Txus Martin, egun, larriki gaixo diren eta espetxean diren 22 euskal presoetako bat da. Eskizofrenia paranoidea eta antsietate desorden orokorra du, baina baita, gutxiegitasun aortikoa ere, eta azken hau da, gaur hona ekarri duena. Izan ere, pasaden azaroaren 12an, egoerak txarrera egin eta balbulan igarritako arazo bat dela eta gaurko operazio hau egin behar izan diote.

Sare Herritarretik, ezer baino lehen, gure babes osoa helarazi nahi diogu Txusi berari eta bere sendiari eta operazioa ongi joan dakiola opa. Hau esan ostean, gogorarazi nahi dugu, Sare sortu zenetik gaixo larrien arazoa landu izan dugula, osasunaren eskubidea oinarri hartuta. Izan ere, argi dugu giza eskubideen urraketa baten aurrean gaudela, preso diren pertsonen bizia arriskuan jartzen duen auzi bat dela eta mendekua oinarri duen espetxe politika bati erantzuten diola.

Txus Martin 2002tik dago espetxean. Lehenbizi Estatu frantsesean eta ostean Estatu espainiarrean. Frantzian zortzi urte baino gehiago igaro ditu Txusek eta horietatik bost isolamendu edota bakartze egoeran igaro ditu. Muturreko egoera honek eragin zuzena du preso den pertsonaren osasunean. Urteetan esan dugun moduan, isolamenduak fobiak, paranoia edota antsietatea moduko osasun arazoak sortzen ditu pertsonarengan eta Txus Martinen kasua horren adibide garbia da. Gaur, beste behin ere, egoera hau salatu nahi dugu.

Txusen gaixotasun larri eta sendaezina dela eta, 2011eko azaroan Audientzia Nazionalean baldintzapeko askatasuna eskatu zuen, baina 2012 hasieran ukatu zioten. Tarte horretan Euskal Herrira ekarri zuten, lehenik Basauriko espetxera, ostean Langraitzera eta azkenik Zaballara eramanaz. 2011. urtetik Zaballan dago preso Txus. Tarte guzti honetan bere gaixotasunaren larritasuna dela eta bere kaleratzea eskatu du, baina, gaitza sendaezina izan arren, ez diote askatasunerako aukera eman.

Egun, txusek 55 urte ditu eta bigarren graduan dago. MER (errespetuzko moduluan) dago eta bertan lanean ari da dagokion gunean. Kurtso zein bestelako ekintzetan parte hartzen du eta ez diote azken urte luzeetan inolako santzio ez eta espedienterik ireki. Hala ere, Txusek espetxean jarraitzen du eta bere konfiantzazko psikologoarekin egoteko aukera (izan modu profesionalean hala nola bisita gisa) ukatu diote.

Egoera inhumano honen aurrean, Sare Herritarrak, beste behin ere, halako muturreko egoerak ahalbidetzen dituen espetxe politika salatu nahi du. Gobernu berriak aldaketak iragarri arren, egun oraindik ere, mendekua oinarri duen espetxe politikak indarrean jarraitzen du eta berau aldatzea ezinbestekoa ez ezik, guztiz urgentziazkoa da, Txusekin batera beste 20 baitira larriki gaixo diren espetxeratutako presoak.

Honela, gaurko tarte hau probestu nahi dugu herritarrei, egoera honekin amaitu eta elkarbizitzaren, konponbidearen zein bakearen alde urratsak emateko, dei egin nahi diegu gurekin batera datorren urtarrilaren 12an Baionako zein Bilboko kaleak betetzera, sufrimendu gehiago sortzen jarrai ez dadin.