OHARRA AZKEN URRUNTZEAK DIRELA ETA:

Sare Herritarrak ohar honen bitartez, azken egunetan ezagutzera eman diren bi presoren urrunketa salatu eta atzera urrats nabarmen hau lekuz kanpo dela adierazi nahi du.

Asier Bengoa eta Karlos Apeztagia presoak Soto del Real espetxetik Herrerara (600km) eta Ocaña II-ra (480km) urrundu dituzte. Bien kasuan emandako mugimendu eta prozedurak, salbuespen neurrien adierazle garbiak izan direla eta presoen eskubideak urratzeaz gain, espainiar estatuak urruntze politikekin amaitzeko agertutako borondatearen aurkakoak direla salatu du Sarek.

Lekualdatze hauek presoa bere herritik urrunago den espetxe batera izateaz gain, aldaketa gauzatu artean, isolamenduan preso izan dituztela ere adierazi du Sarek, horretarako inolako arrazoirik gabe, isolamendu egoerak dakartzan muturreko baldintza gogorretara presoa era bikoitzean zigortuz. Egoera hau onartezina dela eta preso hauek bizitako egoera euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politikaren erakusle garbia dela agertu du elkarteak.

Sarek, garai berri baten aurrean gauden honetan, atzera urrats nabarmen gisa kokatu ditu urrunketa hauek, are gehiago, espainiar gobernutik urruntze politikarekin amaitzeko konpromisoaz mintzatu ostean, legearen aurkako ez ezik, gobernuaren beraren konpromisoen aurkako erabakiak direla salatuz.

Espainiar hauteskundeen bezperetan garen honetan, herri honek aurrera egiteko erakutsitako nahi eta beharrari erantzuten dioten politika ausartak garatzeko unea dela deritzo Sarek. Elkarbizitzan eta bakean biziko den jendarte bat eraikitzeko, sufrimenduarekin amaitu beharra dago, salbuespen legediarekin amaitu eta legea oinarri hartuta, zigor atxiki eta urrunketarekin amaitzea ezinbestekoa dela adieraziz. Horregatik, atzera urrats bat bera ere ez emateko eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen dio Sare Herritarrak espainiar gobernuari, baita, hauteskunde hauetan euren burua aurkeztu duten alderdi eta ordezkariei; aurrera egiteko unea da.