Sare Herritarra Jonan Fernandez, Bakea eta Bizikidetzaren Idazkari Nagusiarekin bildu da espetxe politikaren aldaketen inguruan Gobernu Espainiarrarekin dituen harremanen berri jakiteko, Eusko Jaurlaritzaren bide orriaren berri izateko eta Sarek auzi honen inguruan duen kezka eta aldarrikapenaren berri emateko.

Bileraren ostean, Inaxio Oiartzabal eta Joseba Azkarraga bozeramaileek hitz egindakoaren inguruko balorazioa eta bart ezagutzera eman ziren Gobernu espainiarraren azken mugimenduen inguruan aritu dira prentsaurrean. Oiartzabalek bilera ongi joan dela adierazi du, hainbat iritzi zein lan lerro elkarbanatu dituztela ziurtatuz. Kezka ere adierazi du ordea Sareko bozeramaileak, izan ere, oraindik orain, Gobernu espainiarrak auzi honen aurrean, hitzez gaindik, duen bide orria falta dela eta azken mugimenduek ez diotela ez legeak dioenari, ez giza eskubideen errespetuari, ez eta jendartearen gehiengo batek, maila sozialean zein instituzionalean, eskatzen duenari erantzuten. Zentzu honetan, gogorarazi du, Gasteizko zein Nafarroako parlamentuek, gehiengoz, urruntze politikaren amaieraren alde eta larriki gaixo diren presoen kaleratzearen aldeko adierazpenak onartu dituztela.

Oiartzabalek Sare Herritarra Gobernu espainiarrak iragarritako aldaketa hauek bizkortzeko eta ziurtatzeko lanean jarraituko duela adierazi du eta Eusko Jaurlaritzari euskal presoen benetako gerturatze baten alde ekin dezala eskatu dio, inolako baldintzarik gabekoa eta presoak euren etxeetatik gertuen egotea ahalbidetuko duena. Ideia hau bera transmititu diote Jonan Fernandezi ere bileran zehar. Horrez gain, Kepa Arronategi larriki gaixo den presoa Zuera espetxera mugitzen dutenaren albisteari eutsiz, Sareko bozeramaileak larriki gaixo diren presoak, legez, kaleratuak izateko eta euren etxean behar duten artatzea jasotzeko eskubidea dutela azpimarratu du eta ondorioz, Arronategiren espetxe aldaketak dagozkion eskubideak urratzen jarraitzea dakarrela ziurtatu du.

Amaitzeko, Sare Herritarrak urriaren 20an Donostian zita garrantzitsu bat dugula gogorarazi du. Herritarrak espetxe politika hau behin betikoz aldatu dadin eta bakean eta elkarbizitzan urratsak eman daitezen batzeko zita, hain zuzen ere.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare