Hemen elkartu gara Espainia eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta dauzkaten euskal presoen seme-alaba eta hauen ama-senide batzuk. Ez gaude denak, ez baita erraza guztiak elkartzea. Gaur gaurkoz, oraindik ere ia 100 motxiladun haur-nerabe ditugu Euskal Herrian. Haserre gaude. Minduta. Inpotentzia handia sentitzen dugu. Gure haurrak beren aita, ama edo kasu batzuetan biekin egon gabe urte erdia daramate. Egoeraren gogortasun eta krudeltasunak kalera atera gaitu, jendarteari ezkutuan dagoen errealitate hau kontatzeko. Nola da posible egoera hau onartzea? Zein agintari, politikari, epaile edo herritarrek onartuko luke bere seme-alabak ikusi eta besarkatu gabe hainbeste hilabete egotea?

Haur hauen inguruko lanketa hau abiatu genuenean esan genuen motxiladun haurrek zigor hirukoitza bizi zutela; egunerokoan guraso presoarekin ezin egona, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia dela eta beraiek noizbait etxean izateko esperantza ere ukatzea, eta urrunketa medio, eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak.

Gaurkoan, berriz, horri guztiari gehitu beharreko beste zigor bat ere badugu, laugarrena. Covid-19a dela eta, denok pentsatuko ez genukeen egoera bizi behar izan dugu; eskolak itxita, etxetik ateratzeko debekua, maite ditugun senitarteko-lagunekin ezin egona… eta gure haurren kasuan guzti horri aitarekin, amarekin edo biekin hilabete luzez ezin egotea gehitu zaie.

Horren erakusgarri da, hemen dauden haur hauetako asko, preso dagoen bere aita edo amarekin egon ziren azken aldia otsaila edota martxoa hasiera izan zela, bada hemen aitarekin egoteko azken aukera otsaila hasieran izan zuenik ere. Otsailetik haur gehienek oraindik ere ez dute berriz euren guraso den presoarekin egoteko aukerarik izan. Badira aste batzuk “normalitate berria” kontzeptua entzuten ari garela eta guretzat “zaharrak berri” izaten jarraitzen du; motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira.

Badira bi-hiru aste lokutorioko bisitak egiten hasi direla Estatu espainiarrean, baina oraindik ere kartzela gehienetan ezin da aurrez aurreko familiar eta elkarbizitzakorik egin. Gainera, uztailean joan ahal izan duten haurren kasuan

preso gurasoa kristal baten atzean ikusi edo bidaia ohiz kanpoko baldintzetan egin behar izan dute. Gure haurrek 6 hilabete beteko dituzte barruko guraso presoarekin egon gabe. Kartzela batzuetan esan diete abuztuan ere ez dutela familiarteko aurrez aurrekorik izango; badirudi beste kartzela batzuetan, , abuztuan izango dugula berriro ere aurrez aurreko horiek egiteko aukera, baina nork ziurta diezaguke egoera ezegonkor honetan hori horrela izango dela? Konfinamendu, isolamendu eta neurri berrien mamua geroz eta handiagoa den honetan; abuztuan nork ziurta diezaieke ama ikustera Galiziara edo aitarekin jolastera Cordobara joan ahal izango dutenik? Esaterako, Zuerako espetxean aurrez aurrekoak eten dituzte berriz ere.

Frantziar espetxeetan gurasoak dituzten haurrak otsailetik uztailera arte egon dira eurekin egon ezinik. Gainera, bisitetan musukoa, aita presoa ezin ikutua…izan dira espetxeren batean izan dituzten neurrietako batzuk.

Bestalde, Espetxean bizi diren motxiladun umeen egoera bereziki larria da. Aranjuez eta Picassenteko espetxeetan daude Izadi, Irati eta Ilargi. Oraindik ere ez dizkiete aurrez aurreko familiarrak eta konbibentzikoak onartu, eta ez dakite abuztuan izango dituzten.

Hainbat arrazoirengatik 3 amek 10-15 egunetako konfinamendua egin behar izan dute; horietako bik euren umeekin. Eguneko 21 ordu umearekin zeldan pasa behar izan dituzte!

Ume hauek covid aren aurreko egoeran asteburuak senideekin kanpoan pasatzen zituzten, kalearekin lotura sendotzeko ezinbesteko prozesu progresiboa baita. Orain, irteera horiek etenda daude eta horrek umearen erritmo eta egokitzapenean izan dezakeen eragina latza izan daiteke; hainbeste denbora kalera atera gabe egotea larria da, euren ingurua ezin ikusi, estimulo falta, kalearekiko prozesua etetea…

Euskal presoek Euskal Herrian egon behar lukete aspaldi, eta jakin badakigu etxetik gertuen duten espetxeetan egon beharko luketela aspaldi. Aldarrikapen hori ez da guk, hemen bildu garenok, senideok egiten dugun eskaera soila. Presoek hemen egon behar luketela euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarria da. Hor daude gainera, estatu espainiarreko kongresuko hainbat alderdik

sinaturiko presoen eskubideen aldeko manifestua edota #SOSPresoakCovid19 dinamika bera ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko zuzendariak egindako idatzia ere esanguratsua da eta honela dio: osasun publikoa prebenitzeko eta babesteko neurria litzateke preso bakoitza bere familia bizi den komunitate edo probintziara gerturatzea.

Alarma egoeran probintziatik ateratzeko debekua ezarri zenean motxiladun umeak ia egunero galdetzen zion amari: “Gure probintziatik atera ezin badugu nola bidaiatuko dugu hain urrutira aitatxo ikustera?” Jende asko bere urteroko oporrak bertan behera utzi eta etxe inguruan geratzea erabakitzen ari denean gure haurrek aita-amekin egoteko hamarnaka probintzia igaro behar ditugu, errepideko gasolindegi-restopetan geratu behar dugu, urruti, oso urruti dituztelako eta egun berean joan-etorria egitea ezinezkoa delako etxetik urrun dauden hostal-hoteletan igaro behar dugu gaua. Noiz arte? Zergatik? Aspaldi behar genituen ama-aitak hemen, baina orain ezinbestekoa da. Lehendik genuen urrunketa, arrisku, gastu ekonomiko, nekeari… pandemiak sortutako egoera hau gehitu zaio; ez da sontengarria. Salbuespen egoera honek aldatu behar du eta posiblea da. Gurasoak Euskal Herrian behar eta nahi ditugu orain!

Normalitate berria” kontzeptua bolo-bolo dabilen honetan benetako “normalitate berrirako” deia egin nahi dugu ozen gaurkoan. Bai, “normalitate berria” behar dugu Euskal Herrian, denok hobe biziko garen normalitatea behar dugu, haurrek beren gurasoekin egoteko aukera ukatua egongo ez den normalitate berria, euskal presorik gabeko normalitatea besteak beste. Behar dugu eta posiblea da.

Konponbidearen aldeko urratsak emateko deia luzatu nahi dugu. Aspaldi esan genuen eta gaur ere errepikatuko dugu; gu ari gara konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak ematen, eta horretan jarraituko dugu. Baina nola aurreratu daiteke bakean edo elkarbizitzan gaur azaleratutako egoera hauek mantenduz? Ezinbestekoa eta urgentea da preso eta iheslarien auzian ere benetako urratsak ematea.

Gu, ibiltarien sarearen parte gara, eta zuek ere euskal preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte izatera animatzen zaituztegu, izan bidea!

Azkenik, jakitera eman nahi dugu gure egoeraren berri emateko Arartekoari bilera eskatuko diogula, eta baita Espainiar gobernuko delegatuari ere, azken honek duen ardura kontuan harturik.