Osasungintzako langileek bat egiten dute Donostiako deialdiarekin

> Bidalitako atxikimendua:

 

Euskal presoei ezartzen zaien dispertsio politika krudela eta mendekaria da, eta are gehiago, larriki gaixorik dauden presoen kasuetan. Oinarrizko osasun eskubideak ukatzen zaizkie. Gaixotasun larriaren lehenengo zantzuak agertzen direnetik, azterketa eta diagnosi sendoa lortu arte urteak pasatzen dira, eta bitartean, gaixotasunak bere bidea egiten jarraitzen du. Ez dira beraien gorputzen eta osasunaren jabe, ezin dute familiaren babesa sentitu, ezta une larrietan ere. Kideen laguntza ukatzen zaie. Bakardadean eraman behar dute gaixotasunaren zama astuna eta mingarria, eta egoera hau bereziki grabea da gaixotasun psikologikoz jota daudenentzat.

Esklerosiak, minbizia, muturreko arazo psikologikoak, bihotzeko gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoak, ikusmen arazo larriekin daudenak… Egoera muturrekoa da eta preso hauen familia eta inguruneak beti kezkan, beti erne, beti telefono dei baten beldur, beti ezinean bere senidea zaintzeko, beti sufritzen.

Giza eskubideak urratzen ditu espetxe politika krudel honek. Erabaki politikoak oinarrizko giza eskubideen gainetik jartzen dira.

Ezin dugu egoera krudel honekin jarraitu. Osasungintzako langile gisa, gaixorik dauden presoen oinarrizko osasun eskubidea urratzen diren bitartean ezin dugu geldirik geratu.

Beraz, irailaren 26an, larunbata, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Kursaalen, SAREk egiten duen deialdiarekin bat egiten dugu eta bertara agertzeko gonbidapena luzatzen dugu.