SARE “ARNALDO OTEGI ASKATU; EUSKAL PRESOAK, ETXERA” adierazpenarekin bat

Joan den asteartean, Martxoaren 24ean, Basque Friendship Groupek sustatutako adierazpena aurkeztu zen Europar Parlamentuan, nazioartean ospe handia duten 24 pertsonek sinatuta eta dispertsioaren amaiera eskatuz euskal presoak kartzelatik ateratzeko aurre pausu gisa, Arnaldo Otegiren askatasun-aldarrikapenetik hasita. SAREk adierazpen hau pozez hartu du, horren atzean, dispertsioak kaltetzen dituen pertsona (presoak zein euren senide eta lagunak) ororen eskubideen defentsaren aldeko kontzientziazio eta elkartasun lan handia baitago, bai eta Euskal Herrian hainbeste sufrimendu eragin duen gatazkari konponbide justu eta iraunkorra ematearen aldekoa ere. Hemendik, bihotzez eskertu nahi dugu Friendship Group zein 24 sinatzaileen konpromisoa, irmoki adieraziz ekimen honekin elkarlanean aritzeko prest gaudela.

Adierazpenak garrantzi handia hartzen du Espainiar Gobernuaren espetxe politika nazioartean salatzearen ildotik. Horrez gain, 24 sinatzaileen artean, askok espetxea ondo ezagutzen dute, baldintza gogorretan urte luzez pairatu baitzuten. Zalantzarik gabe, bizipen horiek direla eta, euskal presoei zein senideei krudelki aplikatzen zaizkien dispertsio eta salbuespeneko neurrien ondorioak aski ongi ulertzen dituzte.

Bestalde, Friendship Group herrialde eta ideologi politiko ezberdinetako parlamentariez osatuta dagoen arren, ados jarri dira dispertsioarekin amaitzeko premiaren inguruan, alegia, bake eta eskubideen aldeko apustuan. Horrela, irmo erakutsi dute helburu jakin baten aurrean ezberdinen arteko adostasuna eta elkarlana posible dela, eta hain zuzen ere mezu hori da SAREk bere sorreratik aldarrikatu duena, euskal eragile politiko eta sozialei bide horretan lerratzeko eskatuz. Hemen antzeko akordioak eraikitzea funtsezkoa da, milaka herritarrei eragiten dien ezin justifikatuzko sufrimenduarekin behingoz amaitzeko.

Zentzu horretan, SAREk berretsi nahi du konponbide justu batek, gatazkak sortu duen sufrimendu guztiari, datorren lekutik datorrela, erantzun egokiak eman behar dizkiola. Edonola ere, gaur egun giza eskubideen urraketa aplikatuz era aktiboan diharduen bakarra Gobernu espainiarra da, zeina mendekuan eta gupidagabeko zigorrean oinarritutako espetxe politikan tematuta dagoen. Horregatik, gure ahaleginak sare herritar indartsua eraikitzera bideratu ditugu, zeinetik politika anker horrekin bukatzeko euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapena bultzatuko duen.

Adierazpena egin eta biharamunean, Gobernu espainiarrak beste polizia operazio bat jarri zuen martxan presoen eta euren senideen eskubideen defentsan jarduten duten pertsonen aurka. Joan den Urtarrilean gertatu zenaren errepikapena dirudi, zeinetan, SAREk deitutako mobilizazio masiboaren ostean, polizi operazio hark presoen abokatuen kontra jo baizuen. Ez da kasualitatea Gobernu espainiarrak horrela erantzutea, noiz eta elkartasuna deslegitimatzeko eta ilegalizatzeko asmoz bere espetxe politika krudela agerian eta kolokan geratu denean.

Esparru honetan, Europako begirada kritikoak gero eta maizago jartzen du arreta Gobernu espainiarraren eskutik datozen ekintzetan (edo ekintza-ezan). Dispertsioari dagokionez, Estrasburgoko Tribunalaren bi sententziek argi utzi dute preso eta senideen eskubideen aurkako jarduera dela. Bi sententzia hauek berehala ezarri beharko lirateke Estatu espainiarrean, baina Gobernuak ez ikusiarena egiten die.

Gobernu espainiarrak espetxeen inguruan eraiki nahi duen isiltasun-hesia pitzatzen hasia da. Pitzadura areagotzeko, ezinbestekoa da sare herritarra eraikitzen jarraitzea, norbanakoez nahiz herri-mugimenduez osaturikoa, eta giza eskubideen auziaren inguruan alderdi politikoen arteko akordioaren alde egitea, alderdikeriak albora utzita.

SAREk lanean jarraituko du, sufrimenduari ateak betiko ixteko eta itxaropenari irekitzeko. Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea.