SARE HERRITARRAREN OHARRA EUROPAK GORKA FRAILEREN AUZIAN IZANDAKO EBAZPENAREN AURREAN:

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Gorka Fraile euskal presoak 2017an, Badajozeko espetxean zela (700km) gerturatua izateko ezarritako demandaren ebazpena eman du gaur. Auzitegiaren erantzunak ez du aurrez espainiar epaitegiek Fraileri emaniko ezezkoa zentsuratzen, erabakia espetxe politika antiterrorista batean eta ETAren existentzian oinarritzen zela argudiatuz, hala adieraziz “gerturatzeari emaniko ezetza bere egoeraren ebaluazio indibidualean eta espetxe politika orokorrean” oinarritzen da.

Sare Herritarretik ebazpen honekiko bere desadostasun osoa agertu nahi du, presoak era bikoitzean ez ezik bere senideak ere zigortzen dituen espetxe politika hau baimendu eta iraunkortzen duela uste baitugu, hala, preso eta senideen eskubideak urratuz eta ezohiko legedia aplikatuz. Europako Auzitegiak erabaki hau “auzi-jartzailearen familiarteko bizitza errespetatua izateko eskubidea ez da era desproportzionatuan mugatua izan, desordena eta delinkuentzia prebenitu eta gainontzekoen eskubide eta askatasunen babesaren” ziurtatzearen oinarrian hartu dela argudiatzen du, honela, ETAren disoluzioaren aurreko garaiari erreferentzia eginez. Zentzu honetan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, zeharka, urruntze politikak ETArik gabeko egoera berri honetan, zentzurik ez duela onartzen du, ezta oinarri juridikorik ere. Bide batez, gogora ekarri nahi dugu, egungo espainiar Gobernuak ere, duela hilabeteak, bide beretik, ETArik gabe, urrunketa zentzugabea zela adierazi zuela.

Sare Herritarrak, argi du, ETAren disoluzioaren osteko garai honetan, euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikak eta salbuespen legediak ez duela ez oinarri politikorik, ez segurtasun neurriak argudiatu ditzaken oinarririk, ezta oinarri juridikorik ere. Hori hala, oraindik orain ehunka kilometrotara sakabanatuak dauden euskal presoak, berehala Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar direla aldarrikatzen dugu. Jada ez dago erabaki hau denboran luzatzeko inolako aitzakiarik.

Esandakoaz gain, Gorka Fraileren kasu konkretura itzulik, gogorarazi nahi dugu Durangoko presoa, jada 21 urte espetxean daramatzana, 20 pertsonako zerrenda osatzen duen larriki gaixo den presoetako bat dela. Hala izanda, Gorkak etxean behar luke, bere senideen babesa jasoz, konfiantzako medikuaren jarraipena jasoz eta bere gaixotasunari aurre egin ahal izateko beharrezko dituen baldintza egokietan. Horregatik, ohar hau Gorka Fraile eta gainontzeko larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatzeko ere baliatu nahi dugu.