Orain Presoak dinamikako kideek egindako agerraldiak bi helburu bete asmo zituen; batetik, jaso duzuen deialdia aurreratu dugun moduan, Urriak 20ko konbokatoriaren baitan egin behar izan dugun aldaketa garrantzitsu baten berri emateko eta bestetik, uda aurretik eta udan zehar Madrildik jasotako berri eta mezuen inguruko gure irakurketa egin eta manifestaziora batzeko arrazoiak helarazteko:

Lehen lehenik, jakinarazi nahi dugu, Urriak 20rako Bilbon deitua genuen manifestazioa Donostiako (Antiguoko Tuneletik) kaleetara lekualdatzera behartuak aurkitu garela. Izan ere, Urriak 20an Bilbon Bilbao Night Marathon lasterketa antolatu dute eta barne sailak jakinarazi digunez, bi ekitaldiak bateraezinak dira, Bilbo hiri osoa moztu beharko genukeelako eta guztiok ikusten dugu horrek arazo larriak eragin ditzakeela. Horregatik, eta arazoa benetan pisutsua dela ulertuta, manifestazioa hiriburuz aldatu eta deialdia Donostiara egitea erabaki dugu.

Hiriburuz aldatu arren, urriaren 20ko datak helburu berak mantentzen ditu. Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu eta batu garenok, ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena.

Horretarako, ekainaren 2an eginiko aurkezpenean azaldu moduan, ezinbestekotzat jotzen dugu milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea. Jakitun gara, herri honetan bizi garenon artean, minak eta oinazeak askotarikoak direla. Ez ditugu horiek ahantzi ez eta atzean utzi nahi. Aurrez esan bezala, gure nahia elkarbizitzan eta bakean den jendarte baterantz urratsak ematea da, horretarako zauriak sendatu eta korapiloak askatzea beharrezkoa delarik. Baina, argi dugu ere, oraindik orain, indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz gain, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela, astebururo astebururo milaka kilometro egitera behartuak izanik edota larriki gaixo diren euren senideak hain urrun izanda, alerta egoeran bizitzera behartuak egonez.

Zentzu honetan, azken hilabeteetan hainbat ahots entzun ahal izan ditugu espetxe politika honen aldaketa beharraz mintzo izan direnak. Guztiak pozez eta esperantzaz jaso ditugu. Bereziki, aipatzekoak dira, Madrilen gauzatutako gobernu aldaketaren ostean Espainiako presidentearen zein barne ministroarengandik jasotako mezuak. Lehen aldia da presidente baten ahotik halakoak entzuten ditugula eta zentzu horretan, pozgarria deritzogu emandako jarrera aldaketa. Baina, esan beharra dugu ere, oraindik ez dugula argi zein den proposatzen duten bide-orria. Eta horrek kezka ere sortu du. Benetako aldaketa batez ari bagara, hitzak ez ezik, ekintzak ere beharrezko baitira, eta helburu garbiak; sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea. Hori da, gure ustez, jendarte honek merezi duena eta gure ondorengoei utzi beharreko ondarea. Ez baitugu sinesten, inork, herritarrok azken urte luzeetan bizi izan duguna gure atzetik datozenei opa dienik. Ez dugu halakorik astakeriarik sinetsi nahi.

Horregatik, dinamika honen baitan gabiltzanok, aipatzen dugun aldaketa horren oinarriak ezartzeko unea dela konbentzituak gaude. Horretarako aukerak zabaldu zaizkigulakoan gaude eta guztiok desio dugun sufrimendurik gabeko egoera berri bat eraikitzeko, gutako bakoitzaren bultzada behar beharrezkoa dela uste dugu. ETAren disoluzioak, iparraldean gizarte zibilaren inpultsuz Estatu frantsesak emaniko urratsak eta Madrilen ezarritako gobernu berriak auziaren baitan itxuraz duen jarrera aldaketak ate berriak zabaldu ditu bai, baina jakin badakigu, haize bolada batez berriro ere ixteko arriskua badela, batez ere, Espainian hauteskundeak ate joka diren honetan. Hala ba, herritar oro gonbidatu nahi dugu gurekin batera bakearen eta elkarbizitzaren norantzan ekitera eta espainiar gobernuari urratsak determinazioz emateko, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eskatzera. Finean, zabaldutako ateek eskaintzen duten aldaketarako aukera, oinarri atzeraezin bilakatzera. Ondoren datorren inork, jada atzean uzten gabiltzan garai ilunetara itzultzeko nahia izanez gero halakorik egin ahal ez dezan.

Urriaren 20ko zita horretarako da hain zuzen ere, elkarrekin eragiteko. Urratsak eman daitezen bultzatzeko. Aldaketa egi bilakatzeko. Gaur, zuetako bakoitzarengana zuzentzen gara. Orain dugu urteetan luzatu den sufrimenduarekin amaitzeko aukera. Zauriak ixten hastekoa. Korapiloak askatzekoa. Bakean eta elkarbizitzan den jendarte bat eraikitzeko aukera.

Urriaren 20an zatoz zu ere Donostiara.