Uztailaren 23an, 24ean eta 25ean izango da aurtengo bizikleta itzulia, Sarek antolatzen duen hirugarrena. Aurtengoa ordea, edizio berezia izango da, Covid-19a dela eta ezarritako egoerak dakartzan oztopoak eta hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta. Horregatik, 2020ko bizikleta itzulia hiru egunetan egingo diren etapa ezberdinek osatuko dute; uztailaren 23an, Lekunberritik Hernanira martxa egingo dugu, Nafarroa eta Gipuzkoa batuz. Uztailaren 24ean, Urduñatik Durangora martxa egingo dugu, Araba eta Bizkaia lotuz. Eta azkenik, uztailaren 25ean, lau etapa izango ditugu, Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetara (Zaballa-Gasteiz, Basauri-Bilbo, Iruñeko espetxea-Iruñea, Martutene-Donostia).

Aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da, bai senide eta baita preso dauden Euskal Herritarrentzat ere. Covid-19a dela eta hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe. Hiru hilabete luze izan dira, zeinetan haurrak ezin izan duten euren gurasoekin bisitarik izan. Denbora guzti horretan ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoei dagokionean, baita espetxeetan dagoen gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz, beldurra ere. Hori nahikoa ez balitz, urruntze politikak gauzak are zailago eta gogorragoak bilakatzea ekarri du. Orain, bisitak berreskuratu ostean, senideek berriro ere ehunka eta milaka kilometro egin behar dituzte, pandemia oraindik indarrean den honetan, bizia errepidean arriskatuz.

40 urte luze daramatzate senideek sufrimenduzko egoera hau pairatzen eta Covid-19ak are ageriagoan utzi du politika honek dakartzan oztopoak eta sufrimendua eta euskal presoak euren bizilekutik gertu egotearen beharra. Bada garaia behin betiko egoera honekin amaitzeko. Bada garaia presoak euskalherriratu eta hauen etxeratze prozesua gauzatzeko.

Horregatik, igaro berri den maiatzean aurkeztu genuen Izan Bidea ekimenaren baitan antolatu dugu ekimen hau; preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako. Eta hain zuzen ere horregatik uztailaren 25ean antolatu dugun azken etapa Euskal Herriko espetxeetatik irten eta gure herriko hiriburuetan amaituko dugu, etxean.

Beraz, bizikleta hartu eta gurekin batera bidea egitera animatu nahi zaituztegu, guztion artean kilometroak egiten jarrai dezagun. Bizikleta itzulian izena emateko www.sare.eus web-orrian sartu eta bizikleta itzulia atalean sartu.

>>IZEN-EMATEA