Orain Presoak bizikleta martxa aurkeztu dugu gaur Gernikako Picasso muralaren parean

Gaurkoan, iaz egin genuen moduan, uztailerako antolatzen gabiltzan bizikleta itzulia aurkeztera gerturatu gara hona, Gernikara, Picassok duela 82 urte osatuta eta egun bakearen sinbolo bilakatu den margolan honen muralaren aurrera. Izan ere, oraindik orain, biktima guztiak eta espetxeen auzia askatuko duten akordiorik gabe, Euskal Herrian ezin dugu bake integral eta egiazkoaz hitz egin, egoera honek elkarbizitza ahalbidetzeko esparruak sortzea zailtzen baitu.

Izan ere, Orain Presoak dinamikaren baitan deitu dugun bizikleta martxa honekin, pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria zabaldu asmo dugu Euskal Herriko herrietan zehar. Iaz, Mont de Marsan espetxea eta Zaballako espetxea batu genituen. Mont de Marsan, Bakegileek frantziar Estatuarekin abiatutako prozesua dela eta bertara eta Lannemezaneko espetxera euskal presoak gerturatzeko hartutako erabakiaren sinbolo gisa. Eta Zaballa, espainiar Estatuaren aldetik ere, gerturatze horiek emateko beharra irudikatu eta Estatuan zehar sakabanatuak diren euskal presoak Euskal Herrian diren espetxeetara ekartzeko aldarrikatzeko sinbolo gisa. Bide batez, gogoratu nahi dugu egun oraindik espetxean diren 254 euskal presoetatik %65a 600/1000km-tara urrundua dagoela eta %21 400/590kmtara.

Hori hala, oraindik ere, aldarri horri eutsi eta lortze bidean lanean jarraitzen dugun. Hala, uztailaren 19tik 21era elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri batuko ditugu; Luhuso eta Gernika. Luhuso, non ETAren armagabetzea eta disoluzioa ahalbidetzeko lehen urratsak eman ziren, gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo bilakatu dena eta Gernika, bizikidetzaren eta bakearen eredu eta sinbolo.

Herri gisa norabide horretan aurrera egin nahi baitugu. Horretarako, espetxe politika honekin amaitu eta salbuespen neurriak, behin betikoz, bertan behera uzteko norantzan eman behar ditugu urratsak, edota kasu honetan, pedalkadak. Hala, Luhuso eta Gernika bitarte igaroko ditugun herrietan ere, euskal presoek egun oraindik bizi dituzten urraketak landuko ditugu.

Jarraian martxaren inguruko informazioa emango dizuegu, baina, gaur hemen batu garela probestuz, datorren astean, ekainaren 8an, Miarritzen egingo den giza-katerako deia ere egin nahi diogu gizarte zibil osoari. Dakizuen moduan, Bakegileek herritar orori dei egin diote, frantziar Estatuarekin abiatutako prozesua babestu, indartu eta aurrera urratsak emateko inpultsua emateko, ekainaren 8an 16:00etan Miarritzen bat egiteko deia zabaldu dute eta Orain Presoak dinamikatik ere, deialdi horrekin bat egin eta hegoaldeko herritarrak bertaratzera gonbidatu eta animatu nahi ditugu.

 

Bizikleta martxara itzulita, jakin dezazuen, banatu zaizuen testuan zehaztasun gehiago dituzuen arren, hauexek dira izango dituen etapak:

uztailak 19: Luhuso-Zarautz
uztailak 20: Zarautz-Lekeitio
uztailak 21: Lekeitio-Gernika

Bizikleta martxaren gaineko informazio guztia eta izen emateko aukera gure web orrialdean izango duzue, www.sare.eus/orain-presoak/tourra/