Herriak

“Orain Jon Gurutz” Dinamika aurkeztu dute Etxarri Aranatzen

Berriki Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi duenez, osasun ikuspegitik begiratuta gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak 21 dira: Tartean dago patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Jon Gurutz Maiza Artola herritarra.

Hau da momentu honetan Jon Gurutzen egoera.

  • 68 urte ditu.

  • Gatazkaren ondorioz 41 urte daramatza herritik urrun.

  • 2007an Frantzian atxilotua. Ia 12 urte daramatza beraz, espetxean.

  • Estatu Frantziarrean oraindik kondena luzea du.

  • Hiru estradizio eskaera eta euro agindu bat ere badu bere kontra.

  • 12 urte hauetan hiru espetxe ezagutu ditu.

  • Momentu honetan Lannemzango espetxean dago, herritik 300km-tara

  • Jon Gurutzek gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra.

  • Patologia horiek eta duen adina ikusita, Igorrek esan bezala, Jaiki Hadi mediku elkarteak gaitz larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen zerrendan sartu berri du.

Jon Gurutzen egoeraz jabetuta lan talde bat jarri dugu martxan, eta hortaz, Jon Gurutzen askatasuna eskatzeko dinamika da aurkeztu nahi duguna. Jon Gurutzen egoeraren berri eman eta herriko eragile eta norbanakoak dinamika honen inguruan aktibatzea ditu helburu, aldarrikapen garbi batekin: konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea ezinbestekoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da.

Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok behar dugu batera bultza eta norabide horretan “Orain Jon Gurutz, gaixo dauden presoak etxera” dinamikaren aurkezpen honekin, herritarrak hemendik aurrera eginen diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Aldez aurretik eskerrik asko!!!

DENOK BATERA PRESOAK ETXERA!


Abenduaren 31an manifestazioa egingo dute Villabonatik Zizurkilera Aiztodoko sei udalen babesarekin

Azken denboran, alde desberdinetatik bakea lortu ahal izateko pausuak ematen joan gara guztion artean. Batzuk lortu ditugu, baina ezin esan dezakegu bidea amaituta dagoenik. Gaur hemen, jendarte oso baten eskaera izango den aldarri bat kalean izateko deialdia luzatu nahi dugu. Orain arte, bakoitza bere lanetan burubelarri egon da, baina guztiok konponbiderako eta bakerako konpromisoak pilatuz eman dugu gure denbora gehiena.

Horregatik, guztiok elkartzeko garaia dela uste dugu, guztiok elkarrekin lan egiteko, gure beharretatik haratago, jendarte oso baten beharra den pausua eraikitzeko garaia da. Guztiok elkarrekin bi estatuei, bai Frantsesari zein Espainiarrari, ORAIN PRESOen garaia dela esateko unea da, horregatik, datorren abenduaren 31an arratsaldeko 18:30tan ORAIN PRESOAK lelopean manifestazio bat antolatuko dugu, Villabonatik Zizurkilera.

Hainbat lagun bilduko gara, Madril eta Parisi esateko bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direla oraindik bete. Esanen diegu prozesua ez dela bukatu gatazka armatuaren amaierarekin. Armagabetzea eta ETAren disoluzioaren ondotik, orain presoen aldia izan behar dela oroitaraziko dugu. “BAKEGINTZA ETA ELKAR BIZITZAREN BIDEAN: ORAIN PRESOAK!”: horra Euskal Herriak, bere aniztasunean, nahi eta behar duen bide orria, bi Estatuei berriro eskatuko zaiena. Esango dugu bakearen bidea alde guztien eginkizuna dela: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzio politiko zein instituzionalena eta noski estatuena. Aktore guztien eginkizuna da, eta naiz eta giltza nagusia Estatuen esku egon, gizarte zibilak ere badu egoera aldatzeko bere eginkizuna. Presoen alde, ORAIN, egin behar dira urratsak: prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Urgentziazko garaian sartuak gara! Presoen auzia konpontzeko unea etorria da! Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntak errespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako! Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua.

Orain arte egin diren alde bakarreko urratsek eskatzen dute erantzuna bakearen dinamika elikatzeko. Gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei… Ezinbestezkoa da konfirmatzea orain arte egin dena, egin behar zela eta ona zela bakearentzat! Bidea, hortik doa. Eta hortik urratu behar dugu iraganetik etorkizunerako trantsizio hori…

Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe, egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegun egia, errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta, horretarako lan egitea, edozein izanik ere gure arteko ezadostasunak.

Aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkar bizitza demokratikoa, azkenean posible ikusten da gure Herrian! Orain arte batu ahal izan ez garenen ariketa kolektiboa izanen da!

Eginbide horrekin, esperantza horrekin, zorroztasun horrekin, guzientzat ona izanen den bakea eraikiko dugu. Egun bakoitzak kontatzen du. Bakoitzaren inplikazioa beharrezkoa da.

Elkar bizitzarako prozesu horretan, ORAIN, PRESOEN etapa izan behar da!
Bakearekin guztiak irabazle baikara: Egin dezagun denak irabazle izanen diren bakea!


Zama doinuz arindu IV elkartasun jaialdia urtarrilaren 13an ospatuko da Etxarri Aranatzen

Laugarren urtez izango da. Prentsa ohar honen bitartez, datorren urtarrilaren 13an Etxarri Aranazko Kultur Etxean eta bi emanalditan (arratsaldeko 17:00 eta 19:30) eginen den “Zama doinuz arindu” kontzertu-ikuskizunaren KARTELA zabaldu nahi dugu. Etxarriko Sarek eta senide eta lagunek antolaturik, berriz ere Euskal Herriko abeslari ezagunek urtetako gatazkak oraindik gainean dugun zama arintzeko aukera emanen digute.

Helburua, euskal presoei apikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta hortaz ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea izango da; eta aldi berean urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea.

Azken hiru urtetan bezala kartelarekin oso pozik gaude antolakuntzatik. Berriz ere lehen mailako musikariak dauzkagu gure artean.

Hauek dira “Zama doinuz arindu IV” jaialdian parte hartuko duten gonbidatuak:

1. Juantxo Arakama (GLAUKOMA) + Lil Martin Selektah
2. FERMIN MUGURUZA + Magu-Arri (DESKONTROL)
3. PANTXOA CARRERE
4. KOBAN
5. AKELARRE (Juanpa, Xanet, Xabi)
6. HUNTZA (Josune-Uxue)
7. AFU
8. EXPRAI MARRAZKILARIA
9. ITZIAR ITUÑO

SARRERA: 15€

ALDEZ AURRETIK EROSTEKO:
- Etxarri Aranazko Udaletxeko kultura bulegoan (astelehenetik ostiralera 09:00-13:00)
- On-line: www.etxarriaranatz.eus web gunean
- Etxarri Aranazko Xapatero eta Leku Ona tabernetan


EIBARKO 3. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA

Eibarko SAREk 2016an, EIBARKO 1. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA antolatu zuen #STOP DISPERTSIOA / IBON ETXERA! kanpañaren barruan.

Zoritxarrez gauzak ez dira batere aldatu: Ibon Muñoak kartzelan jarraitzen du, Euskal Herritik oso urrun, CORDOBAn (800kmra) eta salbuespeneko legediaren menpe, 1. graduan, isolamenduan, egunaren 20 ordu ziegan pasatzen ditu, (2. gradua sistematikoki ukatzen diote) eta gainera, bere zigorraren ¾k beteak izanik baldintzapeko askatasunean, bere ETXEAN egoteko eskubidea duenean.

Eta egoera hau, egoera sinestezin hau salatzeko, gure kanpañarekin aurrera jo beste erremediorik ez daukagunez, beste ekimen batzuen artean, azaroaren 17an, 11.30etan, Untzaga plazan egingo den EIBARKO 3. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA antolatu dugu.

Honen berri emanez, eta euren partaidetza ezinbestekoa iruditzen zaigulako, Eibarko elkarte guztietara gutunak bidali ditugu dagoeneko. Aurreko urteetan oso ondo pasatu dugu, giro ezin hobean, eta aurten berdin gertatzea espero dugu.


Orain Presoak Dinamikako aurkezpena Ezkerraldean

Dagoeneko inork ezin uka dezake: konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da. Pasa den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera, elkarrekin lan eginez, elkarri begiratuz, elkarri entzunez, ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin bidea eginez.

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea.

Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. 269 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak.

Bakean eta adiskidetuta bizi den jendarte batekin amesten dugunok giza eskubideen errespetuak batzen gaitu. Jakin badakigu adiskidetzea prozesu konplexu bezain beharrezkoa dela, urratsez urrats eraikitzen joango dena. Zentzu honetan, egungo espetxe-politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da guztion bultzada eta konpromisoa.

Lau lehentasun hauek dira, bereziki, lehen bait lehen konpondu beharrekoak:

Urruntzea. Asteburu oroz ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen dituena.

Larriki gaixo dauden presoak. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain.

Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.

Lehen Graduen aldaketa. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa.

Espetxe-politika hau iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.

Korapiloak askatzeko unea da, elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako gizarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. Batu ezin izan garenok batzeko unea da. Orain presoen auzia konpontzeko unea da.

Gaur hemen batu garenok ORAIN PRESOAK dinamikari babesa ematen diogun Ezkerraldeko herritarrak gara. Guztioi dei egiten dizuegu, gure ametsarekin bat egiten baduzue, hurrengo asteetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko. Lehena hemen bertan izango da, Sestaon, irailaren 29an, larunbata, 13:30ean Kasko plazatik abiatuta. Halaber, urriaren 20an Donostiako kaleak txiki uztera animatzen zaituztegu.


Kepa Aronategiren egoera, ez da bidezkoa, ez da onargarria

Azken hilabeteetan berri ezberdinak entzun eta irakurri ditugu Kepa Arronategi gernikar presoaren harira, eta, gaur, Zuerara (Aragoi, Euskal Herritik 350 km-ra) eraman dutela jakin berri dugu.

Udan zehar Almeriatik (Andaluzia, Euskal Herritik 1000 km-ra) Zaballako (Araba) espetxera ekarriko zutela iragartzen zuten notiziak filtratu ziren hainbat komunikabidetan. Gaixotasun larri baten ondorioz –patologia psikotikoa pairatzen du– , eta egungo espainiar gobernu zentralak espetxe-politika ezberdin bat martxan jartzeko ustezko borondatearen baitan, lehen urrats gisa kokaturik zegoelako.

Egoera honen aurrean, SARE Gernika-Lumok zera adierazi nahi du:

1.- Ez da bidezkoa, ezta onargarria ere, Kepa Arronategi eta bere senide eta inguru hurbilarekin egin dutena. Batetik, Keparen mediku-diagnostikoaren datuak eta informazioak inongo eskubiderik gabe argitaratu direlako, Osabideak presoen osasunaren aldeko mediku eta jurista elkarteak salatu duen bezala. Keparen gaixotasuna ez da publikoa izan orain arte; izan ere, gaurdaino gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen 12 kasu ezagutu ditugu, eta, Keparena, egon badauden baina publiko egin ez diren 10eko multzo ezberdin batean zegoen. Bere intimitate eta pribatutasun eskubideez gain, bere familiarenak ere urratzen dituzten jokabideak dira hauek; are gehiago, adin txikikoak tartean daudenean. Eta ez da bidezkoa.

2.- Bestetik, Euskal Herriratua izango zela helarazi zen instantzia ezberdinetatik, eta ez da horrela izan. Logikoki, penintsularen beste puntan izan ala etxetik ez hain urrun egotearen artean aldea dago, noski –gogora dezagun orain hilabete eskas kotxe istripua izan zuela familiak Murtzia aldean espetxerako bidaia batean–, eta ukaezina da senideek, bereziki, distantzia, desgastea, xahuketa ekonomikoa, istripu-arriskuak etab arindu dituztela. Baina ez da nahikoa: dispertsatua eta urrundua egoten jarraitzen du.

3.- Kepak 21 urte beteko ditu aurki espetxean. Presondegi ugari ezagutu ditu (guztiak Euskal Herritik kanpo), 1. graduko erregimen zorrotzean beti, bizi-baldintza eskasetan, dispertsaturik, familia eta ingurutik urrundua… Ukaezina da horrek guztiak bere osasunean izan duen eragina. Espetxe politika ankerra sistematikoki aplikatzearen ondorioa baita, funtsean. Horregatik, etxean egon beharko luke Kepak. Etxekoekin. Espetxeko lau hormak ez direlako inoiz izango bere egoera artatzeko leku egokia. Eta urgentziazko gaia da.

4.- Agerikoa da errealitate hau ez datorrela bat gure jendartean bizi den egoerarekin. Konponbide klabeetan urratsak emateko garaian bizi gara, eta horrek, halabeharrez, presoen gaian urrats positiboak ematea eskatzen du.

Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako jendarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. Presoen auzia konpontzeko unea da. ORAIN.

Datorren urriaren 5ean, 19:30ean Gernikako merkatu-plazan gernikarrok “Orain Kepa, Orain presoak” adieraziko dugu agerraldi baten bidez. Bertaratzeko deia egiten dizuegu.


Deustun Orain Presoak dinamikari hasiera emateko ekitaldia

Irailaren 13an, Deustuko Orain Presoak dinamikari hasiera emateko agerraldi berezia antolatu zen Deustuko Udaltegian. Ekitaldi labur baten bidez arlo ezberdinetan lanean diharduten deustuarrek beraien babesa erakutsi zioten dagoeneko Euskal Herriko beste txoko batzuetan abian den Orain Presoak dinamikari. Horretarako, ekimen herritarraren pluraltasunaren erakusgarri izatea helburu zuen argazki bateratu bat atera eta “Deustuarren Adierazpena” irakurri zuten. Azken honetan, konpobidea, elkarbizitza eta bakea lortzeko konpromisoa hartuz deustuko herritarrei urriaren 11an Deustuko Frontoian egingo den agerraldi herritar erraldoian eta orain arteko mobilizaziorik anitzena izan nahi duen urriaren 20ko mobilizaioan parte hartzeko deia egin zieten.

Horrez gain, Orain Presoak Deustuko kideek aurrera begira antolatuko dituzten ekintzak publiko egin zituzten:
– Irailaren 28an, 19:00tatik aurrera, Kale Animazioa deustuko tabernetatik.
– Urriak 7, 12:30tan, “Bizikletaldia” 8 km-ko bizikleta martxa.
– Urriak 11, 19:30tan, Deustuko Frontoian Argazki Herritarra.

Gainera, dinamikaren berri eman eta “Bizikletaldia”-n zein Donostiara joateko busetan izen emateko auzolanean informazio mahaiak jarriko dituztela aipatu zuten.

Jarraian Orain Presoak dinamikari babesa eman dioten pertsonen izenak:
Agerraldian egon zirenak
 Imanol Agirre (Kulturgilea)
 Juan Antonio Alonso (EH Bilduko kidea)
 Ramon Bustamante (Kazetaria)
 Joseba Castro (Sindikalista jubilatua)
 Juanma Contreras (S.D. Deustuko zuzendaritzako kidea)
 Laura Etxebarria (Kultura mundua)
 Luis Angel Gaintza (Txistularia)
 Pedro Huidobro (Ipar Mendebaldeko Podemoseko zirkuluko kidea)
 Olatz Iglesias (Ikasle eta senidea)
 Iñaki Irulegi (Athletic-eko bazkidea)
 Olatz Kaltzada (Ikastolako irakaslea)
 Goizalde Landabaso (Kazetari eta idazlea)
 Txema Luzuriaga (Deustuko argazki artxiboa)
 Olatz Masip (Euskaltzalea)
 Urtzi Ostolozaga (LAB sindikatua)
 Nati Ovelleiro (Ekintzaile soziala)
 Galder Perez (Aktore eta kazetaria)
 Alfonso Ríos (CCOO sindikatua)
 Lourdes Unzueta (Familia medikua)
 Itziar Uriarte (Irakasle jubilatua)
 Ibon Urrutia (Trikitilaria)
 Leire Villares (Deustuko eskubaloi taldeko jokalaria)
 Ignacio Villota (Apaiza eta irakasle ohia)
 Josu Zalbidea (STEILAS-eko kidea)

Agerraldian egon ezin izan zuten baina, beraien atxikimendua eman dutenak
 Josu Balmaseda (ESK sindikatua)
 Ana Fernández (Bankako langilea)
 Ieltxu Gimenez (Musikaria)
 Juanjo Lekanda
 Xabier Madariaga (Kazetaria)
 Mikel Noval (ELA sindikatua)
 Maria Victoria Portugal (Deustuko merkatarien elkarteko kidea)
 Iñaki Urrutia (Aktore eta rapsoda)

—-

>>Deustuarren Deklarazioa


Eta orain ez bada, noiz? #OrainPresoak

GERNIKAKO PLAZAKO ADIERAZPENA

Gernikako azoka-plazak euskal herritarron oroimenean esannahia berezia du; horregatik, Gernikako plaza honetatik adierazpen sendo hau zabaldu nahi dugu:

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu.

Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gurea egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarrituriko jendarte batean bizitzea.

Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 280 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen-neurriak ezartzen zaizkie. Espainiako zein Europako legediaren aurka doazenak eta, pertsona ez ezik, senideak ere -bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak- zigortzen dituztenak.

Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako jendarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. Presoen auzia konpontzeko unea da. ORAIN. 

#OrainPresoak 


Beterri-Buruntzan Euskal Presoen eskubideen aldeko ekitaldi sorta antolatu dute Maiatzerako

Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko ekitaldi sorta iragarri zuen Beterri-Buruntzako Sarek, Urnietako Etxeberri plazan egin zuen agerraldian. Egun, eskualdeko 27 euskal preso daude. Guztiak urruntzen politikaren menpe. Euren eskubideen aldeko ekitaldiak burutuko dituzte maiatzean:

Maiatzaren 11an Errezitaldi kulturala Lasarte Orian.

Maiatzaren 12an Hernani Motxiladun Umeen gaia landuko dute.

Maiatzaren 20an Santa Barbara eskualdeko irteera.

Maiatzaren 24an Urnietan Joseba Azkarragarekin Hitzaldia egingo dute.


Giza-katea Donostian, emakume presoen eskubideen alde

Giza-katea egin dute Donostian emakume presoek bizi duten bakartze egoera salatzeko

Gaur, Martxoak 17, emakume presoek bizi dituzten zigor erantsiak salatzeko Giza-Kate/Kalejira egin dugu Donostian. Autobus Geltokian eman diogu hasiera, urrunketak eta kilometroak irudikatzeko gune moduan, eta amaiera epaitegi aurrean eman diogu, bizi dituzten eskubide urraketa eta injustiziak salatzeko. 39 Emakume preso daude momentu honetan, bataz-beste 680kmtara, guztiak urrunduak, eta horietatik 12 bakartuak.

Honetaz gain, espetxe politikak eta espetxeak berak dituen jarrera matxista guztiak ere pairatzen dituzte, hala nola, tailer gehienak garbiketa atalei zuzenduta egotea, edo zigorra betetzen dituzten ziega guztiak, mutilentzako eginak izatea.

Gaur, argitara atera nahi izan dugu gai hau eta gurekin batera Kattalin Miner idazlea eta Ekhiñe Atorrasagasti kazetaria egon dira besteak beste, baita hamaika eragile ere: Aitzarte Mendi Elkartea, Egia Bizirik, Haurgunea,Egiako Kontsumo taldea, Antxeta aisialdi taldea, Aitor Ikastolako eta Lauaizetako irakasle talde bat, Sardiñerak Kofradia…

Euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketa desberdinak lantzen jarraituko dugu eta #DonostiarrokPrestGaude dinamikarisegida emango diogu Donostiako beste txokoetara zabalduz.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare