OHARRA: “Espetxe Zuzendaritzari senideei bisitak berrezartzerako garaian, urruntze politikak ezartzen dizkien berezitasunak direla eta, berauek asteburuetan egiteko lehentasuna izateko eskaria egin diogu”

Izan Bidea dinamikak aurrera doa, eta elkartasuna eta atxikipenak batzen jarraitzen du, Euskal Herrian, baita beste leku askotan ere. Presoak eta erbesteratuak etxera ekartzeko bidea egiten ari gara.
Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen bidea egiten ari gara.

Eta bidea egiten ari garen bitartean gure azken helburuak zabaltzen ari gara euskal gizartean.

Konponbidearen eta bakearen bidea ezinezkoa da indarkeria mota guztien biktimek merezi duten errespetua eta aitorpena lortzen ez duten bitartean, eta aurkariaren aurkako arma jaurtitzaile gisa erabiltzen diren bitartean.

Ezinezkoa da ere presoak eta erbesteratuak etxetik urrun dauden bitartean eta haien eskubideak urratzen jarraitzen den bitartean.

Argi daukagu bide luzea eta zaila izango dela, baina errazagoa izango dela egunez egun emakume eta gizon gehiago erakartzen baditugu helburu horretara, eskubideez ari garela jakinda. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara, eta euskal presoei, erbesteratuei eta haien senideei ere badagozkie eskubide horiek.

Etapak bete beharko ditugu presoak eta erbesteratuak etxera ekartzea lortu arte, eta, bitartean, urratsak eman beharko ditugu espetxean dauden gizon eta emakume hauen egunerokoan eta haien senideen egunerokoan eragina duten alderdiak konpontzeko, sarritan eragin hori larria baita.

Preso hauek hiru hilabete daramatzate senideekin elkartzeko aukerarik gabe. Urrunduta egoteaz gainera, alarma-egoeraren ondorioz debekatuta dagoenez zirkulatzea, ezinezkoa izan da bisitak egitea.

Hemendik egun batzuetara amaitu egingo da alarma-egoera, eta orduan hasi ahalko dira berriro bisitak egiten.

Alarma-egoera amaitzen denetik aurrera bisitak nola egingo diren zehazten duten zenbait azalpen entzun ditugu, eta aukeretako bat da Espetxeetako Zuzendaritzak asteko egun guztia erabiltzea bisitak egiteko estatuko kartzeletan. Hori dela eta,  SAREk beharrezkotzat jo du Espetxeetako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzea, salatzeko, bisitak egiteko asteko egun guztiak erabiltzeko aukera hau euskal presoei aplikatzen bazaie, haien eskubideak eta, bereziki, haien senideenak urratuko liratekeela, neurri hori hartzen bada, lanegunak hartu beharko dituztelako euskal presoak dauden espetxeetara joan ahal izateko.

Halaber, bisitak metatzeko eskatu dio Sarek Espetxe Zuzendaritzari. Hau da, preso baten senideek edo lagunek ezin badute egun batean bisitatu, egin gabeko bisita horren denbora hurrengoan metatu ahal izango da.

Eskatu diegu kontuan hartzeko egoera hori eta, euskal presoekin adostuta, bisitak asteburuetan egitea, alarma-egoera deklaratu arte egiten ziren bezala. Horrela, senideek orain arte bezala antolatu ahal izango lituzkete bidaiak.

Espero dugu aintzat hartzea eskaera hau.

Bitartean, aurrera egiten jarraituko dugu, eskubideak urratzen dituzten oztopoak kentzen, gure azken helburua lortu arte.