izan dut buruan bueltaka, gure baldintza antzekotan daudenekin konpartitu nahi dudana:

“Triste zauden unean, gehiago ezin duzula pentsatzean, pentsatu berak zer egingo lukeen… Aurrera segi!”

Honekin utziko dut gaurkoz, idazteko indarrak ere bahitu baitizkidate-eta, gogoak ditudan arren.

Eskermila aukera hau emateagatik.

Oihana Mujika, Sare
Gazte hauen bizipenak entzunda, beste behin ere Sarek benetako bake eta konponbidea lortu nahi badugu salbuespenezko politika eta Giza Eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitu beharra dagoela adierazi nahi du.

Horretarako, Madril eta Parisen jarrera aldatu beharra dago eta euskal jendarteari dei egiten diogu aktibo izateko, egoera hauek inork berriro bizi ez ditzan, presoen irtenbidean parte aktibo izan behar dugu herritar guztiok. Behin eta berriz erakutsi behar dugu, hemen errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat eraiki nahi dugula, gorrotoan heziko ez den jendarte bat eraiki nahi dugula eta horretarako presoei euren eskubideak errespetatu behar zaizkie eta konponbidearen norabidean pausuak eman behar dira.

Prest gaude! Prest gaude irtenbide baterako, prest jendarte berri bat eraikitzeko eta prest presoak 0km-tara izateko.

Gaur agerraldian egon diren nerabe-gazteak:

Olatz Igerategi
Malen eta Enaitz Arronategi
Aide eta Nahia Ercilla
Adur eta Hize Goieaskoetxea
Eguzki Azkarate
Maddi Kintana Morcillo
Xochitl Karasatorre
Garazi Barandalla
Ibai Manterola
Beñat Larramendi
Amaiur Zugadi
Hodeiertz Urain
Eztizen Artola

Agerraldira agertu ezin duten baina irakurriko den testuarekin bat egiten duten nerabe-gazteak:

Iker Lerin Bartoli
Arkaitz Lerin Bartoli
Ekhi Aranburu Redondo
Amaiur Iragi Viso
Iker Narvaez Alberdi
Anuk Narvaez Alberdi
Elaia San Pedro Gisasola
Garazi Alegria Goienetxea
Iraitz Apeztegia Arrondo
Garazi Otaño Sarasola
Hodei Otaño Sarasola
Haitz Gorostidi Otegi
Inhar Gorostidi Otegi
Aitzol Gil de San Vicente Pla
Txomin Arkauz Hiriart
Oihana Parot Arrazubi
Izar Parot Arrazubi
Araitz Igerategi Lizarralde
Unai Arkauz Hiriart

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare