Gaur Donostian jai giroan egin ditugun ekimen aldarrikatzaileei amaiera emateko ekitaldia egin dugu San Telmon. Bertan, Joseba Azkarraga eta Bego Atxak hitz egin dute. Hona hemen egunaren laburpen bideoa eta ekitaldian esandakoa:


Duela hiru urte, plaza honetan bertan, ideologia ezberdinetako pertsonen artean hasi ginen ehuntzen SARE HERRITARRA.

Pertsona ezberdinak ginen eta gara, ideologia askotakoak, baina behin betiko bakeren alde lan egiteak batzen gaitu, elkarlanak mendeku gosea ordeztuko duen egoera baten alde.

Gaur, hiru urteren ondoren, orduan hasitako bidea egiten segitzen dugu. Jarritako zailtasunen gainetik, jazarpen polizial eta judizialen gainetik, gaur hemen ozen esan nahi diegu Madrili eta Parisi ez dugula amore emango. Helburu batzuk lortzeko sortu ginen, eta horiek lortzeko lanean jarraitzen dugu, oso argi daukagulako galtzen diren borroka bakarrak albo batera uzten direnak direla.

Ez daukagu ez, bide erreza.

Insitituzioen memoria eza selektiboa da frankismoari edota trantsizioari dagokionez. Memoria oso zorrotza dauka, ordea, ETAz ari garenean, errudunak banan-banan bilatuz, nahiz eta kolektiboki milaka urteko kartzela zigorrekin ordaintzen ari diren. Euren foruetatik dihardu hipokresiak.

Egia da,justiziak ezin duela amnesiarik izan, baina bere interpretazioa eta ekintza politikoa ezin da normalizazio sozio-politikoaren aurka joan.

Jendarteak aurrera egin nahi du, justiziaren ordainketa berrinterpretatuz, baina eskuzabaltasunez, zauriak itxi daitezen.

ETAk 2011ko urrian bere erabaki garrantzitsuena hartu zuen jarduera armatua behin betikoz utzi zuela esatean. Joan den apirilaren 8an erabaki hori berretsi da, armagabetzea gauzatuz.

Paradoxikoki, atxiloketa gehiagorekin erantzun diete aurrerapauso horiei; Audientzia Nazionalak iraganeko gertakizunen sententziak ematen jarraitu du; eta kartzeletan luzerako jarraituko duten presoak daude.

Gobernu espainolak eta bere epailegotzak mendekuan oinarrituta dagoen kartzela politika aplikatzen jarraitzen du, beren legeak ere bete gabe.

Eta jokabide hauen aurrean, geroz eta handiagoa den euskal gizarteko zati baten jarrera argia izan da: horrenbeste urte gogor eta indarkeriaz betetako hamarkaden ondoren ezinezkoa da gorroto eta mendekuzko etorkizuneko elkarbizitza batean pentsatzea. Eta inolaz ere, ez ditu euskal presoak ahaztuko. Euskal gizarteak berreskuratu egin nahi ditu.

Preso, erbesteratu eta deportatuak erdigunean jartzeko egin diren deialdien arrakastak, SAREk gaurkoan antolatutakoa esaterako, adierazten du batzuek ez dutela herri hau ondo ezagutzen; herri antolatu, tolerante eta demokratikoa izateaz gain, elkartasuna adierazten duen herri bat baita. Herri honek badaki memoria izateak eta gogoratzeak gizakiago egiten duela; badaki gertaera mingarriak justiziaz eta eskuzabaltasunez ixteak hobe egiten duela; eta, horrek guztiak sortzen du askatasunean eta berdintasunean oinarritutako kolektibitate bat eta elkarbizitza solido bat.

ETAren armagabetzeak izandako babes soziala, memoriaz beteta zegoena, herriak emandako beste irakaspen bat izan da. Estatu espainolak denbora pasatzen utzi nahi zuen, ETAk amore ematea eta porrota lortzeko, baina gizarte zibilak armagabetzean lagunduko zuen bide bat hasi zuen, bake justu baterantz pausuak emanez, memoria edukiz baina faktura eta interes erantsirik gabe.

Armagabetzea, eta hori nola egin zen, mugarri bat izan da. Euskal gizarteak erabaki garrantzitsu bat hartu du: bake prozesuaren lider izatea. Eta, horretarako, oraindik, bide luze eta zaila dugu aurretik.

Izan ere, zuzenbide Estatuak, “borroka antiterrorista”-ren aitzakian, indarkeria, tortura eta salbuespenezko legegintza aplikatzen zuen, pertsona batzuen eskubide eta askatasunak murriztuz eta demokrata askoren kontzientziak propaganda interesatuarekin anestesiatuz.

Urte hauetako justiziak salbuespenezko araudia, ekintza judiziala, poliziala eta kartzela politika aplikatu du, zuzenbide Estatu baten parametroetatik at gelditzen dena.

ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitutzat eman eta 6 urte eta geroago, beharrezkoa da legegintza, doktrina judiziala eta kartzela politika berrikustea.

“Dena ETA da” ideia oinarritzat hartuta, bidegabekeriak egin dira, torturak justifikatu dira, alderdi politikoak legez kanpo utzi dira, komunikabideak itxi dira etab. Azken finean, askatasuna birrindu dute.

Hori honela, Estatuak ez du onartu nahi arazoa ez dela soilik armagabetutako erakunde baten ingurukoa, baizik eta gatazkaren ondorioetan aurrera egiteko exijitzen ari den gizarte batena. Bide horri jarraitzen ez bazaio, konfrontazioa besterik ez dugu izango.

Estatuak “irabazle eta galtzaileen” jokoari eutsi nahi dio, eta horrek konfrontaziozko dinamika batera darama inplizituki, etsaia garaitu arte aurrera eraman nahi duen dinamika, hain zuzen. Adiskidetze logikaren kontrakoa da.

Benetako elkarbizitzarantz aurrerapausoak eman nahi ditugulako, gaur, guretzat hain adierazgarria den leku honetan, euskal gizarte osoari deia egin nahi diogu, haien ideologiak alde batera utzita:

  1. Giza eskubideen defentsa denoi dagokigu. Inor ezin da bazter batean gelditu. Eskubide hauek unibertsalak dira, baita preso dauden pertsonentzat ere. Eta euskal presoentzat ere bai. Euskal Herrian nahi ditugu. Eta orain nahi ditugu. Horregatik: 0 km.
  2. Larriki gaixo dauden pertsonak kartzelatik kanpo egotea exijitzen dugu. Bizirik eta etxean nahi ditugu.
  3. Salbuespenezko legedia amaitzea exijitzen dugu, bidegabea, krudela eta legez kanpokoa delako.
  4. Gobernuei, alderdi politikoei eta komunikabideei beste alde batera ez begiratzeko eskatzen diegu, euskal presoen eta haien familien eskubideak urratzen direnean. Era berean, parlamentuko gehiengoek injustiziak ezabatzeko balio behar dute.
  5. Dei egiten diegu euskal instituzio guztiei, preso dauden pertsonen eskubideen defentsan aurrea har dezaten. Espainiako Parlamentuari berriz, arauak betetzea exiji dezaten eskatzen diegu.

Gaur 0km kanpaina martxan da. Sentituko gaituzte. Entzungo gaituzte, baina ez da nahikoa, aditzea nahi dugu.

Gaurko eguna ez dugu bukatu nahi gizarte zibila omendu gabe, botoa eman eta herritar izateaz gain, gauzak aldatu nahi dituelako, zentzuzko lana eginez.

Gizarte zibil horri heldu nahi diogu, SARErekin bat egin dezazuen, bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri egiteko.

Gero eta gutxiago falta da lortzeko.

PREST GAUDE – ESTAMOS PREPARADOS!!!

Eskerrik asko. Lortuko dugu.

ARGAZKI GALERIA