Azken denboran, alde desberdinetatik bakea lortu ahal izateko pausuak ematen joan gara guztion artean. Batzuk lortu ditugu, baina ezin esan dezakegu bidea amaituta dagoenik. Gaur hemen, jendarte oso baten eskaera izango den aldarri bat kalean izateko deialdia luzatu nahi dugu. Orain arte, bakoitza bere lanetan burubelarri egon da, baina guztiok konponbiderako eta bakerako konpromisoak pilatuz eman dugu gure denbora gehiena.

Horregatik, guztiok elkartzeko garaia dela uste dugu, guztiok elkarrekin lan egiteko, gure beharretatik haratago, jendarte oso baten beharra den pausua eraikitzeko garaia da. Guztiok elkarrekin bi estatuei, bai Frantsesari zein Espainiarrari, ORAIN PRESOen garaia dela esateko unea da, horregatik, datorren abenduaren 31an arratsaldeko 18:30tan ORAIN PRESOAK lelopean manifestazio bat antolatuko dugu, Villabonatik Zizurkilera.

Hainbat lagun bilduko gara, Madril eta Parisi esateko bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direla oraindik bete. Esanen diegu prozesua ez dela bukatu gatazka armatuaren amaierarekin. Armagabetzea eta ETAren disoluzioaren ondotik, orain presoen aldia izan behar dela oroitaraziko dugu. “BAKEGINTZA ETA ELKAR BIZITZAREN BIDEAN: ORAIN PRESOAK!”: horra Euskal Herriak, bere aniztasunean, nahi eta behar duen bide orria, bi Estatuei berriro eskatuko zaiena. Esango dugu bakearen bidea alde guztien eginkizuna dela: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzio politiko zein instituzionalena eta noski estatuena. Aktore guztien eginkizuna da, eta naiz eta giltza nagusia Estatuen esku egon, gizarte zibilak ere badu egoera aldatzeko bere eginkizuna. Presoen alde, ORAIN, egin behar dira urratsak: prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Urgentziazko garaian sartuak gara! Presoen auzia konpontzeko unea etorria da! Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntak errespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako! Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua.

Orain arte egin diren alde bakarreko urratsek eskatzen dute erantzuna bakearen dinamika elikatzeko. Gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei… Ezinbestezkoa da konfirmatzea orain arte egin dena, egin behar zela eta ona zela bakearentzat! Bidea, hortik doa. Eta hortik urratu behar dugu iraganetik etorkizunerako trantsizio hori…

Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe, egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegun egia, errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta, horretarako lan egitea, edozein izanik ere gure arteko ezadostasunak.

Aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkar bizitza demokratikoa, azkenean posible ikusten da gure Herrian! Orain arte batu ahal izan ez garenen ariketa kolektiboa izanen da!

Eginbide horrekin, esperantza horrekin, zorroztasun horrekin, guzientzat ona izanen den bakea eraikiko dugu. Egun bakoitzak kontatzen du. Bakoitzaren inplikazioa beharrezkoa da.

Elkar bizitzarako prozesu horretan, ORAIN, PRESOEN etapa izan behar da!
Bakearekin guztiak irabazle baikara: Egin dezagun denak irabazle izanen diren bakea!