Larunbat honetan, uztailaren 1ean, mosaiko erraldoi bat osatuko dute Orereta-Errenterian Aitzol Gogorza herrikide presoaren askatasuna eskatzeko.


Gaixotasun psikologiko larria eduki arren, espetxean mantentzen dute Gogorza eta egoera honen aurrean kezka adierazi dute oreretarrek: “Gure ustetan, Aitzolen egoera ez dator bat bere espetxeko egonaldiarekin. Legearen arabera, 100.2 artikuluaren arabera hain zuzen ere, larriki gaixo dauden presoek espetxealdi arin bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten.”

Horretaz gain, Frantziako espetxeetan bete duen kartzelaldia kontutan hartuko balitz kalean behar luke dagoeneko Gogorzak. Europako Batasunak 2008an hartutako erabakiak zigor metaketaren alde egiten du; erabaki honen bidez, europar komunitateko estatu ezberdinetako sententziak efektu berbera izan behar dutela zehazten da. 2014an, ordea, Europako erabakia barne ordenamenduan sartzeko asmoz, Espainiak lege berri bat egin zuen, europar erabakiaren zentzua aldatuz eta beste estatuetako zigorren batuketaren aplikazioa oztopatuz. Horrela, Frantziako kondena bete ostean, Espainiako zigorra antzeko akusazioengatik 0-tik hasten da, Frantzian betetako espetxealdia kontutan hartu gabe. Gogorza, honenbestez, zigorren batuketa emango balitz kalean behar luketen presoen zerrendara gehitzen da.

Beraz, Europak zigor metaketari buruz dioena betez gero, Gogorzak kalean behar luke, eta gainera, larriki gaixorik egonik, osasun egoera horrek eskatzen duen zaintza izatea ezinbestekoa du oreretarrak. Bi arrazoi hauengatik, Gogorzaren askatasuna eskatuko dute larunbatean Orereta-Errenterian.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare