“Izan Bidea dinamikaren baitan, datorren urriaren 3an milaka herritarrekin batera Euskal Herriko tontor ezagunenak igoko ditugu, 650 tontor inguru, preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde”

Maiatzean Izan Bidea aurkeztu genuenetik ia 230.000 kilometro egin ditugu izena-eman dugun ia 3000 pertsonen artean. Egunero-egunero gero eta gehiago gara Ibiltarien Sare honen parte egin garen herritarrak eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzanak.

Dinamika honek, euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako.

Horretarako une aproposa dela uste dugu; euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko. Denok ozen esan dugu, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko garaia dela. Bestetik, Madrili dagokionean, Gobernuan diren alderdiek egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dute behin baino gehiagotan, izan EHko instituzio ezberdinen baitan, edota Madrilgo gobernukideek eginiko adierazpenen bitartez. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, zeren zain dira? Egoera honek ezin du gehiagoan luzatu. Presoak Euskal Herrian egon behar dute eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei Covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Nahikoa da. Konponbide garaia da.

Horregatik, bidea egiten jarraitu behar dugula diogu, Ibiltarien Sare hau gero eta handiago eta zabalagoa egin behar dugula, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egi bilaka dezagun.

Eta bide hori batera egiteko, datorren urriaren 3an inoizko erronka handiena ezarri diogu gure buruari eta Euskal Herriko herritarrei; guztion arten, egun berean, Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara gure aldarria eramatea. Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko.

Honela, urriaren 3an, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dugu Euskal Herrian. Gure herriko tontor esanguratsuenak igoaz; aurten kaleratutako zentenarioen zerrendan bilduta dauden tontorrak eta herriz herri kuttunenak ditugun horiek igoko ditugu; maila altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak, baita, urtean behin mendi-buelta txikia baino egiten ez dugun horiek guztiak elkartu nahi ditugu ekimen honetan eta horregatik guztiontzako eskaintza luzatuko dugu. Datozen asteetan sareren web orrialdean informazioa gehitzen joango gara, baita, ekimenerako izen-emateko aukera zabaldu ere (bai web orriaren bitartez, baita herrietan ere).

Honekin batera, gaurko agerraldi hau probestu nahi dugu udan zehar hiriburuetan egingo ditugun hainbat ekimenen berri emateko:

• abuztuak 1, Gasteizen
• abuztuak 14, Donostian

Elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea izan nahi duten guzti horiei, urratsak eman eta kilometroak egiteko prest dauden guzti horiei, abuztuan eta bereziki urriaren 3an gurekin batzera dei egiten diegu.

Izan gaitezen bidea, osa dezagun Ibiltarien Sare erraldoia.