OHARRA | GORKA FRAILE PRESOAREN BALDINTZAPEKO ASKATASUNAREN HARIRA

Gorka Fraile euskal presoaren baldintzapeko askatasuna berri oso ona da, eta bat egiten du SARE aldarrikatzen ari den bidearekin.

Gorka Frailek espetxe-baimen batzuk izan ditu orain arte eta, hirugarren gradura pasatu ondoren, posible izan da baldintzapeko askatasuna ematea, Espetxe-zaintzaren Epaitegi Zentralaren autoaren arabera.

Espainia eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta dauden 237 euskal presoetatik, Gorka Fraile da hirugarren espetxe-graduan zegoen bakarra. Preso horietatik % 80,5 lehen graduan dago oraindik, gehienek kondenaren hiru laurdenak beteta izan arren. Hori dela eta, hirugarren espetxe-graduan egon beharko lirateke.

Espero dugu Gorka Fraileren kasuan hartutako erabakia ez izatea anekdota bat, beste espetxe-politika baten hasiera baizik; hiru hamarkada luzez bere eskubideak urratuta ikusi dituen kolektiborekiko humanismoa arau nagusitzat hartuko duen politika baten hasiera hain zuzen.