Dakizuen moduan, igaro den ekainaren 2an, Bilbon, jendartearen aniztasuna ordezkatzen zuten 46 norbanakok Orain Presoak dinamika jarri zuten martxan. Geroztik, 46 lagun horietaz gain, beste hainbeste izan dira dinamika honekin bat egin eta aniztasun eta zabaltasun hori handitzen joan diren kideak.

Bakegintza eta elkarbizitza oinarri hartuta, orain presoen auzia askatzeko unea dela aldarrikatzeko batu gara azken hilabete hauetan, jendartearen gehiengoaren nahiari jarraituz. Horretarako, espetxe politika definitzen duten estatuengan eragitea dagokigu, aurrera urratsak ematea guztion ardura baita. Giltza, beraz, gizarte zibilaren aktibazioan dago, berau modu zabalenean ulertuta; hau da, eragile, politikari, alderdi, ordezkari, sindikatu, instituzio eta norbanako ororen aktibazioa eta inplikazioa bultzatzea da gakoa.

Horixe da, hain zuzen ere, urriaren 20an lortu genuena. Espetxe politika aldatzeko kontsentsua erabatekoa dela ikusarazi genuen. Eta horren adierazle dira, era berean, udaletxeetan gehiengoz onartzen ari diren mozioak, aldaketa horri maila instituzionalean ere indarra ematen diotenak, hain zuzen.

Iragana ahaztu gabe egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktimei zor zaie egia, errespetua eta errekonozimendua. Baina iragana ez errepikatzea ere zor diegu gure ondorengoei, eta horretarako elkarlana ezinbestekoa da.

Guk bide horretan sakondu nahi dugu. Auzi honek erabateko konponbidea izan dezan, elkarlanean aritu behar dugu guztiok, eta bakoitzak bere eremutik jendartearen desio eta beharrak egingarri bilakatzeko urratsak eman behar ditu.

Hala egingo dugu Bilbon eta Baionan urtarrilaren 12an. Bi aldeak batuko dituen mobilizazio bakar honen bidez, euskal presoen auzia askatzeko eta espetxe politika honekin behingoz amaitzeko aldarriaren atzean jendarte osoa dagoela erakutsiko diegu, bai Frantziako, bai Espainiako estatuei.

Aspaldian izan dugun aukerarik onena daukagu orain eskuartean; elkarbizitzarako, elkarrekin aritzeko eta guztiontzako izango den bakea eraikitzeko. Esperantzarako unea bada, baina baita aktibaziorako unea ere. Dagokigun arduraz, guztiontzako etorkizun hobea lortzeko, urtarrilaren 12an batu gaitezen Bilbon eta Baionan, eman dezagun beste urrats bat gehiago.

Gipuzkoako herri desberdinetako norbanakoak gaude gaur hemen, eta XX autobus prest dira, jadanik, urtarrilean elkarrekin aurrera egiteko.

Urtarrilaren 12an denok Bilbo eta Baionara!!