Sarek, datorren ekainaren 16an bere 5. urteurrena ospatzeko Donostian, Miramoneko Zentro teknologikoan egingo duen ekitaldiaren berri eman du gaur Gasteizko egoitzan eskainitako agerraldian. Urteurren hau, “urte guzti hauetan josi dugun sare zabal honen parte diren pertsonekin batera ospatu” asmo du elkarteak. Ekitaldiaren gaineko nondik norakoak azaldu aurretik ordea, Sarek, azken urte hauten bizitakoaren eta egindakoaren balantzea egin du, honakoa adieraziz:

  • Lehenik eta behin, nabarmendu nahi dugu, bost urte hauetan Sare zabal eta anitza osatzea lortu dugula, ideologia ezberdina duten pertsonak batuz. Honek, dudarik gabe, jaio gineneko oinarria biderkatzea ekarri du.
  • Zentzu honetan, garrantzitsua da, gure oinarri sozialaren zabalpenaz harago, urte hauetan gizarte zibilaren, instituzioen, alderdien, sindikatuen eta baita Giza Eskubideen alorrean lan egiten duten eragileen arteko artikulazioa lortu izana nabarmentzea.
  • Orain arte egin dugun bidearen balorazioa positiboa dela deritzogu. Baina kontziente gara ere guri gustatuko litzaigukeena baino geldoagoa izaten ari dela eta oraindik ere, nahi baino traba gehiago ditugula gainditzeko.
  • Orain artean esan izan dugun moduan, Sare helburua batekin eta iraungitze datarekin jaio zen. Data hori, lehenbailehen izatea gustatuko litzaiguke guri. Honek, urteetako sufrimenduaren eta giza eskubideen urraketaren amaiera eta elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte baten eraikuntzaren hasiera adieraziko bailuke. Finean, oraindik orain, horrenbeste min eragiten duen espetxe politika honen gaineko konponbidea.
  • Kontziente gara ere, bost urteko lanaren ostean, oraindik ere bide luzea dugula egiteke eta Sare osatzen dugun kideok, gure konpromiso osoa erakusten dugu duela bost urte San Telmon, Donostian, elkarte honi ezarritako helburu eta printzipioak betetze bidean.
  • Baina, etorkizunari baikor begiratu nahi diogu eta zailtasunak zailtasun, argi dugu, azken bost urte hauetan herri honek urrats sendoak eman dituela eta esperantzari ateak zabaldu dizkiola. 2011eko urrian ETAk hartutako erabakia eta 2018ko maiatzean emaniko disoluzioa, euskal presoek espetxe legedia jarraitzeko hartutako erabakia, gizarte zibilaren aktibazioa konponbiderako subjektu gisa, Estatu frantsesean emandako negoziaketa eta hauen osteko urratsak, gehiengo sindikal eta politikoaren baitan lortutako deklarazio bateratuak eta baita, guk nahi modukoa ez izan arren, egungo Espainiako Gobernuak presoen auziari dagokionean emandako jarrera aldaketak… garai berri bati atea zabaldu diote.
  • Zentzu honetan, azken hauteskundeetako emaitzei erreferentzia egiteko probestu nahi dugu tarte hau ere. Argi ikusten baitugu, emaitzei erreparatuz, espetxe politikan oraindik bizi dugun inpas egoera aldatzeko gehiengoa badela. Amaitu dira beraz aitzakiak. Borondate politiko kontua da orain gehiengo horiek baliatuz urratsak ematea. Modu batera zein bestera, gorroto eta mendeku dinamikak alboratu eta giza eskubideak errespeta daitezen eta sufrimendu oro amai dadin akordioak eta urratsak emateko eskatzen jarraituko dugu.
  • Garai berri baten aurrean aurkitzen garela esan dugu eta, hori hala, Sarek berak ere garai berri honetara egokitzeko salto kualitatibo bat eman behar duela uste dugu; bai dinamiken garapen mailari dagokionean, baita oraindik ere gure lanarekiko atxikipena ez duten sektore zein norbanako horiengana iristeko lanketan ere, ulertaraziz, guztioi eragiten gaituen gaitza dela espetxe politika honek sortzen duena eta ideologien gainetik, elkarbizitzaren baitan urratsak emateko beroni irtenbidea ematea ezinbestekoa dela. Unea da ere Sarek etorkizunaren gaineko hausnarketei ekitekoa eta bere buruari ezarritako helburuak berdefinitzekoa. Urrats kualitatibo hauxe bera da datorren ekainaren 16an Donostian egingo dugun ekitaldian zuekin eta gizarte zibil osoarekin elkarbanatu nahi duguna.
  • Ekitaldiari dagokionean: hausnarketa hauen berri emateko baliatuko dugun ekitaldi xumea izango da ekainaren 16koa. Bertan, bost urte hauetan lagun izan ditugun kideak eta ordezkaritza politiko, kulturak, sindikal eta soziala batuko dugu.
  • Dudarik gabe, ekitaldi honen ostean, ziklo berri bati ateak zabalduko dizkiogu.