OHARRA ABENDUAREN 28 eta 29an IRUÑEAN SAREk ORAIN PRESOAK DINAMIKAREN BAITAN EGINGO DUEN EKIMANAREN AURREAN SORTUTAKO SALAKETA ETA DEBEKU ESKAEREN AURREAN

Abenduaren 28tik 29ra Iruñeko Sarasate Pasealekuan egingo dugun ekimen iraunkorrak jaso dituen kritikak ikusita ohar hau plazaratzea erabaki du Orain Presoak dinamikak.

Lehenik eta behin, ekimen honen nondik norakoak azaldu eta bere izaeraren berri eman nahi dizuegu, guk eta Iruñeko Udal Gobernuak jasotako kritika eta debeku eskaerak lekuz kanpo daudela argi gera dadin. Izan ere, ekimen honen helburua euskal presoen giza eskubideen urraketa eta egungo espetxe politikak dakartzan salbuespen neurriak salatu eta arazo honek behar duen irtenbidearen alde gizarte zibila aktibatzeko deia egitea da.

Orain Presoak dinamikaren parte garen kideok argi dugu etorkizunera begira jartzeko unea dela, aurrera egiteko unea eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko ezberdinak batzeko unea dela. Horretarako ordea, espetxe politikaren baitan aldaketak ematea ezinbestekoa dela deritzogu, egun oraindik ere, mina eta sufrimendua sortzen jarraitzen baitu. Hori hala, Sarasate pasealekura eragile, alor ezberdinetan lanean dabiltzan hainbat norbanako, ordezkari eta herritarrak gonbidatu ditugu, bakoitzak beretik, gatozen lekutik gatozela, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsa eman dezan.

Argi utzi nahi dugu ere, ekimen honekin ez dugula inolako biktimaren aurkako jarrerarik sustatu, ez eta inolako umiliazioa ez irainik egin asmo. Orain Presoak dinamika aurkeztu genuenetik garbi adierazi dugun moduan, sufrimendu ororekin amaitu eta biktima guztien errekonozimendua, errespetua eta erreparazioa ahalbidetzea baita gure oinarrietako bat.

Zentzu honetan ulertezina deritzogu batzuen partetik jasaten ari garen jarrera erasokorra eta, eskatu nahi diegu, ekimenaren izaeraren inguruan informatu eta euren debeku eskaera bertan behera uzteko, ez baitu ez hanka ez buru. Era berean, dei egiten diogu bereziki Nafarroako jendarteari Sarasaten egingo den ekimen honetara gerturatu eta parte hartzera. Batez ere, abenduak 28, 11:30etan Sarasate Pasealekuan (Parlamentu aurrean) egingo dugun Hasiera Ekitaldira.

Ekimena abenduaren 28tik 29ra izango da, honako ordutegietan:
Begirada bat barrutik gunea zabalik:
Abenduak 28 – 10:00/19:30
Abenduak 29 – 10:00 /14:00