Albisteak

Presoen hurbilketa eskaerei ezezko erantzuna audientzia nazionaletik

Jakin ahal izan dugunaren arabera, presoen eskubideak kontuan hartu ditu espetxe zaintzako epaileak hurbiltze eskaerei ezezko erantzuna emateko.

Presoen eskubidea da etxetik gertuen duten espetxean kondena betetzeko eskaera egin eta onartua izatea. Baina ez soilik presoen eskubideak, senideen eskubideak ere kontuan hartu behar dituzte epaileek.

Europako giza eskubideen auzitegiak hala ebatzi du birritan:

2013ko urriaren 25ean ezagutu genuen Estrasburgok eman zuen lehen sententzia: Khodorkovskiy eta Lebedev Errusiaren aurka. Eta 2014ko urriaren 23an bigarren sententzia Vintman Ukraniaren aurka. Bi kasu ezberdin, sententzia berdin batekin. Lehena dispertsioaren liburuxkan jaso genuen, bigarrena beranduago heldu zen eta merezi du azalpena zabaltzeak: bere ohiko bizitokitik 700 km tara aurkitzen zen ukraniar batek helegitea jarri zuen, 80 urteko amak zailtasunak zituen bidaia egin eta semea bisitatzeko, hainbat helegite jarri izan zituen presoak zegokien instantzietan baina ezeztatuak izan zitzaizkion etengabe espazio falta eta presoaren portaera ezegokia zela argudiatuz.

Gertaera hauen aurrean, Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen senideen ingurura ez hurbiltzeak amarekiko harremana galarazi ziola eta, beraz, bizitza familiarrerako presoak duen eskubidea urratua izan zaiola Giza Eskubideen Europar Hitzarmeneko 8. puntua urratuz.

Kasu honetan, Estrasburgoko auzitegiak amaren egoera ere kontuan hartu du, senideen eskubideak ezinbestez ere kontuan izan beharko lituzke Ukraniak, eta beraz, baita espainiar gobernuak ere Europako Giza Eskubideen Hitzarmena sinatua duelako, besteak beste.

Beraz, presoen eskubideak errespetatuak direla esatearekin ez da nahikoa, senideen eskubideak ere errespetatuak izan behar dira. Eta europatik datozen sententziak argiak dira, berehala aplikatu beharrekoak gainera. Estrasburgoko Auzitegiaren bi sententziek argi utzi dute preso eta senideen eskubideen aurkako jarduera dela. Bi sententzia hauek berehala ezarri beharko lirateke Estatu espainiarrean, baina Gobernuak ez ikusiarena egiten die.

Ezikusiarena egitearekin nahikoa ez eta are eta larriago bihurtzen du espainiar gobernuaren jarrerak auzi guzti hau. Jakin badakielako, lehenago ala beranduago euskal presoak Euskal Herrira hurbildu beharko dituela, eta epaitegi batetik bestera bidaltzeak, eskubide urraketak denboran luzatzeko asmo hutsarekin, gizarte batek onartu ezineko jarrera da.

Eta lan horretan, guztiok dugu zeresana eta zeregina. Ezagutaraz dezagun, bada, dispertsioa legalki ere, zergatik den eskubide urraketa.


SARE "ARNALDO OTEGI ASKATU; EUSKAL PRESOAK, ETXERA" adierazpenarekin bat

Joan den asteartean, Martxoaren 24ean, Basque Friendship Groupek sustatutako adierazpena aurkeztu zen Europar Parlamentuan, nazioartean ospe handia duten 24 pertsonek sinatuta eta dispertsioaren amaiera eskatuz euskal presoak kartzelatik ateratzeko aurre pausu gisa, Arnaldo Otegiren askatasun-aldarrikapenetik hasita. SAREk adierazpen hau pozez hartu du, horren atzean, dispertsioak kaltetzen dituen pertsona (presoak zein euren senide eta lagunak) ororen eskubideen defentsaren aldeko kontzientziazio eta elkartasun lan handia baitago, bai eta Euskal Herrian hainbeste sufrimendu eragin duen gatazkari konponbide justu eta iraunkorra ematearen aldekoa ere. Hemendik, bihotzez eskertu nahi dugu Friendship Group zein 24 sinatzaileen konpromisoa, irmoki adieraziz ekimen honekin elkarlanean aritzeko prest gaudela.

Adierazpenak garrantzi handia hartzen du Espainiar Gobernuaren espetxe politika nazioartean salatzearen ildotik. Horrez gain, 24 sinatzaileen artean, askok espetxea ondo ezagutzen dute, baldintza gogorretan urte luzez pairatu baitzuten. Zalantzarik gabe, bizipen horiek direla eta, euskal presoei zein senideei krudelki aplikatzen zaizkien dispertsio eta salbuespeneko neurrien ondorioak aski ongi ulertzen dituzte.

Bestalde, Friendship Group herrialde eta ideologi politiko ezberdinetako parlamentariez osatuta dagoen arren, ados jarri dira dispertsioarekin amaitzeko premiaren inguruan, alegia, bake eta eskubideen aldeko apustuan. Horrela, irmo erakutsi dute helburu jakin baten aurrean ezberdinen arteko adostasuna eta elkarlana posible dela, eta hain zuzen ere mezu hori da SAREk bere sorreratik aldarrikatu duena, euskal eragile politiko eta sozialei bide horretan lerratzeko eskatuz. Hemen antzeko akordioak eraikitzea funtsezkoa da, milaka herritarrei eragiten dien ezin justifikatuzko sufrimenduarekin behingoz amaitzeko.

Zentzu horretan, SAREk berretsi nahi du konponbide justu batek, gatazkak sortu duen sufrimendu guztiari, datorren lekutik datorrela, erantzun egokiak eman behar dizkiola. Edonola ere, gaur egun giza eskubideen urraketa aplikatuz era aktiboan diharduen bakarra Gobernu espainiarra da, zeina mendekuan eta gupidagabeko zigorrean oinarritutako espetxe politikan tematuta dagoen. Horregatik, gure ahaleginak sare herritar indartsua eraikitzera bideratu ditugu, zeinetik politika anker horrekin bukatzeko euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapena bultzatuko duen.

Adierazpena egin eta biharamunean, Gobernu espainiarrak beste polizia operazio bat jarri zuen martxan presoen eta euren senideen eskubideen defentsan jarduten duten pertsonen aurka. Joan den Urtarrilean gertatu zenaren errepikapena dirudi, zeinetan, SAREk deitutako mobilizazio masiboaren ostean, polizi operazio hark presoen abokatuen kontra jo baizuen. Ez da kasualitatea Gobernu espainiarrak horrela erantzutea, noiz eta elkartasuna deslegitimatzeko eta ilegalizatzeko asmoz bere espetxe politika krudela agerian eta kolokan geratu denean.

Esparru honetan, Europako begirada kritikoak gero eta maizago jartzen du arreta Gobernu espainiarraren eskutik datozen ekintzetan (edo ekintza-ezan). Dispertsioari dagokionez, Estrasburgoko Tribunalaren bi sententziek argi utzi dute preso eta senideen eskubideen aurkako jarduera dela. Bi sententzia hauek berehala ezarri beharko lirateke Estatu espainiarrean, baina Gobernuak ez ikusiarena egiten die.

Gobernu espainiarrak espetxeen inguruan eraiki nahi duen isiltasun-hesia pitzatzen hasia da. Pitzadura areagotzeko, ezinbestekoa da sare herritarra eraikitzen jarraitzea, norbanakoez nahiz herri-mugimenduez osaturikoa, eta giza eskubideen auziaren inguruan alderdi politikoen arteko akordioaren alde egitea, alderdikeriak albora utzita.

SAREk lanean jarraituko du, sufrimenduari ateak betiko ixteko eta itxaropenari irekitzeko. Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea.


Hilabatean behin 15 minutuko giza-sarea Azkoitin: oraingoan preso gaixoen eskubideen alde

Hilabete honetan preso gaixoen eskubideen alde, osasun alorreko profesionalak  batuko dira hilabetero Azkoitin egiten den giza sareara. Ostirala 26an, 19:00etan eliz ataritik.


Gaixotasun bati aurre egitea ez da lan erraza

Kartzelan bizitzea ez da izaten lan erraza. Are gutxiago gaixotasun larri bati aurre egin behar diozunean.

Kartzelan bizitzea ez da izaten lan erraza. Are gutxiago gaixotasun larri bati aurre egin behar diozunean.

Egoera zail horiei, aldi berean gaixotasunari eta kartzelari berari aurre egin behar diete 10 euskal presok. Eritasun ezberdinak dituzte denek, baita egoera ezberdinak bizi ere, batzuek sakabanaturik, beste batzuk familiagandik gertuago. Halere, guztiek toki itxi, mugatu eta horrelako egoera bati erantzuteko baldintza nahikorik ez duen espezaio batean bizi dute euren gaixotasuna.

Gaur aztertu du justizia frantsesak Ibon Fernandez Iradi preso lasartearrari kondena eten ala kartzelan mantentzea, 5 hilabetez luzatu baitzuen pasa den urtean erabakia. Gaur aztertu eta maiatzaren 7ra atzeratu du erabakia. Duela astebete izan genuen mediku txostenen berri, eta berauetan Ibonen egoera kartzelan mantentzearekin bateragarria dela esanez. Lannemezango espetxean jarraitzen du preso. Frantziak ebazten duena ebazten duela ere, argi dago denbora gehiegi igarotzen utzi dutela; erabakia hartu aurretik, baina baita eritasuna diagnostikatu aurretik ere. Berreskuratu ezin diren denbora eta ondorio fisikoak eragin dituen erabakia. Hilabeteak dira, gizalegez beharko lukeela aske ebatzi zutela, baina txosten mediku berrien aitzakiapean denboran luzatu egin dute gaixotasunak eragiten dion egoera larri hau.

 

Ibonek esklerosi anizkoitza du. 2012. urtean diagnostikatu ziotenetik okerrera beseterik ez du egin. Gaixotasun larri degeneratibo, sendaezin, kroniko eta progresiboa da Esklerosi anizkoitza. Mielitis parainfekzioso monofasikoa eta bizkar lunbarreko hernia diskala gehitzen zaizkio esklerosiari. Gaitzak ez du sendabiderik, okerrera baino ez du egingo, ondorio fisikoak dituen gaixotasun hau kalean bizitzea zaila da berez. Hala adierazten du Luisik (esklerosi anizkoitza duen lasarterrak) “Oihu anizkoitza” dokumentalean, erreabilitazioak duen garrantziaz eta inguruaren ezinbesteko laguntzaz mintzo da. Gaur, martxoak 26 Bagoaz! kolektiboak deituta, elkarretaratzea egingo dute Baionako herriko etxearen aurrean, arratsaldeko 18:30tan. Eta bihar, ostirala, 20:00tan mobilizazioa deitu dute Ibonen Lagunak Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatuta.

 

 

Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren egoera ere zaila izaten ari da. espetxealdi arinduan zegoen baina, martxoan atxilotu eta espetxeratu zuten berriro, hasiera batean Basaurin. Apirilean, ordea, Navalcarnerora urrundu zuten. Eta azaroan Alcalá Mecoko espetxera aldatu. Bakartuta izan dute bai batean zein bestean. Ez du harremanik kideekin, bere bakardadea areagotzen da eta, zerbait gertatuz gero, ez dago lagunduko dion kiderik ondoan. Honek guztiak, bere osasun arazoa okertu baino ez du egiten.

Espetxealdi arindua eskatu zuen berriro ere preso gaixoak, baina Jose Luis Castro, Auzitegi Nazionaleko epaileak, eskubide hori ukatu egin dio. 100.2 artikuluak espetxealdi arindua aurreikusten du larriki gaixo dauden presoentzat. Oinarrizko eskubidea dela ulertzen da beraz, gaixo larriak espetxealdia etxean betetzea aurreikusten baitu legeak. Kartzelak ez daude gaixo larrientzat prestatuak.

Ibonek HIESA du C fasean eta orbana burmuineko ezker lobuloan. Azken honek ikusmen galera eta funtzio kognitibo batzuen hondatzea dakar. HIESA gaixotasun larri eta sendaezina da, eta gainera, neurologikoki eragiten dio. Eragin horren ondorioz, jarrera erasokorra eta nahasia nagusitzen da batzuetan. Duen gaixotasunaren eragin hori da, hain zuzen ere, ekainaz geroztik bakarturik mantentzeko leporatzen dioten arrazoia.

Ondarrun, larunbat honetarako, mobilizazioa deitu du Alamedatik 13:00tan Iparra galdu baik herri plataformak preso gaixoak, iparra, etxera aldarrikatzeko. Duela aste batzuk martxan jarri zuten ekimena arrakastatsua izaten ari da, dagoeneko 5.000 eskutitz baina gehiago bidali dizkiote Ibon Iparragirreren askatasuna eskatzeko “Instituciones Penitenciarias” eko zuzendariari eta “Vigilancia Penitenciaria” epaitegiari. Ekimena martxan, jendarteari eskatu nahi izan diote bertan parte hartzeko, guztion artean eskaerak egin eta Ibon Iparragirreren etxeratzea lortzeko.

 

 

Txus Martinen egoera salatzeko ere badira ekimenak datozen egunetarako. Datorren larunbata, martxoak 28rako Lab-ek Basauriko osasun zentroan elkarretaratzea deitu du. Egun berean, arratxaldeko 20:00tan Galdakaoko Santi Brouard enparantzatik giza kate baterako deialdia ere zabaldu dute. Txus Martinek Eskizofrenia paranoidea eta Antsietate Desoreka orokortua ditu. Paranoia larriak izan ditu, ahotsak entzuten aldiro eta zentzurik gabeko solasaldiak egiten ditu maiz, ezin du bere burua kontzentratu. Bere egoera dela eta, onartua du konfiantzako psikologoaren bisita. Kasu honetan espetxeak, eta zehazki isolamendu edo bakartzeak, eragin zuzena du bere osasunean. Izan ere, pertsona hau ia 8 urtez erabat bakartua egon da espetxean, eta egoera honek eragin dio egungo gaixotasuna. Bakartze luzeak fobia, paranoia eta antsietatea gisako sintomak eragiten ditu

--------------------

Baina, aipatu dugun bezala, ez dira kasu bakarrak. Hauek dira labur, 10 preso gaixoen egoerak:

 

Josetxo ARIZKUREN RUIZ. 57 urte. Kardiopatia iskemiko larria du. Kardiopatia arazoek jarraipen oso estua eta zorrotza behar dute eta baita egoera egokiena ere gaixotasunaren larritzea eragozteko.

A Lama (Pontevedra) = 697 km - 8h 18´- 97,18 € bidaia bakoitzeko


 

Garikoitz ARRUARTE SANTA CRUZ. 35 urte. Aldebiko Uveitis Akutua eta Espondilitis Ankilopoietikoa ditu diagnostikatuta. Ezin du endekapenezko gaixotasunari dagokion tratamendu espezifikoa jaso. endekapena areagotzen joango da, nahi baino maila bizkorragoan.

Almeria = 993´km - 11h 26´ - 193,97€ bidaia bakoitzeko


 

Inmaculada BERRIOZABAL BERNAS. 64 urte. Diabetes Mellitus II (tratamendupean); Hepatitis B (odol transfusioagatik); Psoriasi artropatia espondilosi ankilopoietikoarekin (tratamendupean); espondilolistesia L5-S1 mailan, espondilosi-endekapenarekin; ezkerraldeko belauneko protesi osoa (pomada eta analgesikoak); artrosiarekin lotutako bi eskuetako endekapenezko aldaketak; Asma bronkiala (EPOC, tratamendupean), Hipertentsioa (tratamendupean), Sinusitisa, insomnio kronikoa (tratamendupean), diabete oina, azkazaletako psoriasia eta obesitatea. gaitz koadro honek historia kliniko hain konplexua ezagutzen duen diziplina anitzeko talde profesional baten asistentzia eskatzen du.

A Lama (Pontevedra) = 697 km - 8h 18´- 97,18 € bidaia bakoitzeko


 

Jose Miguel ETXEANDIA MEABE. 55 urte. Nahasmen Obsesio Konpultsio Desoreka diagnostikatu zioten, antsietate koadro akutu batekin. gaixotasunak toki lasai eta egoki bat eskatzen du non bere obsesio eta antsietateak baretzen joango diren.

Topas (Salamanca) = 450 KM - 5H07 - 54,03€ bidaia bakoitzeko


 

Iñaki ETXEBERRIA MARTIN. 51 urte. Miopia Magnoa koriorretinitis miopikoarekin diagnostikatu zioten. bi aldeko Glaukoma bat diagnostikatu zioten; honek tratamendua doitzea eskatzen zuen, oinarrizko erretinako patologiaren larritasuna ez eragiteko. Azkeneko txosten medikuek ikusmen galera etengabe eta itzuliezina nabarmentzen dute.

Topas (Salamanca) = 450 KM - 5H07 - 54,03€ bidaia bakoitzeko


 

Ibon FERNANDEZ IRADI. 44 urte. Esklerosi anizkoitza. Gaixotasun larri, sendaezin eta hondamen fisiko zein psikologiko larria sortzen duen gaitz baten aurrean gaude. Pazientearen autonomia modu garrantzitsuan mugatzen du, bai gaitzaren areagotze progresiboarengatik eta baita bere tratamenduak eskatzen duen jarraipen estuagatik. Agerian da ze garrantzia duen inguru lasai batek gisa honetako eritasunaren kasuan, estres egoeretatik urrun eta pazientearen bizi kalitatearen ez makurtzea eta agerraldi berriak ez agertzea ahalbidetuko duen elikadura egokia jasoaz. Behar duen tratamendu medikua osasun zentro espezializatu batean jaso beharko du,

Lannemezan = 229 km- 2h 28´ - 44,84´€ bidaia bakoitzeko


 

Aitzol GOGORZA OTAEGI. 40 urte. Obsesio Konpultsio Desoreka Ezgaitasuneko eta kronikoa, Desoreka Depresiboa autolisi arriskuarekin. inguru afektiboaren bermea funtsezkoa da gisa honetako gaixotasunetan.aske egon beharko luke bere osasun egoerari era eraginkorrean aurre egin ahal izateko, bere inguru afektiboan txertatua eta bere osasunaren zainketa eta arreta zorrotz baten pean.

Basauri (Bizkaia)


 

Ibon IPARRAGIRRE BURGOA. 42 urte. HIESA du C fasean eta orbana burmuineko ezker lobuloan. Azken honek ikusmen galera eta funtzio kognitibo batzuen hondatzea dakar. HIESA gaixotasun larri eta sendaezina da, eta gainera, neurologikoki eragiten dio. Eragin horren ondorioz, jarrera erasokorra eta nahasia nagusitzen da batzuetan. espetxean errekurtso urriak ditu gaixotasunari aurre egiteko eta gisa honetako gaixotasun infekziosoak behar duen ingurua ez dago inolaz ere bermatua egun dagoen lekuan

Alcalá Meco = 458 km - 5h 23´ - 80,60 € bidaia bakoitzeko.


 

Jose Ramon LOPEZ DE ABETXUKO LIKINIANO. 66 urte. Bradikardia sintomatikoa Fibrilazio aurikularra eta Prostatako adenoma. Zerbikoartrosia.

Villabona (Asturias) = 367 KM - 4h 20´ - 36 € bidaia bakoitzeko.


 

Jesús Maria Martin Hernando. 52 urte. Eskizofrenia paranoidea eta Antsietate Desoreka orokortua ditu. Paranoia eta zentzurik gabeko solasaldiak ditu. Aorta gutxiegitasun moderatua ere badu. Ezin du bakartua egon espetxean, egoera hau izan delako egungo gaixotasuna eragin duena.

Basauri (Bizkaia)

 


 

 

Egoera guzti hauek dira salagarriak, ezagutzera eman beharrekoak eta berandu baino lehen konpontze bidean jarri beharrekoak. Herri ezberdinetan egoera hauen berri emateko ekimen eta ekarpenak egiten dabiltza. Ezberdinen artean, modu eta ekinbide ezberdinekin, errealitate hauen berri emateko beharrak bultzaturik. Eskutizak bidaliz batzuek, elkarretaratze edo mobilizazioen bitartez besteak, edota dokumental bat grabatu eta zabalduz, herri ezberdinetako herritar ezberdinak elkarturik errealitate hauen berri ematen dabiltza egun eta gau. Geuk ere badugulako zer egin eta zer esan eskubide urraketa larri hauen aurrean, ekin diezaiogun, bakoitzak ahal duen edota dakien moduan, preso gaixoekin gertatzen dena salatu eta soluziobidean jartzera.

 

 


Larunbatean Donostian manifestazioa

MANIFESTUA:

PRESO ETA SENIDEEN ESKUBIDEEN DEFENTSAN
ELKARTASUNA AURRERA!

Euskal errepresaliatu politiko eta hauen senide eta lagunen eskubideen defentsan konprometituak dauden 4 pertsonen atxiloketa salatzen dugu. Euskal preso politikoen defentsa juridikoa egoera onartezinean jarri zuen abokatuen kontrako aurreko operazio polizialak, oraingoan, konfiantzazko mediku asistentzia ere galarazi nahi dute. Nahikoa ez balitz, espainiar gobernuak aurrera pausu berri bat eman du senide eta lagunei erasotzen, salbuespeneko espetxe politika honek dakartzan ondorio lazgarriei aurre egiteko senideei asistentzia eta laguntza psikosozialari erasotzen.

Euskal preso eta euren senideen asistentzian arduratutako kolektibo eta pertsonen kriminalizazioa, eskubiderik eta oinarrizkoenari erasoa dira. Euskal gizarte eta norbanakoen egoera guztiz larria da kontuan hartuta, asistentzia honetan horren oinarrizkoa den presoen osasun eskubidea kokatzen dela, baita ere, senideak senide izateagatik bizi dituzten egoera latzen aurreko salaketa, asistentzia eta elkartasun eskubidea.

Horregatik uste dugu, gizarteak berak erantzun beharko liokeela eraso honi. Giza eskubideen defentsarekin duen konpromisoagatik, bakearekin duen konpromisoagatik, dei egiten diogu euskal gizarteari egoerak dakarren neurrian erantzutera. Eszenatoki berri batera eramango gaituen bideei ateak ireki behar dizkiogu elkarren artean. Konponbideari, giza eskubideen errespetuari eta bakeari atea itxi nahi dion oro gelditzeko nahitaezkoa da gure konpromiso aktiboa.

Deia zabaldu nahi diogu euskal gizarte eta eragile ezberdinei larunbat honetan Donostian burutuko den mobilizazioan parte hartzera. Mobilizazioa, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoetatik, “Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!” lemapean.