Mahaian gauden bi lagunak Koldobi Osta eta Mikel Mundiñano gara. Koldobi Osta euskal preso politikoen sakabanaketaren aurkako ekimenean parte hartu duten Iruñeko peñen izenean ariko da eta Mikel Mundiñano SARE-Nafarroaren izenean.


SARE sentsibilitate ezberdinetako jendeak osatutako sare herritarra da. Konbentzituta gaude pertsona guztiok eskubide guztiak bermatuta izatearen beharraz, eta gu batzen gaituen, gu saretzen gaituen, helburua euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana da

Oraingo honetan, Iruñeko peñetako bazkideokin harremanetan jarri gara, jendartearen parte aktibo eta garrantzitsu diren heinean, hausnarketa bat partekatzeko eta peñei dispertsioaren aurkako babesa eta konpromisoa eskatzeko, beharrezkotzat jotzen ez dugun sufrimendu honekin bukatzeko.

Peñetako ordezkariei hitza eman aurretik, SAREren izenean zera esan nahiko genuke:

  • Peñei haien sentsibilitatea eskertu nahi dizuegu, harrera egiteagatik eta gu entzuteagatik
  • Egin duzuen informazio eta erabaki prozesua txalotu.

Prozesu hau burututa, 11 peña hauek erabaki dute DISPERTSIOAren espetxe-politika krudela amaitzea eskatzeko ekimenekin bat egitea: Alegría de Iruña, Aldapa, El Bullicio Pamplones, La Unika, La Jarana, San Fermin, Irrintzi, Muthiko Alaiak, Sanduzelai, Armonía Txantreana eta Rotxapea Peñek. Era berean, Anaitasuna Peñak ere ekimen honetan parte hartu duela aipatu nahi dugu: Anaitasuna parte den igerilekuen, SCDR Anaitasunaren, estatutuek bazkideek bozkatzea eta balizko atxikimendua ematea galarazi badute ere.

PEÑAK

Egun on, SARE-NAFARROAren ekimenera atxikitzen garen peñek adosturiko oharra irakurriko dugu:

Dispertsioak jendarte osoari eragiten dio, eta, ondorioz, baita peñei ere.

Dispertsatuta dauden 335 presoetatik 50 nafarrak dira. Haien artean daude La Unicako bazkide Juan Mari Etxabarri eta Aurken Sola, Jaranako Iñaki Armendariz eta Alberto Ilundain, Muthiko Alaiakeko Josetxo Arizkuren, Armonia Txantreanako Txuma Altable eta Mikel Gil, San Fermin Peñako Iñaki Marin eta Anaitasunako bazkide Xabi Rey.

Urruntzeak senide eta lagunak urtero batezbeste 63.599 km egitera behartzen gaitu, urtero 19.653 €-ko batezbesteko gastura. Zigor honek hainbat umeri ere eragiten die, guraso zaharrei ere eragiten die, eta haietako batzuek urteak daramatzate euren seme edota alaba ikusi gabe. Peñetako bazkideok ere, ezin ihes egin diezaiokegun errealitatea da hau.

Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, bidaia luzeek 300 istripu baino gehiago, 16 hildako eta hamarnaka zauritu eragin dituzte. Hildako lagun hauen artean, Iruñerriko bi bizilagun daude.

Politika penitentziario hau urrun dago legeak jasotzen dituen bermeetatik. Nazioarteko ebazpen eta erreferentzia ugari dago politika honen kontra, haien artean daude Amnesty International, Human Rights Watch eta Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziarena.

Nahiz eta gure jardunaren parterik handiena Sanferminekin lotzen den, Peñok ongi ezagutzen ditugu sufrimendua eta egunerokotasunean bizi beharreko injustizia guztiak. Jendarte zibilaren parte den heinean, orain arte bidegabea den egoera honekiko kritika islatu dugu gure pankartetan (lan gatazkak, ustelkeria, genero indarkeria, murrizketak..), eta, nola ez, euskal presoak euskal herriratzea eskatzen duen mapa eta gezien bidez.

Orain, peñek ere pauso bat eman dugu giza eskubideen errespetuan oinarritutako jendarte baten eraikuntzan. Horrexegatik, uste dugu premiazkoa eta ezinbestekoa dela dispertsioa bukatzea; eta dinamika honekiko gure babesarekin, hori lortzeari begira, peñek jartzen dugun gure hondar alea badela hau.
Horregatik, hemen gauden peñek, aurten praktika krudel eta mendekari hau amaitzeko konpromisoa bilatzeko asmoz aurrera eraman dugun prozesuaren berri eman nahi dugu: otsailetik, peñek gure bazkideak informatu ditugu dispertsio politikei buruz eta eta honen dakarrenaren inguruan. Ondoren, bazkideek erabaki dute, nork bere batzarrean, ekimen honekin bat egin edo ez.

Gure bazkideak peñetan bueltan nahi ditugu, eta hauek bisitatzera doazen bazkideen bizitza arriskuan ez jartzea ere nahi dugu. Dispertsioa amaitzea lortu behar dugu. Denon artean lor dezakegu. Merezi du.

Sare herritarra eta 11 peñak: Alegría de Iruña, Aldapa, El Bullicio Pamplones, La Unika, La Jarana, San Fermin, Irrintzi, Muthiko Alaiak, Sanduzelai, Armonía Txantreana eta Rotxapea

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare