gasteizIragan ekainaren 2an, SARE Gasteizek prentsaurreko bat eskeini zuen hiriaren erdigunean, Leizaola Lehendakariaren omenezko Plazan hain zuzen ere, hain justu Olagibel osasun-etxea eta Santiago Ospitalaren parean. Bi zentro mediko hauetan edo ospitale publikoen euskal sareko beste edozeinetan tratatua beharko luke izan gure auzokidea den eta gaixorik dagoen José Ramón López de Abetxukok. Inoiz ez espetxean. Inoiz ere ez lekutan dagoen kartzela batean. Inoiz ez oraindik preso den honek bere zigorra osorik bete duenean.

Ekainaren 2an aurkeztu genuen eta lantzen hasi ginen aurreko hilabetetan SARE Gasteizen jorratzen ibilitako kanpainia. Denbora honetan zehar argi ikusarazi nahi izan dugu José Ramónen eta bere antzeko egoeratan dauden beste zenbait presoren errealitateari buelta emateko ezinbestekoa dela jendartearen parte hartzea. Argi utzi dugu ezinbestekoak garela presoak etxera itzul daitezen. Justizia eskaera hauen aurrean baina, oso bestelako deskonfidantza eragiten dizkigute Espainiako Auzitegietatik irits daitezken erabakiak, beti ere barne ministerioaren agindu arbitrarioen neurrira ebatsitako erabakiak izanik. Hargatik guztiagatik, jendarteak eragin dezaken presio soziala ezinbestekoa dela diogu berriz ere.

Azken asteotan bilkura anitz egin dugu udal talde eta erakundekin. Haiekin partekatu dugu Abetxukok bizi duen egoera, oraindik ere preso egonik, Gasteizko Udalak, bertan aurkeztutako bi mozioei erantzunez, bere askatasuna birritan eskatu badu ere. Udal-talde guztiekin hitz egin dugu. Bilkura pertsonalak izan ditugu EH Bildu, EAJ-PNV, PSE, Ahal dugu eta Irabazirekin eta telefono bidez, bere agenda betearen gorabeherak medio, Alderdi Popularreko zinegotzi den Leticia Comerónekin. EAJk eta EHBilduk aurkeztu zuten lehendabiziko mozioa 2012. urtean, Arabako jendartearen eremu ezberdineko 200 pertsonek babestutako testua hain zuzen eta bi urte berandugo 3000 gasteiztarren sinaduren babesarekin oraingoan, mozio bera aurkeztu zuten. PSE José Ramón López de Abetxukoren askatasunaren alde azaldu zen eta oraingoan bere taldeko zinegotziak prentsaurreko bateratuan parte hartzeko gonbidapena egiteko konpromisoa hartu bazuen ere, azkenean 4 zinegotzik osatzen duten PSE udal taldeko inor ez zen agertu iragan asteartean egindako ekimenera. Podemosek eta Irabazik berriz, bestelako formulak hautatu dituzte euren atxikimendua adierazteko eta larunbatean izanen den manifestazion parte hartuko dutela baieztatu dute.

Oso kezkagarritzat jotzen dugu azken hauteskundeen ostean udal ordezkariak diren Gasteizko PSEko zinegotzien jarrera. Azken hilabeteotan presoen sakabanaketak umeengan eta adin txikikoengan duen eragina salatzeko Etxeratek aurkeztutako mozio baten aurka bozkatu dute, baina aldi berean, aste honetan bertan, euren idazkari nagusiak sakabanaketarekin amaitzearen alde azaldu eta antzeko moduan ere agertu da Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkari Nagusi ohiak, egun Madrigo Parlamentuan PSOEko Diputatua denak, hain zuzen. Oso deigarria da Gasteizko Udaleko zinegotzi sozialisten jarrera gai honekiko, besteak beste 2011. urtean Patxi Lopez Lehendakari ohiak egindako adierazpenekin bat egiten ez duelako, garai hartan 8. puntuan jasotzen zen legez, “zigortuen hulbitze mailakatua aztertuko dela” adierazi baitzuen.

Udal taldeekin egin bezala, hainbat gazte erakunderekin ere egon nahi izan dugu eta zenbait kasutan hauteskunde-kanpaina medio hitzordurik zehaztea ezinezkoa izan bada ere, gure kezkak eta deitutako mobilizazioaren berri eman ahal izan diegu EGI, Ernai, Gazte Abertzaleak eta Gasteizko Gazte asanbladako kideei. Haiek guztiek José Ramónen askatasunaren alde agertu dira eta euren atxikimendua agertu dute larunbateko manifestazioari begira.

Aste hauetan zehar ere, José Ramónen egoera partekatu dugu ELA, LAB, CCOO, ESK eta STEILAS sindikatuekin. Azken urteotan sindikatu hauetako ordezkari, delegatu zein afiliatuek giza eskubideen alde egindako lana zabala bezain inportantea izan da. Haiek denek atzo bertan egin zuten prentsaurrekoa larunbateko mobilizazioan parte hartzera deituz.

Azkenik, Euskubide sozialen aldeko plataformarekin, HIESAren aurkako Batzordearekin, Salhaketarekin eta Etxeratekin izan ditugu bilkurak. Hiru elkarte hauek ondo baino hobeto ezagutzen dute espetxe politikak eragiten duen sufrimendua eta hirurek bat egiten dute presoen giza eskubideen aldeko aktibazio sozialaren beharraz hitz egitean.

Azken asteotan gogor egin dugu lan eta egun intensoak izan badira ere, egindako lana erabat aberasgarria eta positibia izan da zalantza gabe. Talde, erakunde eta pertsona anitzeko izandako bilkurek argi daukagun zerbait baieztatu digute berriz ere, Gasteizen gai honekiko dagoen gehiengo baten atxikimendua eta adostasuna hain zuzen.

Orain, Gasteizko kaleak betetzea besterik ez zaigu geratzen. Bihar, larunbata, eguerdiko 12.30etan eta Leizaola Plazatik abiatuta, marea hori batekin ikusiaraziko dugu horrenbeste sufrimendurekin amaitzeko urgentzia eta beharra.

Larriki gaixorik dauden presoek osasunerako duten eskubidearen alde aktibatu beharra dugu, Abetxukoren osasun eskubidearen alde eta beste preso gaixo guztien eskubideen alde

Jendartea; herritarrok ezinbestekoak gara eskubide hau gauzatu dadin.

 

BIDEOAK

Kaiola hutsik bait da inoiz baino ederrago 

ABETXUKO ETXERA!