Oharrak

Tipularen Sehaska Kanta, Lander Garrok espetxea eta gaixotasunaren inguruan eginiko filmaren Crowdfunding kanpaina

Sare Herritarra elkarteak, Gasteibeltza iparraldeko produktorarekin batera, Lander Garrok zuzendutako “Tipula sehaska kanta” film-Dokumentala ekoiztu du, espetxea eta eritasunaren gordina nola bizitzen den azaldu asmo duen lana. Iraila-azaroa bitartea estreinatu nahi den film-dokumental honek argia ikus dezan, Crowdfunding kanpaina abiatu genuen atzo, ekainak 13, igandea: https://vkm.is/tipularensehaska

Miguel Hernández idazle eta poetak bere semeari eskainitako poema batek eman dion izena dokumentalari; Miguel, 1936ko gerran preso hartua, 1942an hil zen espetxean tuberkulosiak jota, bertatik, poema hau (shorturl.at/djmGY) idatzi zion bere semari, emazteak jatekorik apenas tipula baino ez zutela adierazten zion gutunei erantzunez. Gertakari hau oinarri hartuta, galdera hori erantzuten saiatu da Lander Garro zuzendaria, berak adierazi moduan “politikotik baino, emozionaletik” landuaz; 1942an espetxeak hiltzea zentzurik ez bazuen jada, ba ote du zentzurik gaur?

Egun, oraindik, 18 larriki gaixo diren euskal preso daude Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko espetxeetan eta 36 bizia gaitzak jota (psikikoa edo fisikoa) galdu dutenak. Ahaztu gabe, espetxetik heriotza ate joka eta gaitzak atzera-bueltarik ez duenean kaleratu dituzten guzti horiek. 1942an bezalaxe, gaitza eta espetxearen arteko talkak heriotza zigorra izaten jarraitzen du oraindik ere.

Film-dokumental honen bitartez errealitate mingarri honek sortzen duena erakutsi nahi dugu. Horretarako Garrok espetxea eta gaitza ezagutu duten pertsonekin, senideekin, adituekin… elkartu da, euren bizipenak batuz kontakizuna eraiki asmoz.

SINOPSIA. Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografikoaren baten bidez. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?


»? Teaserra: https://youtu.be/3nERKm_sqdg

?Crowfunding Kanpaina: https://vkm.is/tipularensehaska


OHARRA, uztailean Audientzia Nazionalean izango den epaiketa dela eta

Sare herritak salaketa irmoa egin nahi du uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketa berriaren aurrean. Berriro ere Arantza Zulueta, Iker sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saio Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi, akusazio beraren pean, epaituak izango baitira.

Beste behin ere, A.N. Salbuespen auzitegia izaten jarraitzen duela agerian geratu da 13/13 sumarioko epaiketa honekin, gure herrian bakerantz eta bizikidetzarantz egiten hasi den bidea oztopatu asmoz.

Epaiketa zentzugabe eta bidegabe baten aurrean gaude. Dagoeneko akusazio beraren baitan epaituak izan diren aurkako epaiketa da honakoa, ahaztu gabe, pertsona hauek jada espetxealdia ere jasan izan dutela euskal presoei eginiko asistentzia lana dela eta.

Ezin dugu aipatu gabe utzi, aurreko epaiketan, Fiskaltzarekin akordio bat egon zela eta horren ondorioz dagoeneko betetako zigorrak ezarri zirela.

Euskal gizarteari eskubide urraketa amaigabe hau salatzeko eskatu nahi diogu. Salatu ditzala salbuespenezko auzitegi honen bidegabekeriak, Auzitegi politizatua eta, beraz, justizia-zantzuetatik urrun dagoena baita. Ez diezaiogun utzi gure herria egiten ari den elkarbizitzaren eta bakeraren bidea oztopatzen.


EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak bat egin dute Euskaldunako Adierazpenarekin

[Adierazpen osoaren bideoa] Eitberen eskutik

Oso positiboki baloratzen dugu Etxerat eta Sarek Donostiako Udalbatzaren gehiengo zabal batek 2020ko abenduaren 11n argitaratu zen Euskalduna Jauregiaren adierazpena berrestea. Horrek erakusten du gero eta konpromiso sozial eta instituzional handiagoa dagoela euskal presoak hurbiltzearen alde eta hainbat hamarkadatan aplikatzen ari zaien salbuespen-legediaren ordez legeria arrunta ezartzearen alde.

Jakin badakigu Euskaldunako adierazpenaren aldeko babesek erritmo onean jarraitzen dutela EAEko udal askotan. Gaur egun, 90 udalerri inguru dira beste horrenbeste udalerritan formalizatu diren berrespenak. Datozen egunetan dokumentua sinatzen duten udalen behin betiko datua eman ahal izango dugu.

Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiegu alderdi politikoei eta sindikatuei espetxe-politika normalizatzeko bidean urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu dutelako; eta gogorarazi nahi dugu adierazpen hori Espainiako Gobernuko presidenteari bidali zitzaiola, euskal gizartearen erabateko babesa islatzen baitu, urruntzeari amaiera emateko eta euskal presoei legeria arrunta modu esklusiboan aplikatzeko.

Presoak euskal kartzeletara hurbildu ondoren, premiaz, Espainiako eta Frantziako gobernuek espetxe-politikaren humanizazioan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, konponbidearen eta bizikidetzaren bidean, ahalik eta lasterren etxean egon daitezen.

Patricia Velezen (Etxerat) balorazioa


EAEko udalek egun hauetan, Euskalduna Jauregian 2020ko abenduaren 11n egindako adierazpenaren berrespena egiten ari dira

Gaur iragarri nahi dugu EAEko udalek egun hauetan, eta datorren apirilaren 21era arte, prozesu honi buruzko datu zehatzagoak emango ditugun egunera arte, Euskaldunan Jauregiak 2020ko abenduaren 11n egindako adierazpenaren berrespena egingo dutela.

Egun hartan, euskal gizartearen gehiengo handi bat ordezkatzen duten alderdi politikoek eta EAEko sindikatu guztiek euskal presoak hurbiltzeko plan bat egitea eta hauei legeria arrunta aplikatzea eskatu zuten. Aipatutako adierazpena udaletara bidaltzea akordioaren testuan bertan jasotzen da, berresteko; izan ere, sinatzaileek adierazi dute beharrezkoa dela konpromisoa sozializatzea eta ezagutaraztea.

Gainera, publiko egin eta berehala, testua Espainiako presidenteari eta EAEko lehendakariari bidali zitzaien, baita Espetxeetako Idazkaritzara, Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Ipar Euskal Herriko Mankomunitateko presidenteari ere.

Gogorarazi nahi dugu adierazpenaren mezu nagusia, orain udalerrien babesa jasoko duena, Espainiako Gobernuari zuzenduta dagoela, eta hari helarazten zaiola EAEko gizartearen eta adierazpen hau sinatu dutenen babes osoa izango duela, euskal presoei legeria arrunta eta espetxe-politika normalizatua aplikatzeko beharrezko urratsak ematea erabakitzen bada.

Azpimarratu nahi dugu, beraz, adierazpen honek euskal gizarteak salbuespenezko espetxe-politika behin betiko gainditzeko egiten duen apustua osatzen duen adostasun politiko eta sindikala egiaztatzen duela.

Ongi baloratzen dugu Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara espainiar Estatuak mantentzen duen euskal presoen lekualdaketen dinamika, baina, ala ere, gogoratu nahi dugu ere euskal preso guztiak Euskal Herrira gerturatu arte ez dela urrunketa bukatuko.
Euskal presoen urruntzearen amaierarako urratsak begi-bistakoak diren honetan, oso positibotzat jotzen dugu bultzada berri hori, kasu honetan, udalerriek bultzatuko dutena, eta beste ekimen batzuk gehitzea espero dugu, hala nola, euskal gizartearen mobilizazioa, salbuespenezko espetxe-politikaren amaierari behin betiko bultzada ematen laguntzeko.


#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


APIRILAK 7 | OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaur, urrats batzuk ematen ari diren honetan, urteetan luzatu den salbuespenezko espetxe-politikak oraindik berean darrai. Apirilaren 7an, Osasunaren Nazioarteko Egunean, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera berezi honek osasunak eta honen artatzeak duen garrantzia erakusten digu eguna joan eta eguna etorri. Zentzu honetan, eta inoiz baino gehiago, preso daudenen osasuna ere lehenetsi behar dela adierazi nahi dugu, eta osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu:
• Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika: bakardadeak, zigorraren luzapenak eta urruntze-politikak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen dituzte. Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi-baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.
• Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen, eta are gutxiago COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen neurriak errespetatzeko aukera. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.

Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan. Preso hauek gaixotasuna sendatzeko askatu beharrean, gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta heriotza ate joka denean askatzen dituztela argi erakutsi ziguten duela aste batzuk. Egun 17 dira larriki gaixo diren presoak. Sarek argi du salbuespen-politika hau desagertzen ez den bitartean ondorio lazgarri hauek bizitzen jarraitu beharko dugula.

Horregatik, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu, denok izan behar gara salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte, behin betikoz presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean, konponbidearen eta bakearen bidean, lortuko baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea, eta gaixo larriek bizi duten sufrikarioarekin amaitzea.


Maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango gara.

Izan Bidea dinamikak aurrera darrai, eta, horregatik, duela hilabete batzuk esan genuen bezala, maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango gara.

Bertan, presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatuko dugu, eta, helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da urruntze-politika bertan behera uztea eta gradu-progresioa aplikatzea preso guztiei.

Izan Bidea dinamikaren barruan, gaur arte, ia-ia milioi bat km bete dira ekimenari ekin genionean iragarritako 3.127.326 kilometroetatik. Hau da, gure konpromisoa da Euskal Herrian bizi garen herritar beste km egitea.

Euskal Herriko gailurretara joateko igoera hau urriaren 3an egin nahi genuen, baina atzeratu behar izan genuen eguraldia dela eta.

Orain, are gogotsuago eta indartsuago ekingo diogu. Gero eta gehiago garelako ibiltarien sare hau osatzen dugun eta kilometroak egiten ari garenak. Egindako urratsek helburu argia dute: euskal presoen egoera konpontzea eta bizikidetza eta bakea lortzeko bidean aurrera egitea.

Dinamika honek ideologia askotako pertsonak elkartzea lortu du, eta, gizarte-aktibazioa eta erakundeetan egindako lana uztartuta, argi daukagu egoera hau behin betiko konpontzea lortuko dugula.

Duela hilabete batzuk ekimen hau aurkeztu genuenean, aprobetxatu behar genuen une berezian geundela esan genuen, eta aprobetxatzen ari gara.

Hala egin genuen urrian, Kontxa hondartzan osatutako mosaikoarekin, non alderdiak, sindikatuak, elkarteak eta sozietate zibila elkartu baikenituen Resolution, Resolución lelopean.

Hala egin genuen urtarrilaren 9an ere, herriz herri eta, ordura arte inoiz lortutako ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabalenarekin, Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, BIDEA GARA. SOMOS EL CAMINO lelopean.

Eta bide hori garatzen jarraituko dugu. Adostasun politiko eta sindikalen aktibazioa, sozietate zibilarekin batera. Helburua lortzeko modu bakarra bidea elkarren ondoan egitea baita.

Bat egiten dugulako helburuetan: urruntze-politika desagertzea eta presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzultzea, eta gradu-progresioa aplikatzea, salbuespenik gabe. Hau da, egunero-egunero presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen-erregimena desagerraraztea.

Salbuespen-erregimenaren ondorioz:

Gaixotasun larriak dituzten presoak eta adin handiko presoak kartzelan jarraitzen dute.

80 motxiladun ume baino gehiago, praktikan, umezurtz daude eta ez daukate aukeratik ama, aita edo biak besarkatzeko preso baitaude.

Oraindik bide luzea dugu aurretik. Eta SAREk maiatzaren 8ko ekimena eta antzekoak planteatzen jarraituko du, herritarrak aktibatzen jarraitzeko eta, hala, aldarrikapen hauek kalean mantentzeko, gure helburuak lortu arte.

Euskal Herriko 650 mendi hauetara joateko ekimena erronka historiko bat da. Gure Herriko mendi esanguratsuenak dira; aurtengo ehun urtekoen zerrendan sartuta dauden gailurrak dira. Zailtasun handiko, ertaineko eta txikiko mendiak dira, parte hartu nahi duten guztiei parte hartzeko aukera bermatu nahi diegulako: mendizale esperientziadunei, familiei, umeei, helduei, nagusiei, gazteei. Baita mendira urtean behin baino ez doazenei ere. Aukera zabala eskainiko dugu, bakoitzak bere neurrirako mendia hauta dezan.

Inoiz ez da egin mendi hauetara egun berean milaka eta milaka pertsona joateko ekimen bat, goian IZAN BIDEA bandera zabaltzeko. Gure aldarrikapenen bandera, hain zuen.

Ekimen polita eta esanguratsua da, erakusteko prest gaudela urratsak emateko, aldapan gora edo aldapan behera, baina guztiok batera, euskal presoen eskubideen urraketa desager dadin.

Gaurtik aurrera erabilgarri egongo da 650tontor.sare.eus web orria, ekimenari buruzko informazio guztiarekin. Orri horretan eman ahal izango da izena, baita herriz herri ere.

IZAN GAITEZEN BIDEA. BATU GAITEZEN IBILTARIEN SARE ZABAL HONETARA, BIZIKIDETZAREN, BAKEAREN ETA KONPONBIDEAREN ALDE.


#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


OHARRA | Iratik espetxea utzi eta gurasoengandik banatzeko eguna heldu da

Tamalez, iritsi da Iratik espetxea utzi eta gurasoengandik banatzeko eguna. Martxoaren 8an 3 urte bete ditu eta espetxe araudiak hala bultzatuta, Iratik espetxea utzi behar izan du, gurasoekiko bereizketa bortitza bizi eta hemendik aurrera motxiladun ume bilakatuz. Aitite eta amamarekin dator Irati Bilbora.

Egoera hau, ordea, ez da ezohikoa, haur eta guraso ugarik bizi behar izaten duten banaketa hau, eta salbuespen legedia dela eta, banaketarekin batera, urruntze politikaren ondorio lazgarriak edota bi gurasoekin batera egoteko ezintasunak. Dakigun moduan gainera, orain, Covid-19a dela eta bisitak ere kontaktu gabeak eta murriztuak dituzte. Motxiladun haurrek eta haiek gurasoek salatu moduan, haur hauek umezurtz izatera bultzatzen ditu egoera honek eta euren bizitza aita, ama edo biak ikusteko alboratzera kondenatu kilometroak eta kilometroak egitera behartuz. Irtenbideak badaude, borondate kontua da. Motxiladun haurrek gurasoak EHn egin behar dute eta familientzako moduloak eskaini behar zaizkie euren eskubidea den gurasotasuna modu ahalik eta egokienean garatu ahal izateko.

Orain artean Irati Gurasoekin Ehra dinamikarekin bat egin duten herritar, eragile eta ordezkariei dei egin nahi diegu datozen egunetan egin daitezkeen mobilizazio edota deialdietara bat egiteko eta aurrerantzean ere, Irati eta gainontzeko motxiladun haurren eskubideen defentsan egiten diren iniziatibetara batzeko. Guztion ardura da haur eta nerabe hauek bizi duten egoera injustua aldatzea eta gurasoekiko harremana garatu ahal izateko beharrezkoak diren neurri eta tresnak ahalbidetzea.


 

#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


Gaur, zoriondu nahi ditugu Bilboko Udaletxean Iratiren egoeraren inguruko mozioa onartu duten talde politiko guztiak

Gaur, zoriondu nahi ditugu Bilboko Udaletxean Iratiren (Bea Etxeberria presoaren alaba) egoeraren inguruko mozioa onartu duten talde politiko guztiak. Gaur onartu den mozioak, Iratik Aranjuzeko espetxean bizi duen egoeraren inguruan ardura eskatu eta umearen eskubideak errespetatuz bere gurasoekin eta familiarekin egoteko duen eskubidea bete dadin eskatu da. Mozioa EAJ, EHBildu, PSE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin atera da.

Saretik Irati eta Izadiren kasuak aintzat hartuta, umeentzako baldintza egokienak ziurtatuko dituen erabakiak hartzeko eskatu nahi diogu Madrilgo gobernuari. Gogorarazi nahi dugu kartzelan dauden Irati eta Izadiz gain oraindik 80 motxiladun haur daudela, COVID egoera honetan 10 hilabete luzez beraien aita, ama edo biak besarkatu eta muxukatu ezinik. Ume hauek urrunketa eta COVID egoeran umezurtz geratzen ari dira, ez dute beraien gurasoekin egoteko ia aukerarik eta honek berehalakoan amaitu behar duela salatu nahi dugu.

Horregatik, datorren otsailaren 6ean, Bilbon deitu den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, Irati gurasoekin Euskal Herrian egon behar duelako eta gainontzeko motxiladun umeek ere beraien gurasoak, preso izanda ere, guraso izaten jarraitzeko eskubidea dutelako.

MOZIOA: 


Urtarrilak 9: 238 mobilizazio, 414 herrietako deialdiekin eta ordezkaritza politiko eta sindikal zabalenaren presentziarekin

24 ordu, Sare Herritarren deialdiaren baitan, berriro ere milaka eta milaka pertsona bilduko dituen eguna hasteko.

11:30ean Euskalduna Jauregian hasiko dugu gure jarduera. Eta inoiz izan dugun esparru politiko, sindikal eta sozialeko ordezkaritzarik zabalenak lagunduta egingo dugu.

17: 30ean, berriz, zehazki EHko 238 herritan mobilizatuko gara, baina guztira 414 herrik egin dute bat mobilizazio horiekin, hainbat herritarako deialdi bateratuak eginez.

Ez pandemia honek, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusirik, aurten ere, milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketa amaitu eta EHra itzultzen hasteko deialdiaren baitan. Eta horrekin batera, bizikidetzaren eta bakearen alde.

Mobilizazio horiek guztiak osasun-agintarien argibide guztiak kontuan hartuta egingo dira, guztion segurtasuna bermatu dadin.

Gaurko agerraldi honen helburua euskal herritarrei azken deia egitea da eta, era berean, biharko azken antolaketa-datuak zuekin partekatzea.

Osasun segurtasuna dela eta, Euskaldunako ekitaldiaren aforoa 70 lagunentzat izango da. Bertaratuko diren alderdi politikoetako ordezkariak hurrengoak izango dira: EAJ; EH Bildu; Podemos Euskadi eta Nafarroa eta Geroa Bai. Bestalde, euskal sindikalgintza osoaren ordezkaritza izango da (ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT). Horiekin batera, gizarte zibileko ordezkariak egongo dira: Unibertsitate, kirol, kultura eta hainbat alorretan arituak.

Kataluniako alderdiek ere bat egin dute deialdi honekin: ERC, Junts. Eta Cup. Eta baita beste hainbat pertsona esanguratsuk ere, tartean, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiak, Puigdemont eta Torra Presidenteak; Torrent Kataluniako Parlamentuko Presidenteak; eta hainbat eragile, Omniun Cultural; ANC; Etxerat, etab.

Ekitaldian, Paul Riosek, Aieteko akordioen ondorioz indarkeriarik gabeko egoera sortzeko lanetan aritu denak eta Nekane Altzelaik, Ahotsak ordezkatuz, hartuko dute partea, ekitaldiari hasiera emanez. Ondoren Sareren hausnarketarekin eta mezuarekin amaituko dugu.

Ekitaldiaren aurretik 11.15etan, bertan dauden alderdi, sindikatu eta elkarteetako ordezkariek adierazpenak egin ahal izango dituzte prentsaurrean, urtero manifestazioaren hasieran egin ohi dugun moduan.

Arratsaldeko ekimenei dagokienez, esan moduan, 238 herrik izango dituzte deialdiak:
– 17 araban
– 74 Bizkaian
– 69 Gipuzkoan
– 78 Nafarroan

Ahaztu gabe, Baionan ere, ordu berean, mobilizatzen egongo direla.

Esan bezala, deialdi honetara 414 herri batu dira, horietako askok inguruko herriko mobilizaziora dei eginez.

Ekitaldi nagusia Bilbon izango da. 16:30ean hasiko da manifestazio batekin, Plaza Eliptikoan hasi eta 17: 30ean Udaletxean amaituko dena. Formatu anitzak erabiliko dira herri bakoitzean.
Udaletxean. Bilbon, 17: 15ean, azken adierazpenak egingo ditugu, eta 17.30etan hasiko den amaiera ekitaldian Amaia Goirigolzarri abokatuak eta iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak hartuko dute hitza.

Azkenik, alderdi, sindikatu, erakunde eta, oro har, pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu aldarrikapen hauei emandako babesa eta atxikimendua.

Beste batzuetan adierazi dugun bezala, Sarerentzat, oso garrantzitsua da desberdinen arteko adostasun eta akordioak lortzea, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitu eta bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko. Eta , horretarako, ezinbestekoa dela deritzogu gizarte-aktibazioa ere. Horregatik, kalera aterako gara berriro.

Ildo horretan, azken deia egin nahi diegu herritarrei, bihar 238 herri horietan egingo diren elkarretaratzeetara hurbil daitezen.

2021a konponbidearen urtea izan behar da eta guztien artean lortuko dugu.


200 herri eta auzo baino gehiagotan egongo dira mobilizazioak Urtarrilaren 9an

Gaurko agerraldia urtarrileko mobilizazioari begira egingo dugun azkenetarikoa da, azken txanpan sartu baikara. Ezohikoa, ia sinesgaitza eta guztiontzat bereziki gogorra izan den urte hau amaitzear da, apenas geratzen zaizkio hiru egun eta denok desioan gara 2021. urteari hasiera emateko eta bereziki, urte berri honek egungo egoera aldaketa ekartzeko. Baita euskal preso eta senideak ere.

Guk urte berri honi, urtero egiten dugun eran emango diogu hasiera; kalean. 2021. urte honetan ordea, Bilboko kaleak ez ezik beste 216 kale beteko ditugu aldarriz, itxaropenez, eta aldaketa gogoz. 216 herritan, egun berean, ordu berean eta irakurketa beraren baitan antolatutako ekimen parte hartzaile eta handienetakoa izango da, beraz, aurtengo urtarrilean Sarek antolatutako mobilizazio erraldoia. Horrez gain, urtarrilaren 9an goizeko 11.30etan Bilboko Euskaldunan alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak batuko dituen ekitaldia antolatzen ari gara. Azken urte eta hilabeteetan lau eremu hauetan agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde emandako urratsak balioan jarri eta bide hau batera egiten jarraitzeko mezua luzatu asmo duen ekitaldia izango da, ordezkaritza zabala batu asmo duena. Izan ere, Sarerentzat kalean herritar anitzek erakusten duten aktibazio eta aldaketa nahi hori bezalaxe, sindikalgintzan, eragileen aldetik, alor politikoan edota instituzionalean lortutako adostasunak berebiziko garrantzia baitute. Guztiok gara giltzarri konponbiderako. Guztiok gara bidea.

Arratsaldean berriz herrien txanda izango da. Anitzak izango dira herrietan aurrera eramango diren mobilizazioak; giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak… aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazio berezi honetan. Guztiek ordea ekimen bateratu bat eramango dugu aurrera; “argiztatutako bidea”, hau da, mugikorreko argiak baliatuz osatutako argazkia. Berau izango da gure sareetan jaso eta zabalduko dugun irudia, edo hobe esanda, gure sareetan zabalduko ditugun 216 irudi bateratuak. Herri guztiak eta bertan batutako pertsona guztiak bat egingo dugun une berezia izango da, eta baita, iparraldeko kideekin bat egingo dugun unea ere, Baionan ere argiztatuko baitute bidea.

Bi aldarri nagusi gailenduko dira aurtengo mobilizazioetan;

  • Batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea. Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean.
  • Bestetik, euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den gradu progresioa ezartzearen eskakizuna. Izan ere, Oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, eskubide ugari murrizten zaizkielarik.

Horregatik, datorren 2021. urte berria, salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea eskatuko dugu herriz herri. Ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu. Horregatik jendarte osoari dei egiten diogu, mobilizazioetan parte hartu eta ibiltzen hasiak garen bidearen parte izateko.

 


Zer da, «2€= 2m2» kanpaina? eskuratu zure lekua ? http://sare.eus/2euro2m2/