Herriak

ELKARBIZITZA ETA BAKEAREN BIDEAN…LIZARRALDEAK PRESOAK ETXERA

Jarraian idazki hau sinatzen dugun pertsonok, elkarbizitzaren zein normalizazio politikoaren bidean gure aportazio txikia egin nahi dugu. Lizarraldean sorturiko iniziatiba honek, beste hamaika herrietan ematen diren helburu berdineko iniziatibekin batera, gure jendartearen gehiengoaren sentimenduarekin bat egiten duela uste dugu.

Jendarte honek, aurrerapausoak ematen jarraitzen duela uste dugu oinarrizko printzipio demokratikoen garapenean zein oinarrizko giza eskubideen errespetuan ere. Hala ere, egungo espetxe politikari dagokion legedian, interpretazio zein aplikazio aldaketak eman behar direla ikusten dugu, beti ere elkarbizitza zein normalizazio politikorako aurrerapausoak suposatuko dituztenak. Zehazki, iraganari dagokion salbuespen
neurrien bukaera beharrezkoa da; sufrimendu zein min izugarrien adierazpenen desagerpena biziki zailtzen duelako.

Dispertsioan oinarritutako espetxe politikak ondorio latzak ekartzen ditu giza zein gizarte alorrean. Batez ere, preso diren pertsonen zein haien famili eta adiskideengan, pertsonengan.

Erauzte sozial eta familiarra, isolamenduak sortzen dituen osasun ondorioak, distantziak eragiten dituen desplazamenduek dakarten arriskua, bai zein dispertsioak familiei suposatzen dizkien koste ekonomikoak ez datoz bat zuzenbide estatu batek bermatu behar dituen giza eskubideen babesarekin, gutxiago ere egungo jendartean bizi dugun errealitatearekin, ezberdina dena politika hauek ezarri ziren garaiekin alderatuta.

Horrela, bi estatuetako instituzio zein arduradun politikoak interpelatu nahi ditugu, ahalik eta azkarren, hurrengo neurriak har ditzaten:
1. Isolamendu, urruntze eta dispertsioari bukaera ematea, preso diren pertsonekiko zein haien familiarrekiko oinarrizko eskubideen urraketa suposatzen dielako.
2. Salbuespen neurriekin bukatzea, ulertzen dugulako preso diren pertsonek haien ibilbide legal propioa egiteko oztopo nagusia direla.
3. Egungo legediaren aplikazioan, baldintzapeko askatasuna ezartzea gaixotasun larriak dituzten pertsona preso guztiei.
4. Baldintzapeko askatasuna aplikatzea haien zigorren hiru laurdenak bete dituzten pertsona preso guztiei.
5. Europar zuzenbide penalaren ildo orokorrarekin bat eginez, izkutuko bizi osoko zigorrekin bukatzea.

Bukatzeko, aurretik aipatzen diren aldarrikapenak publikoki defendatzeko konpromezua hartzen dugu, bai zein urtarrilaren 9an Estella-Lizarran eta Lodosan ospatuko diren mobilizazio ezberdinetan parte-hartzeko asmoa, “Elkarbizitza eta bakearen bidean…Lizarraldeak, presoak etxera” lelopean.


Eibarren Untzaga plazan. BIDEA GARA lelopean, elkartzera gonbidatzen zaituztegu eibartar guztiak

Azken urteetan urtarrilean Bilbon antolatu den mobilizazioa bereziki garrantzitsua eta apartekoa da; bertan, 100.000 pertsona inguru batzen gara preso eta iheslarien auziari aterabidea
aldarrikatu eta elkarbizitzaren eta bakearen alde urratsak emateko.

Aurtengo egoera ezohikoa dela eta, urtarrilaren 9an ezingo gara Bilbon elkartu. Horren ordez, Bilbon urtez urte batu garenak gure herri eta auzoetan elkartuko gara.

Urte garrantzitsu baten aurrean gaudela uste dugu. Salbuespen legediaren amaieraren aldeko gehiengo politiko, sindikal, instituzional eta sozialari, espetxe politikan Espainian zein Frantzian ematen ari diren aldaketak gehitu zaizkio.

Oso positiboki baloratzen ditugu mugimendu gutxi horiek, baina, aldi berean, adierazi nahi dugu mugitutako preso horietako gehienak ehunka km-ra daudela oraindik; 18 presok espetxean
jarraitzen dutela gaixotasun larriak izan arren; eta Espainiako espetxeetan dauden 172 presoetatik 127 lehenengo graduan daude oraindik ere, eta beraz, aske izateko helburuarekin Euskal
Presoek bete nahi duten ibilbide juridikoa blokeatuta dago kasu gehienetan.

Oraindik aurretik bide luzea izan arren, emandako urratsak aintzat hartuta, Euskal Herritik bide honi bultzada egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Hori hala, benetan garrantzitsua
dela deritzogu urtarrilaren 9an Bilbon egin ohi dugun moduan elkartzea.

Horregaitik, urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:30etan, Eibarren Untzaga plazan. BIDEA GARA lelopean, elkartzera gonbidatzen zaituztegu eibartar guztiak.

Ez da ohiko mobilizazioa bat izango, Jaialdi-Ekitaldi bat baizik, eta aurrerago emango dizuegu programaren berri.

ETXERAKO – ELKARBIZITZARAKO BAKERAKO
BIDEA GARA
SARE Eibar


SARE Nafarroaren oharra Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu ondoren

Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita.
Gogor kritikatzen dugu gaurko erabakia, are gehiago; Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita neurriz kanpokoa eta ulertezina dela azpimarratu nahi dugu.
Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Gaurko erabakia salatu eta Mikel Barrios lehenbailehen aske uzteko eskatuko du Arrosadiako Sarek irailaren 4tik 6ra antolatutako bizikleta martxak. Goizeko 8.30ean hasiko da Iturgoienen, eta Alduden bukatuko da lehen etapa afari batekin. Bigarren etapa Aldudetik Lahontanera izango da eta Itsasun, azken urteetan Mikel Barrios bizi izan den tokian, egingo da bazkaria. Azkenik, Mont de Marsan presondegiraino helduko da martxa, eta ondoren Elkartasun Eguna ospatuko dute Itsasun.

Ohar honen bidez, ekimenean izena eman eta bizikleta martxan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei. onartezinatxikitorena@gmail.com

Mikel Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. 2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua.


#IzanBidea #MikelEtxera! Konponbide garaia da! Lelopean datorren larunbatean manifestazioa antolatu du Sarek Mikel Barrios auzokidearen espetxeratzea salatzeko.

Berriz ere kartzela, berriz ere herritar bat espetxera eta berriz ere sufrimendua gure auzora. Bost urteko espetxe zigorra, eta hau betetzean Estatu Frantziarrean 10 urtez bizitzeko debekua ezarri dio Frantziako Auzitegiak Mikel Barrios Santamariari. Mikelek egun bere bizimodua egonkortua zuen Ipar Euskal Herrian. 12 urte daramatza Arrosadiatik urrun. 2009an atxilotu zuten lehenik eta Espainiak eskatutako euro-agindua Frantziako estatuak onartu ez zuen arren, poliziaren jazarpena zela eta ezkutatzea erabaki zuen. 2017. urteko urriaren 27an atxilotua izan zen Berlinen (Alemania). Bi hilabete Alemanian preso egon eta gero, Frantziak eskatutako euro-agindua Alemaniak onartu eta 2017ko abenduaren 15etik 2018ko urriaren 26 arte Osnyko (Paris) espetxean preso izan zuten. Neurri judizialekin baldintzapeko askatasunean egon da hilabete batzuk. Pasa den ekainaren 23an Parisen epaitua izan zen eta astelehenean, ekainak 29, Mont de Marsanen espetxeratua kondena betetzeko.

Mikel, beste askorekin batera, bake prozesuari bere ekarpena egiten ari zela atxilotu zuten, berak epaileari argi eta garbi adierazi zion moduan.

Baina Estatu Frantziarreko epaitegietan, Estatu Espainiarrekoetan bezala, gorroto eta mendekuan gotortuta dauden epaileak daude. Konponbideari oztopoak jarri nahi dizkioten epaileak, sufrimendu garaiak atzean utzi nahi ez dituzten epaileak. Norabide horretan kokatzen dira azken aldian Estatu Frantsesaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta orain, Mikel espetxeratzeko agindua!

Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Aldi berean, Estatu Espainiarrari, Frantziarrari, eta nola ez Nafarroako gobernu eta erakundeei bide horretan inplikatzea exijitzen diegu.

Azkenik, herritarrak datorren uztailaren 4an, arratsaldeko 18:00tan, Felisa Munarriz plazatik abiatuta egingo den “Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel Etxera!” manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Besarkada bat Mikeli eta senide zein lagunei!
Izan Bidea eta PRESOAK ETXERA!


Jon Gurutz eta gainontzeko larriki gaixo diren presoak etxeratzea eskatu dute Etxarrin

Jon Gurutzek abenduaren 31an, 69 urte beteko ditu. Herri honek  bizi duen gatazkaren ondorioz 41 urte pasa daramatza herritik urrun. 2007an Frantzian atxilotu zuten. 12 urte daramatza beraz, espetxean. Estatu Frantziarrean oraindik kondena luzea du. Hiru estradizio eskaera eta euro agindu bat ere badu bere kontra. 12 urte hauetan hiru espetxe ezagutu ditu. Momentu honetan Lannemezango espetxean dago, herritik 300km-tara. Jon Gurutzek gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko
begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra.

Gaixotasun larri eta sendaezin bat ez da espetxe batekin bateragarri. Ez bakarrik hori! Konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea urgentziazkoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria eta mendeku hutsa besterik ez dira.

Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok batera bultzatu behar dugu eta norabide horretan berriz ere bidera ateratzeko deia luzatu nahi diegu sakandarrei. Urtarrilaren 11an Bilbon eta Baionan berriz ere atera behar gara bidera. Berriz ere erakutsi behar dugu asko garela eta urratsak eman behar direla, hutsik dauden ohe huts horiek bete daitezen. Hotz amaigabe bat baino latzago den sufrimendu batekin bukatzeko, eta urteak egun baino gehiago bihur ez daitezen… taupadak aina, gure bihotzetan egonda ere, etxean nahi ditugulako DENAK!

DENOK BATERA PRESOAK ETXERA!


Preso adinduen inguruko ekimena. urriak 27. Sebas eta Joseba etxera. Elgoibar eta Oñatiren arteko bizikleta martxa.

BIDEOA: GOIENA.EUS

Guztioi gertatzen zaigun moduan, espetxealdi luzeetan diren presoak ere, adinean gora doaz eta badaude jada adinez oso aurreratuak dauden eta oraindik espetxean mantentzen dituzten euskal presoak.
Egoera hau bizi duten bi preso ditugu: Sebas Etxaniz Elgoibarren eta Joseba Arregi Oñatin. 76 eta 73 urte dituzte hurrenez hurren. 70 urtetik gorako pertsonak kartzela batean bizitzeak duen larritasuna lau haizetara zabaltzea nahi eta behar dugu.

Joseba Arregi, 1992az geroztik dago espetxean. Hasieran Estatu frantziarrean, 8 urte eta 8 hilabetez, eta 2000. urtean Espainiaratu zuten. Estatu espainiarrean kartzela ezberdinetan egon ondoren, egun, Villena (Alicante III)ko kartzelan aurkitzen da, etxetik 720kmtara. Josebari beste euskal preso batzuei bezela, Frantzian betetako zigorren batuketa aplikatuko baliote kalean behar luke. Orain, 2028ko apirila arte luzatu nahi diote zigorra. 81 urte bete arte nahi dute preso izatea.

Sebasek, 3/4ak beteta izanik, aurtengo uztailean atera beharko litzateke, baina ezartzen dioten salbuespeneko legediarekin, zigor osoa betetzera kondenatuta dago, 2024. urtera arte izatea nahi dutelarik kartzelan. Honek, zera esan nahi du, denon artean espetxe politika hau aldarazten ez badugu, 81urterekin iritsiko dela etxera. Egun, Billabonako kartzelan dago, etxetik 330kmtara.

Legeak berak aurreikusten duen moduan, 70 urtetik gorako presoak baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea dute. Art. 196 R.P. “libertad condicional de los penados que hubiesen cumplido 70 años o los cumplan durante la extinción de su condena”.

Bi presoek, 70 urte baino gehiago izanik kalean beharko lukete, hala zehazten baitu legediak, baina agerian geratzen da, politika hau mendekuan soilik oinarritzen dela, eta egun bizi dugun egoeratik urrun aurkitzen dela.

Preso adinduak, adinak berak dakartzan zailtasunei aurre egin behar diete, non eta espetxean, nola eta salbuespen legediaren neurri zorrotzen pean. Euskal presoen zati handi batek dituen zigorren handitasuna dela eta, adinduak diren presoen kopuruak gora egingo du, batez ere, salbuespen neurriak indarrean jarraitu eta espetxe sistemak ezarritako bidea egiteko aukerak eteten
bazaizkie.

Adinak, espetxean direnei ez ezik senideei ere eragiten die. Adinean gora egiten duten senideek espetxean, ehunka kilometrotara urrundua duten familiartekoa ikusteko aukera galdu dezakete, adinak dakartzak zailtasunak medio distantzia luzeak egiteko eragozpen fisikoak direla eta. Egoera honek, bereziki senideak zigortzen ditu.

Egoera honi aurre egiteko ekimen bateratu bat antolatu dugu urriaren 27rako, Debabarrena eta Debagoiena elkarrekin, herri guztiak bat egin da dinamika hau indartu eta sustengatu behar dugu. Zehazki antolatzea goazena zera da: Elgoibar eta Oñati bizikletaz batuko duen martxa bat. Esan bezala urriaren 27an, igandean, goizeko 10:00etan Elgoibarren hasi eta 13:00etan Oñatin
ekitaldi batekin bukatuko genuke.

Sebas eta Joseba etxean behar ditugu, benetako elkarbizitza eta bakea behar bezala eraiki ahal izateko, egungo errealitatera moldatu behar duen espetxe politika bat behar dugu, eta ez iraganari lotuta dagoen politika bat.

Elkarrekin lanean jarraitu behar dugu, iraganeko loturak hautsi eta etorkizuna
eraikitzeko. Salbuespeneko espetxe politikari ez esaten diogu, eta etorkizunari
bai.

Ordua da! Sebas eta Joseba etxera!
Euskal Presoak Etxera!


Iruñeko Peñak «dispertsioa eta urruntzearekin politikarekin jada amaitu behar da»

Bi urte joan dira Iruñeko hainbat Peñek Euskal Presoek pairatzen duten dispertsioaren kontra azaldu ginenetik eta urte bat nafarroako gizarte zibilak deitutako Orain Presoak dinamikarekin bat egin genuenetik. Zehazki, Iruñeko La Unica, Bullicio Pamplones, Irrintzi, Sanduzelai, San Fermin, Alegria de Iruña, Muthiko Alaiak, Aldapa, Rotxapea, La Jarana eta Armonia Txantreana peñek giza eskubide eta elkarbizitzaren zein bakearen eraikuntzaren aldeko dinamika horri babesa eman genion, orain dela bi urte, peñetan, gure kidegoak babestu zuen dokumentua aintzat hartuta.

Aurten, Anaitasuna Peñako hainbat kide, modu pertsonalean, dinamika eta aldarrikapen honekin bat egin dutela nabarmendu nahi dugu.

Sufrimenduekin amaitzeko bidean gure konpromiso eta ekarpena egin nahi dugu. Zentzu honetan espetxe politika honek sortzen duen sufrikarioarekin amaitzea beharrezkoa dela uste dugu, iaz esan bezala, dispertsioa eta urruntzearekin jada amaitu behar delarik. Orain da momentua. Gizarte zibilaren konpromisoak ahalbideratu du, urratsez urrats, honaino iristea
eta aurrerantzean ere gizarte zibila izan behar da protagonista.

Horregatik, aipatutako Iruñeko peñek, Sanferminei begira eginen dugun ekarpenaren berri eman nahi dizuegu. Gure konpromezua eta Sanferminetan dugun erreferentzialtasuna praktika honekin amaitzeko lagungarria izan daitekela jakitun izanez.

Zehazki, gure pankarta eta lokaletan dispertsioa salatzen jarraituko dugu eta gure bazkidegoaren artean 'Orain Presoak' leloa duten txapak banatuko ditugu. Bazkidegoak jaietan zehar txapa jantzita eramateko.

Egin dezagun konponbidearen aldeko bide hau elkarrekin!

#DispertsioarekinAmaitu
#OrainPresoak

Iruñeko La Unica, Bullicio Pamplones, Irrintzi, Sanduzelai, San Fermin, Alegria de Iruña, Muthiko Alaiak, Aldapa, Rotxapea, La Jarana eta Armonia Txantreana peñak


Nafarroako zonalde ezberdinetan gure dinamikak ugaldu eta sareak hedatuko ditugu Preso diren pertsonen eta euren senideen eskubideen alde

Gaur, hemen batu garenak, Nafarroako herri eta auzo ezberdinetako herritarrak gara, eta nafar jendarteari zuzendu nahi gatzaizkio. Preso diren pertsonen eta euren senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen exigitzen jarraitzeko, denon artean presoak etxeratzeko unea dela aldarrikatzeko eta urtetako sufrimenduak atzean utziz konponbidean urratsak emateko sarea zabaltzen joan nahi dugulako gaude hemen. Azken batean, garai berri baten ateak zabaldu direlako. Elkarbizitzarako eta bakerako ateak zabaltzeko nahian gabiltzalako eta auzi honi konponbidea ematen hasteko benetako aukerak ditugulako parez pare.

Sare Herritarra osatzen dugunok, aurrera egin nahi dugu. Ziklo berri honek hala eskatzen duelako. Jendarteak berak, hala eskatzen duelako.

Korapiloak askatzeko garaia da. Presoei ezartzen zaien salbuespen politika eta neurriek, sekula zentzurik izan ez duten arren, orain, existitzeko arrazoi oro galdu dute. Sufrimendu oro sortzea eten eta jendarte honek elkarrekin bakean bizitzeko duen nahia gauzatu dadin presoen auziari aterabidea ematea ezinbestekoa da.

Herri gisa aurrera egiteko, espainiar zein frantziar espetxeetan preso diren euskal herritarrek ere, aparteko legerik aplikatu gabe, euren bidea egiteko aukera behar dute. Guztiok baikara eta guztiok izan behar baitugu herri honen parte. Eta presoak ere, elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan ezinbesteko aktibo izan behar dira.

Horregatik euskal presoek jasaten duten salbuespen neurriak behin betikoz amaitu behar dira:

  • Sakabanaketaren amaiera

  • Isolamenduaren amaiera

  • Egungo legedian oinarritutako graduen progresiorako eskubidea: lehenengo graduaren amaiera eta espetxe onurak lortzeko erraztasunak

  • Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna

  • 70 urtetik gora dituzten presoen askatasuna, bai eta zigorraren 3/4 eta 2/3 beteak dituzten presoen askatasuna.

  • Bizi osorako zigorrak ezarri eta zigorren luzapena ahalbideratzen duten lege eta neurrien indargabetzea

Sufrimendurik, biktima gehiagorik eta euskal preso eta iheslaririk gabe, elkarbizitza eta bakea oinarri dituen jendarte bat eraikitzearekin amesten dugu guk. Eta horixe da, ziklo berri honen aurrean, Sare Herritarrak bere buruari ezartzen dion helburua. Auzi hau, behin betikoz konpondu behar dugu, gertatutako oro errepika ez dadin bermeak ezarri eta herri hau normalizazio egoera batera eraman.

Gizartearen aktibazioan sakontzen jarraituko dugu. Zaila da urratsak ematea gizartearen bultzadarik gabe. Nafarroan herri eta auzo bakoitzean, eskualde guztietan eragin behar dugu. Erriberan, Baztan, Bortziri, Malerreka, Sakanan, Tafalladean, Larraun eta Leitzaldean, Lizarraldean, Ultzama eta Basaburuan, Zangotzaldean, Ekialdean, Izarbeibarren zein Iruñerrian. Gure dinamikak ugaldu eta sareak hedatuko ditugu, ezberdinen aktibazioan sakonduz eta gizarte zibilaren mobilizazio eta konpromisoa ahalbidetzeko bide berriak sortuz.

Gero eta sare zabal eta anitzagoa gara eta akordioak lortzeko lanean jarraituko dugu, gizarte zibila aktibatuz eta guztien konpromisoa ahalbidetuz, konponbidea oinarri.

Bide honetan, gure indarra elkarrekintza eta batera eginiko lana dira. Norantza horretan jarraituko dugu. Irailetik aurrera Nafarroa osoan hedatuko ditugun ekimenen berri emanen dugu.


'Poltsa bete kantu' ekitaldiak emakume presoek bizi duten zigor bikoiztua salatuko du

Ekainaren 13an, Ostegunean, ‘Poltsa bete kantu’ musika ekitaldia egingo du Sarek Doka antzokian. Egitasmoaren helburua da emakume presoek espetxeetan bizi duten zigor bikoiztua auzitan jartzea. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta punta puntako hainbat musikarik parte hartuko dute:

Koban taldeak, McOnak taldeko Irati Irizarrek, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko Koldo Soretek, Eraul taldeko Asier Beramendik, Iker Laurobak, Leire Letuk, Urbil Artolak, eta Liher taldeko Lide Hernandok eta Joshka Natkek.

Sarrerak Parte Zaharreko Herria tabernan, Groseko Marruma elkartean eta Antiguako Trikuharri tabernan eros daitezke, 5 euroren truke. Internet bidez ere eros daitezke.

 

>> Erosi sarrerak hemen 


Kepa Arronategiren senideak eramango dute Korrikako lekukoa Gernikan

Osasunaren Naiozarteko Eguna dela eta burutu berri dugun GIZA-KATEA oso jendetsua izan da. Bere bitartez Kepa Arronategi eta larriki dauden gainerako presoak etxeratzea eskatu dugu. Lanean jarraituko dugu Kepa etxean, etxekoekin egon dadin.
Zentzu horretan, jakinarazten dizuegu datorren apirilaren 11an (osteguna) Korrika pasatzen dela Gernika-Lumotik. SARE Gernikak tarte bat izango du lekukoa eramateko eta Keparen senideak eramango dute lekukoa SARE ordezkatuz eta ehunduz. Ekimen honen bidez ere, Kepa etxera hurbiltzea nahiko genuke. Ordutegi eta kokalekua zehazten dutenean antolatzaileak deialdia egingo dugu bertoratzera, nahi izanez gero.