sare-herritarra

“Elkartasuna herrien samurtasuna da”. Horixe esan zuen Gioconda Belli poeta nikaraguarrak. Gaur, haren hitzen bidez, beste behin ere gogora ekarri nahi dugu Estatuek eskubideak urratzen dituztela beren espetxe-politiken bitartez, eta euskal gizarteak urraketa horiei aurre egiten jarraitzen duela oraindik ere.

Alde horretatik, merezi du aipatzea gizarte honek euskal presoekiko elkartasuna erakutsi izan duela beti, eta elkartasun hori izugarri errotu dela gure artean.

Hain dago errotuta, ezen elkartasun hori konpromiso bihurtu baita, milaka emakume eta gizon anonimoren konpromiso. Bakoitzak bere harri koskorra jarri du, eta, horri esker, urte hauetan guztietan sugarrak piztuta jarraitzea lortu da.

Gaur, hori guztia eskertu nahi dugu. Baina, horrez gain, erreferentziazko hainbat pertsonak egindako ekarpena nabarmendu nahi dugu, oso garrantzitsua izan baita. Pertsona horien artean daude, besteak beste, hainbat kirolari, kulturgile, abokatu, alkate, langile, ikasle…

Ildo horretatik, 40 urte bete dira hain ideologia ezberdinetako pertsonak bildu zituen herri mugimendu hura sortu zenetik. Pertsona horiek gogoratu nahi genituzke gaur, hala nola Eduardo Chillida eskultorea, Gabriel Celaya poeta, Ruiz Balerdi margolaria, Maiz korrikalaria, Elizondo Realeko entrenatzaile ohia, Unzurrunzaga Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko presidentea eta gerora Jesuiten kargudun garrantzitsua, Iñaki Cacho, Miguel Castells, Joseba Elosegi… eta beste 27 erreferentziazko izen; horien artean, baita Juani Mendiola, Mariasun Bergaretxe eta Felix Soto ere.

Gogora dezagun horiek guztiek konpromiso bat hartu zutela eta aurrerapauso bat eman zutela, uste baitzuten presoen kontua ez zela soilik herritar batzuen arazoa, baizik eta euskal gizarte osoarena.

sare-herritarra240 urte eta gero, Sarek ere askotariko sentsibilitateko pertsonak bildu ditu; esate baterako, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakariak, Rosa Rodero eta Axun Lasa biktimak, Iñaki Lasagabaster Zuzenbidean katedraduna, Nazario Oleaga eta Juan Mari Bidarte Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekano ohiak, Gema Zabaleta sailburu ohia, Luis Galdos neurologoa, Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohia, Alberto Zerain eta Juanito Oiartzabal zortzimilako mendizaleak, eta Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak. Izan ere, oraindik ere behar-beharrezkoa da herritar askoren parte-hartzea.

Hain da beharrezkoa, ezen gaur ere konpromiso handiagoa eskatzen baitugu, bai gure aldetik, bai gizartearen aldetik, bai alderdi politikoen eta erakundeen aldetik. eta, horretarako, Salatzen Dut tresna jarri dugu abian, aurrerapauso bat eman behar dela uste dutenentzat, konponbideen bitartez eskubide-urraketa horiei aurre egin behar zaiela uste dutenentzat, eta bakea lortzea, herritar batzuen ardura ez ezik, gizarte osoaren ardura dela uste dutenentzat. Horrela, gutako bakoitzak giza eskubideen bandera altxa ahal izango dugu, akusazio-hatza balitz bezala.

SALATZEN DUT, SALATZEN DUZU, SALATZEN DUGU… Entzun eta sentitu gaitzatela Madrilen eta Parisen. Gizarte honek ez du onartuko inor pertsonekin salerosian ibiltzea, haien eskubideekin salerosian ibiltzea.

Gaur, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoekin egiten ari direna salatu dugu milaka pertsonak Donostiako kaleetan. Azken batean, gizarte osoari egiten ari zaizkiguna salatu dugu. Izan ere, beren legeak edo nazioarteko itunak eta hitzarmenak ezartzeari uko egiten dioten bakoitzean, gizatasun pixka bat izateari uko egiten dioten bakoitzean… presoei eta haien gertukoei ez ezik, gizarte osoari ere egiten diote eraso, gizarte honek herritar guztien eskubideak errespetatzeko konpromisoa baitu, aske egon ala ez.

Horregatik guztiagatik, ez dugu onartuko gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 10 euskal presoen bizitzarekin jolas dezaten. Partekatzen dugun zoru honetan guztion nahiak elkartzeko garaia da, hala gizartearenak nola alderdi politikoen eta erakundeenak. Guztion bide-orri bat behar dugu, gure eskubideak eta gure presoenak berriro konkistatu.

Etxean nahi ditugu, baina bizirik!

Altxa dezagun denok SALATZEN DUT bandera, eta abiarazi dezagun denok batera aktibazio-ziklo berri bat.

ARGAZKIAK

> Pretsan bildutakoak

> Sare sozialetan