Albisteak

Atxilo eraman dute Mikel Karreraren laguna eta alaba txikia

Mikel Karrera euskal presoa bisitatzera joan den bere neskalaguna atxilo eraman dute Gendarmeek, urtebeteko alabarekin. Espetxera heldu eta aurrez aurreko bisita ukatu diote mugikorra topatu diotelako gainean zeraman motxilan. Presondegiko funtzionarioei despiste bat izan dela azaltzen saiatu eta haiekin eztabaidatu ostean eraman dute atxilo.

828 km-ko bidea egin behar izan dituzte lagunak eta urtebeteko alabak, Mikel Frantziako Reau-ko espetxean dispertsaturik dutelako. 8 ordu eta 10 minutu inguruko bidaia egin behar izan dute biek espetxera heltzeko eta 160 euro inguru gastatu. Beste hainbeste beharko dute, bisitarik gabe gaurkoan, etxera itzultzeko.

SAREk euskal presoen giza eskubideen aldeko jarduna du ardatz, baita hauen senide eta gertukoenen giza eskubideena ere. Eta bide horretan onartezina iruditzen zaigu, preso dagoen pertsona bat bisitatzera joan eta horrelako gertakarien berri jasotzea. Batetik, senideei, senide izate hutsagatik, ezartzen zaien egin beharreko distantzien kondena, baita kondena ekonomikoa ere onartezinak dira, eta bestetik, baita espetxeetan funtzionarioen eskutik jasotzen duten tratua ere. Onartezinak izateaz gain, jendarteak ez ditu ulertzen eta, horretaz gain, senide eta lagunei ezartzen zaien sufrimendua justifikaezinak dira.

Egoera hauekin amaitu beharra dugu guztiok elkarrekin. Eskubide urraketa ororekin amaitzeko Sare indartsu bat osatzea ezinbestekoa izango dugu, egunez egun euskal preso, iheslari eta deportatuen, hala nola, hauen senide eta hurbileko inguruaren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen ozen aldarrikatuko duen Sare bat sortzearen beharra dugu. Ezberdinen artean, guztion artean, irekita dirauten zauri hauek ixteko bidean jartzeko garaia da.


Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean Sareren agerraldia

Gaur Tersa Toda eta Koldo Ortega Sarekideak izan dira Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean. SARE aurkeztu eta aurrera daramagun lanaren berri emateaz gain, Gipuzkoar presoen datuen berri eman dugu.

 

Euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen egiten du lan SAREk eta sinistuak gaude, euskal jendartea izango dela guzti horiek errespetatuaraziko dituena. Baina alderdi politikoek ere badute zeresana eta egitekoa konponbide prozesu honetan eta gaurkoan, giza eskubide urraketen afera honi politikoekin heldu nahi izan diogu, inplikatu daitezen eta konpromezu sendoak har ditzaten egoera honi ere aterabidea emateko.

 

Dispertsioa izan dugu ardatz, izan ere euskal preso eta haien senide zein inguru hurbilari eragiten dien eskubide urraketa den heinean, milaka gipuzkoarri gertutik eragiten dien arazoa baita. Zauri hauek itxi beharra dago, berandu baino lehen. Eta ez dago aitzakiarik. Legalki espainiar eta frantses estatuak dispertsioarekin amaitzera behartuak leudeke. Estrasburgoko Auzitegiak jada bi sententzia emanak ditu gai honen inguruan, eta argi diote biek ere presoak bere familitik hurbilen duen espetxean bete behar duela zigorra. Bata 2013an plazaratu zuten, eta bertan Errusiaren aurka egiten zuen. Bigarrena pasa den urtean ezagutu genuen, eta honetan Ukrania zen zigortua. Ez du ez hanka ez buru, presoek 5,6 edota 8 urte itxaron behar izatea Estrasburgok gai honen inguran epai argiak emanak dituenean.

 


183 gipuzkoar daude preso gaur egun espainiar zein frantziar kartzeletan, horietatik 177 dispertsaturik eta beste 6tatik 3 etxean gaixotasun baten ondorioz eta beste 3 Martutene eta Basauriko kartzeletan. Horrek berekin dakarrenarekin famili eta lagunentzat:

 

  • Astero 233.954 km egin behar dituzte, 33.012,94 € ko gastuarekin.
  • Bataz beste, 1.321,77 kilometro egin behar ditu astero familia batek senidea bisitatu ahal izateko. 750 € hilabetero.

 

Dispersaturiko gipuzkoar presoen % 18 a baino, ez dago etxetik 400 km baino gutxiagora. Edo presoen % 82 a etxetik 5 ordu baino gehiagora aurkitzen da. 18 gipuzkoar etxetik 1.000 km baina urrunago aurkitzen dira, astero  24 orduz bidaiatu behar dute senidea ikusi eta etxera itzultzeko, askotan 40 minuturako besterik ez, eta 300 eurotik gorako gastuei aurre egin.

 

60 urtetik gorako 8 preso gipuzkoar daude, gainera dispersaturik. Horietatik Karlos Trenor Donostiarrak, Sebastian Etxaniz Elgoibarrak eta Jose Jabier Zabaleta Elosegi Hernaniarrak  70 urte baino gehiago dituzte.

 

Gipuzkoan badira preso gaixo larriak, gaixotasun sendaezinak dituzten pertsonak. Jakina da kartzelak ez daudela gaixorik diren pertsonak tratatzeko prest, baina halere, beste kasu batzuetan beste preso batzuei ezartzen zaien 100.2 artikulua ez zaie aplikatzen.

 

Aitzol Gogorza Oreretarra Basauriko espetxean dute. Obsesio Konpultsibo Desoreka du eta desoreka depresiboa, hauek sorturiko autolisi arriskuarekin.

 

Batzuk, gainera, dispertsaturik:

Garikoitz Arruarte Almerian dago. Espondilitis gaitza du.

 

Ibon Fernandez Iradiren kasua ere hor dago. Ibon Lannemmezango espetxean dago, etxetik 229 km-tara. Frantziar estatuak datorren astean, martxoaren 26an hartuko du preso gaixoari baldintzapeko askatasuna ematearen alde edo aurkako erabakia. Bigarren aldiz atzeratu duten erabakia da. Ibonek esklerosi anizkoitza du, Nerbio-Sistema zentralaren gaitz larri degeneratiboa, sendaezin, kroniko eta progresiboa.

 


 

Kasu honen harira galdera zehatza luzatu diegu batzordeko ordezkarie: Ibon Fernandez Iradiren egoera larria ezagututa, frantziar gobernuak baldintzapeko askatasuna ez ematea erabakitzen badu, zein konpromezu hartzeko prest dauden.

 

Batzordeko ordezkari bakoitzak Dispertsioaren liburuxka jaso du, liburuxka irakurri eta konpartitzeko konpromezua hartzeko eskatu diegu, jada ehundaka Sarekide egunero egunero egiten ari diren modu berean.

 

Eta azkenik, duela hilabete Sevilla II ko espetxera delegazio batek egindako bidaiari jarraipenik egingo ote dioten ere jakin nahi izan dugu, garrantzitsua baita, arazoari konponbidea emateko, arazoa ezagutzea.

 

Bildu, EAJ eta PSEE-ek jarrera irekia azaldu dute, eta hitz egiteko eta adostasun puntuak aurkitzeko aukerak egon daitezkeen bitartean, PPko ordezkariaren jarrera aurkakoa izan da.