Sare Herritarra sortu zenetik argi eta garbi zehaztua geratu zen zein zen bere egitekoa: Euskal preso eta iheslarien giza eskubideak aldarrikatu batetik eta konponbidearen eta benetako bakearen aldeko urratsak ematea bestetik.


Ekimen honetan, hainbat esparru landu nahi ditugu; denak ere, egun presoei aplikatzen zaien salbuezpenezko egoerak gizarteratu eta hori gure herrian salatzea dute helburu. Hala ere salaketa hutsean ez genuke geratu nahi; eskubide urraketa horiek herriko eta Sakana osoko sektore eta sentsibilidade ezberdinen artean konpartitu eta landu nahi ditugu, amankomunean urraketa horiei aurre egiteko dinamikak eta lan ildoak proposatuz. Sakanako euskal presoei aplikatzen zaizkien eskubide urraketa horien testigantza zuzenak bildu nahi ditugu. Oihan, Luis, Boltio, Hodei, Popi, Unai, Jon Gurutz, Adur, Jokin eta Oihan dira, heuren senide eta lagunekin batera, eskubide urraketa horiek pairatzen dituztenak , haiek dira kartzela politika honen zuzeneko kaltetuak, haien testigantza da urraketa horien adierazlerik nabarmenena.

Lehenengo atalean “Aitatasuna/amatasuna eta kartzela” gaia jorratu nahi izan dugu.

Horretarako Juan Ramon Karasatorre “Popi”-k Castellóko Albocasser espetxetxik (450km) idatzitako gutuna jaso dugu.

Zer interes eduki dezake gobernu batek ehunka haur, adin txikiko zein gazteren eskubideak
ukatzeko?

Zer interes eduki dezake gobernu batek haurren eta gazteen bizitzak arriskuan jartzeko?

Zer interes eduki dezake gizarte batek eskubide horien ukazioa zuritzeko?

Kopuru txiki baten salbuespenarekin, euskal preso politiko guztiak 400 km baino gehiagoko distantzietara espetxeratuak daude, eta haietako gehienak 700 km baino gehiagora.

Beraz, kasurik onenetan 800 km-ko bidaiez hitz egiten dugu; eta kasurik gehien-gehienetan 1500 eta 2200 km arteko bidaiez.

Azterketa honetan oinarrituta aurrera dezakegu 1000 adin txikiko inguru izango direla egoera honetan aurkitzen direnak.

Haur hauetako askok egoera horretan eman dute beren haurtzaro guztia. Beste askok, beren nerabezaroa ere bai.

Nerabezaroan, aldaketa somatiko, sexual, psikologiko eta sozial sakonak gertatzen dira, haur izateari utzi eta heldu izaten hasten da pertsona.

Horregatik, gurasoen maitasun, arreta eta kontaktua behar izaten dute, batez ere, interakzio zuzena eta kontaktu fisiko zein emozionala.

Aipatutako beharra ase dadin, beharrezkoa izango da haurrek eta nerabeek gurasoekin interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa izatea; izan ere, modu horretara jasotzen dituzte afektuzko adierazpenak zein adierazpen emozionalak (irribarrea, laztanak, besarkadak eta beste zenbait adierazpen). Adierazpen hauek guztiek, enpatiazko, ziurtasunezko, goxotasunezko lotura afektibo positiboak lortzea ahalbidetzen dute.

Nerabezaroan, oinarrizko interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa galarazten duten araudi orok, garapen osasuntsurako ondorio negatiboak ekartzen ditu. Ziurtasun emozionala behar bezala asea ez duten haur eta nerabeek, atsekabe hori bakardade, baztertze edo abandonu bezala sentitzen dute. Honek guztiak, autoestimu arazoak, beldurrak, ziurgabetasuna, bakartze sentimenduak, bakardade emozionala eta beste zenbait psikopatologia sor ditzake.

Honekin bukatu beharra dago!
Guztion artean lortuko dugu!

Horrexegaitik gaur martxan jartzen dugun “Atia miñe…ein ziaun ahalegiñe!” ekimenaren berri zuen inguruan zabaltzea eskertuko genuke.

Eskerrik asko eta besarkada bat!

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare