Sare herritarrak, bere II. Batzar Orokorrean, Giza Eskubideak, Konponbidea eta Bakearen aldeko ibilbide orriaren aldeko hautua berretsi nahi izan du. Euskal jendarte osoaren etorkizunaren, guztion etorkizunaren aldeko apustua delako berak duena.

Izan ere, Sare bezalako herritarren sare bat, sortu zen egunean bezain beharrezko da egun ere. Espetxeetan giza eskubideak urratzen jarraitzen dutelako; espainiar eta frantziar gobernuek konponbide prozesu bati uko egiten jarraitzen diotelako; eta baita ere, bake eta elkarbizitza eskenatoki bateruntz urratsak emateko saiakera oro oztopatzen delako.

Baina, 2017an zehar, eskenatoki horretarantz urratsak ematea bada euskal jendarteak duen erronka, bihar bertatik, Sare indartu beharra dugu, gutxienik ondorengo hiru gakoetan.

Batetik, ideologia ezberdineko sentsibilitateak barnebiltzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu; hau da, urtarrilak 5eko eta 14ko argazkietan gero eta jende gehiago barnebiltzen, otsailak 14koan egin genuen gisara. Bestetik, sarea ahalik eta herri gehienetara biderkatu behar dugu, jendearen bizi lekuetan eragin asmoz. Eta azkenik, gure helburuak lortze bidean Elkargunea indartzea ezinbestekoa da, sare guzti hau, eraginkorragoa izan dadin.

Zentzu horretan, gure lehentasuna euskal jendartea bere osotasunean aktibatzean datza. Batez ere, larriki gaixorik diren euskal presoen etxeratzea lortu dezagun. Preso hauen egoera muturrekoa da. Zerrenda gero eta handiagoa. Ezin gara eskuak gurutzatuak gelditu. Eta hau guztiagatik, apirilaren 8an Gasteizen mobilizatzera deitzen dugu.

Honekin batera, urruntze politikaren amaiera eta salbuespen legediaren indargabetzeak ere lehentasun ditugu. Argitu beharrekoa deritzogu, Estrasburgoko auzitegiek ez dutela euskal presoen urruntze politikaren inguruko sakoneko epairik eman. Gainera, Errusia eta Ukrania horrelako espetxe politikengatik zigortzen zituen ebazpenetan oinarrituriko doktrina mantentzen dutela adierazi dute.

Estrasburgok, soilik Lyon eta Pariseko espetxeen arteko distantziaz eman du epaia, epaiketa baten ondoren hor dauden preso batzuen helegiteari erantzunez.

Zaintza epaileak Sara Majarenas-en inguruan hartutako erabakiari dagokionez, gutxienik batera jarraitu ahal dutela bermatzen duen heinean, pausu baikorra dela deritzogu. Baina ezkorra da ere, eta beraz salatu beharrekoa, urruntze politika mantentzen delako. Eta baita ere, Sarak duela urte batzuetatik, aske egon beharko lukeelako, zigorraren 2/3k edota 3/4k beteta izanik. Beraz, dagoenekoz biak batera eta etxean izan beharko lukete, salbuespen legedia ezartzen zaielako ez balitz.

Hau guztiagatik, euskal jendarte osoari, eta bereziki alderdi eta instituzioei, hitzetatik ekintzetara pasa gaitezen deitzen diegu. Hainbat egoera direlako urgentziazko bultzada behar dutenak. Finean, pertsona guztien eskubideak, euskal presoenak barne, behin betikoz errespetatuak izatea bermatuko duen ekinbide bateratuaren beharra dutenak.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare