Jagoba etxera! Iritzi artikulua

Batzuetan, egoera larri hauei aterabidea eman diezaioketen instituzio eta eragileen itxitura eta gizatasun falta somatzen dugunetan, egiten dugunak ezer aldatuko ez duela pentsatzen dugu. Baina, gaixoaren eskutitza jaso edota lagun eta familiarekin hitz egiterakoan bere sufrimenduaz jabetu eta egiten dugun gutxiak merezi duela pentsatzen jarri eta hori aldatzeko zure hondar aletxoa jarri behar duzula argi ikusten duzu.

Jagobak 14 urte daramatza kartzelan, 50 urte pasatxo dituen preso donostiarra da. Halere, duen adinerako osasun arazo ugari aurkeztu ditu dagoeneko: operazio kirurjiko ezberdinen beharra izan duten ahoko arazo larriak, tunel karpiano bilateralaren sindromea, meningitisa, bertigoak eta gehiegi ez luzatzearren aipatu gabe utziko ditugun beste hainbat.

Baina gehien eragiten dion gaixotasuna Espondilitis Ankilosantea deiturikoa da. Gaixotasun erreumatiko kroniko eta progresiboa da, kasu gehienetan larri bezala kontsidera dezakeguna. Gaixotasun hau izateagatik duela urte batzuk oiartzungo preso bat aske geratu zen. baina dirudienez “garaiak aldatu dira”.

Jagobak arazo osteoartikularrak ditu gorputz osoan zehar: lepo eta bizkarrean, sorbaldetan, besoetan, ukondoetan, aldaketan, oinetan,… Minak, inflamazioak, zurruntasunak, lokartzeek maiz ezintasun handiarekin uzten dute, zutik mantentzeko zailtasunekin, eskutitzak idazteko ere arazoekin, etab.

Hiru urte baina gehiagoz Donostiako Ospitaleko erreumatologia zerbitzuaren zaintzak jaso ditu, hiru hilean behin azterketak eginez. Bere izena preso gaixo larrien zerrendan agertu eta egun batzuetara Martuteneko kartzelatik Castellonera urrundu zuten. Kasualitatea? Oraindik ez du erreumatologo batek berriro ikusi Jagoba, eta ozta-ozta jaso ditu sintomak arintzeko beharrezko medikamentuak. Bere senideengandik jasotako azken berrien arabera deskribatutako minez gain, zurruntasun handia nabari zaio eta deigarria da nola ari den konkortzen.

Gaixotasun hau jasaten duten pertsonek sobera ondo dakite zein garrantzitsuak diren gaixotasunaren jarraipena, dieta eta batez ere, erreabilitazio programa egokituak. Gainera, askotan tratamendu erasokorragoak jaso behar izaten dituzte, eta hauek jarraipen estuagoa eskatzen dute. Nola egingo du hori guztia kartzela barruan? Zein dira kartzela aldaketarako arrazoiak?

Erabaki horren atzean ez dago inolaz ere osasun edo gizatasun arrazoirik.

Ez da osasun arazo larriak dituen preso bakarra, ez dugu ahaztu nahi gainontzeko preso gaixoen egoera larria (Txus, Aitzol, Ibon….). Guztiek dituzten sobera arrazoi euren etxeetan egoteko. Beharrezkoa duten tratamendu egokiena baldintza onenetan jasotzeko.

Gure betebeharra da pertsona eta mediku bezala hori aldarrikatzea, eta jendarte osasuntsu batena hori lortzeko indar egitea.

Larunbat honetan horretarako aukera bat dugu, SAREk 17:00tan Donostian antolatu duen Herri-Sarean parte hartuz.

PRESO GAIXOAK ETXERA

Jabi Hernando Aizpurua- Justo Atristain Gorosabel – Amaia Sarasola Balerdi – Aitor Alberdi Azkue

Medikuak