Motxiladun umeen eskubideen alde “Motxilak gora!” abestia egin du Sarek eta honen bideoklipa grabatzen aritu gara Saturraranen. Motxiladun ume, nerabe eta gazteak izan dira protagonistak eta, eurek adierazi bezala, koloretako etorkizun bat irudikatzen saiatu dira bideoklipean.

Bideoklipean, iragan iluna irudikatu dute lehenengo; iraganean, eta gaur egun ere, presoen seme-alabak erabiliak izaten direla salatzeko. “Handik hona ibili gaituzte gure ama eta aita minutu batzuz ikusi ahal izateko.Hilabetearen gainerako ordu eta asteak gurasorik gabe ematen ditugu. Hori ez da onargarria”. Etorkizunak koloretakoa izan behar duela azpimarratu dute ondoren eta etorkizun hori orain hasi behar dela eraikitzen. “Orain behar ditugu ama eta aita etxean. Ez 30 urte barru. Zergatik itxaron? Zergatik luzatu egoera hau? Zertarako? Orain da momentua”

Hona hemen grabaketan egindako adierazpenak osorik:

Amaiur Iragi (Bilbo, 14 urte). Jaio zenean aita espetxean zen jada eta 19 hilabete zituenean bere ama ere atxolotua eta espetxeratua izan zen. Aiton-amonekin bizi izan zen 3 urte arte, bere ama aske gelditu zen arte. Bere aitak espetxean jarraitzen du egun, 17 urte daramtza bertan. Egun Castellongo gartzelan.

“14 urte ditut eta aita gartzelan ikusi dut beti. 14 urte hauetan milaka kilometro egin behar izan ditut, motxila gainean, bera ikusteko. Baina 14 urte hauetan maitasunez inguratua egon naiz, eta pizipoz eta alaitasunez ere bizi izan ditut, aita laister itzuliko den esperantzaz”.

Hize Andueza (Hernani, 8 urte). Espetxean igaro zituen bere lehen hiru urteak, amarekin. Gaur egun, bere aitak espetxean jarraitzen du, Murtzia 2-n, 16urte daramatza.

“Ni Hize Andueza naiz, 8 urte ditut eta nere aita Murtziako espetxean dago. Beti egon da kartzelan baina kalera ateratzen denean munduari itzulia emango diogu belauntzi batean”.

Ekai Prieto. (Bilbo, 23 urte). 11 hilabete zituela atxilotu zuten bere aita. 22 urte daramatza gartzelan, Teixeiron une honetan (ACoruña).

“Gaur hemen, Saturraranen bildu izanak badu arrazoi bat: Saturraranen (Mutriku), espetxe bat egon 1937 eta 1944 artean. Aurrez hotela izan zena, emakume espetxe bilakatu baitzuen Francok.
Bi mila emakume egon ziren bertan, hauetako asko euren umeekin. Bizi baldintzak ezin okerragoak ziren, eta, ondorioz, 177 emakume eta haur hil ziren.

Baina “gartzela eta haurrak” binomioa ez zen gartzela honekin batera eraitsia izan. Modu isilean eraman nahi izan bada ere, herri honetan ume asko jaiotzen dira espainiar eta frantziar espetxeetan. Eta, beste askok, gurasoak bisitatzen pasatzen dute bizitza, aita eta amaren hutsunea ahal duten moduan eramanez. Ezkutatu egin nahi den errealitate bat da, lotsagatik agian. Baina ezkutatu ezin dena era berean.

Bideoklip honek motxiladun ume eta nerabe hauek elkartu nahi izan ditu. Eta, bide batez, gizartearen aurrean garen bezala azaldu nahi izan gara. Gure aurpegia eta bihotza agertu nahi ditugu. Horregatik, bideoklipean iragana kolore beltzez irudikatu dugu, eta etorkizuna, berriz, guk ikusten dugun modura, kolorez biziez.

IRAGANEAN motxiladun ume ta nerabeok gurasoen ausentzia eta hutsunearekin bizi izan gara. Gurasorik gabe bizi behar izan dugu. Gure aita eta ama ez dira inoiz ikastolara gure bila etorri. Ezin izan dugu eurekin inoiz parke batetara joan, ezin izan ditugu inoiz urtebetetzeak eurekin ospatu. Ez dugu inoiz oheratze uneko ama eta aitaren musurik izan. Baina zergatik? Zergatik ukatzen zaigu gurasoen maitasuna eta gertutasuna jasotzeko eskubidea? Norbaiti egiten al dio mesede egora honek?

Iraganean presoen seme-alabak erabiliak izan gara, eta gaur egun, oraindik ere, erabiliak izaten jarraitzen dugu. Ez dakigu oso ondo zer nolako helburu politikoetarako erabiliak. Handik hona ibili gaituzte gure ama eta aita minutu batzuz ikusi ahal izateko. MInutu batzuz. Hilabetearen gainerako ordu eta asteak gurasorik gabee maten baititugu. Bizitza normal bat eramatea galerazi digute. Eta hori ez da onargarria. Umeak, ez dakigu zer nolako helburuetako erabiliak izatea ez da inolaz ere bidezkoa.
Aurreko hamarkadatan batetik bestera eta gurasorik gabe bizi izan ginen umeak ez al genuen eskubiderik? Eta, gaur hemen dauden ume hauek ere ez al dute gurasoekin bizitzeko eskubiderik? Zer gizarte nahi dugu? Umeen interesak aintzat hartzen dituen gizartea ala bestelako interesak nagusitzen dituena?

Baina, gaur egiten ari garen bideoklipean isladatu nahi zian dugun bezala, ETORKIZUNA KOLORETSUA izatea gustatuko litzaiguke. Horrela irudikatzen baitugu motxiladun ume eta nerabeek etorkizuna, kolore argi eta biziez. Gorria, laranja, morea, horia… Bideoklipean egin dugun bezala, koloreak askatzeko garaia da. Motxilak airera botatzekoa. Zamak askatzeko unea da.

Gure etorkizunean, aita eta ama etxean irudikatzen ditugu. Gure bila doaz ikastolara edo entrenamendura. Planak eta proiektuak elkarrekin egiten ditugu, eta gure urtebetetze festan egongo dira lehen aldiz. Ama, aita eta gu, denok etxean elkarrekin.

Bada, etorkizun hau ORAIN hasi behar da eraikitzen, ez ume eta nerabe izateari uzten diogunean. Ez nagusitzen garenean. ORAIN behar ditugu ama eta aita etxean. Ez 30 urte barru. Ez dakit zeri itxaron gabe. Zergatik itxaron, zergatik luzatu egoera hau…ZERTARAKO? Orain da momentua.

Nik 23 urte ditut, eta jada, ume izateri utzi nion. Aitarik gabe igaro du haurtzaroa eta horrela jarraitzen dut egun ere. Ez dezagun hemen dauden ume hauek ere gurasorik gabe hazi daitezen utzi. Ume hauek zoriontsu izatea merezi dute. Ez dute inolako deliturik egin”.

Abestiaren kreditoak:

Tituloa: Motxilak gora!
Musika: Karlos Osinaga eta Joseba Ponce.
Hitzak: Miren Amuriza.
Ahotsa: Motxiladun umeak.
Grabaketa estudioa: Bonberenea.
Produkzioa: Katxiporreta koop.

> Pretsan bildutakoak

> NAIZ

«Motxilak gora!» abestiaren bideoklipa grabatu dute

«Motxilak gora!» abestia «motxiladun» umeen eskubideen aldeko abestia da, aita edo ama kartzelan duten ume, nerabe edota gazteen aldeko abestia, alegia. Grabaketan umeak berak izan dira protagonistak, eta eurak izan dira ekimenari ahotsa jartzeaz arduratu direnak ere.

Jarraitu irakurtzen