Bilboko konpartsak ere dispertsioaren aurka

SARE sentsibilitate ezberdinetako jendeak osatutako sare herritarra da. Konbentzituta gaude pertsona guztiok eskubide guztiak bermatuta izatearen beharraz, eta gu batzen gaituen, gu saretzen gaituen helburua euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana da.

Oraingo honetan, Bilboko Konpartsekin harremanetan jarri gara, jendartearen parte aktibo eta garrantzitsu diren heinean, hausnarketa bat partekatzeko eta Konpartsei dispertsioaren aurkako babesa eta konpromisoa eskatzeko, beharrezkotzat jotzen ez dugun sufrimendu honekin bukatzeko.
Konpartsen ordezkariei hitza eman aurretik, SAREren izenean zera esan nahiko genuke: Konpartsei haien sentsibilitatea eskertu nahi dizuegu, harrera egiteagatik eta gu entzuteagatik, eta hartu duzuen erabakia txalotu nahi genuke.

Konpatseen irakurketa:

Egun on, SARE-BIZKAIAren ekimenera atxikitzen garen Bilboko Konpartsak adosturiko oharra irakurriko dugu:

Dispertsioak jendarte osoari eragiten dio, eta, ondorioz, baita Konpartsei ere. Urruntzeak senide eta lagunak urtero batezbeste 63.599 km egitera behartzen gaitu, urtero 19.653 €-ko batezbesteko gastua. Zigor honek hainbat umeri eta helduak diren gurasoei ere ragiten die, eta haietako batzuek urteak daramatzate euren seme edota alaba ikusi gabe. Konpartsetako bazkideok ere, ezin ihes egin diezaiokegu errealitatea honeri.

Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, bidaia luzeek 300 istripu baino gehiago, 16 hildako eta hamarnaka zauritu eragin dituzte Politika penitentziario hau urrun dago legeak jasotzen dituen bermeetatik. Nazioarteko ebazpen eta erreferentzia ugari dago politika honen kontra, haien artean daude Amnesty International, Human Rights Watch eta Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziarena.

Nahiz eta gure jardunaren parterik handiena Bilboko Jaiekin lotzen den, Konpartsok ongi ezagutzen ditugu sufrimendua eta egunerokotasunean bizi beharreko injustizia guztiak.

Orain, Konpartsok ere pauso bat eman dugu giza eskubideen errespetuan oinarritutako jendarte baten eraikuntzan. Premiazkoa eta ezinbestekoa da dispertsioarekin bukatzea; horretarako egiten diren ekimen hauekin bat egiten dugu, gure hondar alea jarriko dugu.

Gure konpartseroak konpartsan bueltan nahi ditugu eta hauek bisitatzera doazen konpartseroen bizitza arriskuan ez jartzea nahi dugu. Dispertsioarekin amaitzea lortu behar dugu. Denon artean lor dezakegu. Merezi du.