Oharrak

SARE HERRITARRAREN OHARRA EUROPAK GORKA FRAILEREN AUZIAN IZANDAKO EBAZPENAREN AURREAN:

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Gorka Fraile euskal presoak 2017an, Badajozeko espetxean zela (700km) gerturatua izateko ezarritako demandaren ebazpena eman du gaur. Auzitegiaren erantzunak ez du aurrez espainiar epaitegiek Fraileri emaniko ezezkoa zentsuratzen, erabakia espetxe politika antiterrorista batean eta ETAren existentzian oinarritzen zela argudiatuz, hala adieraziz “gerturatzeari emaniko ezetza bere egoeraren ebaluazio indibidualean eta espetxe politika orokorrean” oinarritzen da.

Sare Herritarretik ebazpen honekiko bere desadostasun osoa agertu nahi du, presoak era bikoitzean ez ezik bere senideak ere zigortzen dituen espetxe politika hau baimendu eta iraunkortzen duela uste baitugu, hala, preso eta senideen eskubideak urratuz eta ezohiko legedia aplikatuz. Europako Auzitegiak erabaki hau “auzi-jartzailearen familiarteko bizitza errespetatua izateko eskubidea ez da era desproportzionatuan mugatua izan, desordena eta delinkuentzia prebenitu eta gainontzekoen eskubide eta askatasunen babesaren” ziurtatzearen oinarrian hartu dela argudiatzen du, honela, ETAren disoluzioaren aurreko garaiari erreferentzia eginez. Zentzu honetan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, zeharka, urruntze politikak ETArik gabeko egoera berri honetan, zentzurik ez duela onartzen du, ezta oinarri juridikorik ere. Bide batez, gogora ekarri nahi dugu, egungo espainiar Gobernuak ere, duela hilabeteak, bide beretik, ETArik gabe, urrunketa zentzugabea zela adierazi zuela.

Sare Herritarrak, argi du, ETAren disoluzioaren osteko garai honetan, euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikak eta salbuespen legediak ez duela ez oinarri politikorik, ez segurtasun neurriak argudiatu ditzaken oinarririk, ezta oinarri juridikorik ere. Hori hala, oraindik orain ehunka kilometrotara sakabanatuak dauden euskal presoak, berehala Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar direla aldarrikatzen dugu. Jada ez dago erabaki hau denboran luzatzeko inolako aitzakiarik.

Esandakoaz gain, Gorka Fraileren kasu konkretura itzulik, gogorarazi nahi dugu Durangoko presoa, jada 21 urte espetxean daramatzana, 20 pertsonako zerrenda osatzen duen larriki gaixo den presoetako bat dela. Hala izanda, Gorkak etxean behar luke, bere senideen babesa jasoz, konfiantzako medikuaren jarraipena jasoz eta bere gaixotasunari aurre egin ahal izateko beharrezko dituen baldintza egokietan. Horregatik, ohar hau Gorka Fraile eta gainontzeko larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatzeko ere baliatu nahi dugu.

 


OHARRA AZKEN URRUNTZEAK DIRELA ETA:

Sare Herritarrak ohar honen bitartez, azken egunetan ezagutzera eman diren bi presoren urrunketa salatu eta atzera urrats nabarmen hau lekuz kanpo dela adierazi nahi du.

Asier Bengoa eta Karlos Apeztagia presoak Soto del Real espetxetik Herrerara (600km) eta Ocaña II-ra (480km) urrundu dituzte. Bien kasuan emandako mugimendu eta prozedurak, salbuespen neurrien adierazle garbiak izan direla eta presoen eskubideak urratzeaz gain, espainiar estatuak urruntze politikekin amaitzeko agertutako borondatearen aurkakoak direla salatu du Sarek.

Lekualdatze hauek presoa bere herritik urrunago den espetxe batera izateaz gain, aldaketa gauzatu artean, isolamenduan preso izan dituztela ere adierazi du Sarek, horretarako inolako arrazoirik gabe, isolamendu egoerak dakartzan muturreko baldintza gogorretara presoa era bikoitzean zigortuz. Egoera hau onartezina dela eta preso hauek bizitako egoera euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politikaren erakusle garbia dela agertu du elkarteak.

Sarek, garai berri baten aurrean gauden honetan, atzera urrats nabarmen gisa kokatu ditu urrunketa hauek, are gehiago, espainiar gobernutik urruntze politikarekin amaitzeko konpromisoaz mintzatu ostean, legearen aurkako ez ezik, gobernuaren beraren konpromisoen aurkako erabakiak direla salatuz.

Espainiar hauteskundeen bezperetan garen honetan, herri honek aurrera egiteko erakutsitako nahi eta beharrari erantzuten dioten politika ausartak garatzeko unea dela deritzo Sarek. Elkarbizitzan eta bakean biziko den jendarte bat eraikitzeko, sufrimenduarekin amaitu beharra dago, salbuespen legediarekin amaitu eta legea oinarri hartuta, zigor atxiki eta urrunketarekin amaitzea ezinbestekoa dela adieraziz. Horregatik, atzera urrats bat bera ere ez emateko eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen dio Sare Herritarrak espainiar gobernuari, baita, hauteskunde hauetan euren burua aurkeztu duten alderdi eta ordezkariei; aurrera egiteko unea da.


Sare Herritarraren oharra 47 auzipeturen aurkako epaiketaren inguruan

Jakina den moduan, datorren irailaren 16an abituko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Audientzia Nazionalean. Pertsona hauek giza eskubideen alde eginiko lanagatik izango dira epaituak, besteak beste, abokatu eta medikuak, euskal presoei dagokien babes legal eta artatze medikua emateagatik. Guztien bizkar akusazio eta zigor desproportzionatuak eskatu ditu fiskaltzak.

Sufrimenduarekin amaitzeko garai honetan auzi onartezina dela deritzo Sarek. Mina areagotu eta presoen auziari aterabidea emanaz elkarbizitza erreal baten alde urratsak eman beharrean, kontrako norantzan kokatzen da epaiketa hau. Zauri berriak zabaldu eta korapiloak estutzeko baino balio ez duena. Gaurko egunean besarkada bana helarazi nahi diegu auzi berri honen parte izatea egotzi zaien guztiei eta euren senide eta lagunei.

Gogoratu nahi dugu ere, auzi honen baitan 2015eko urtarrileko manifestazioan Sare Herritarrak bildutako dirua lapurtu zuela Guardia Zibilak, oraindik orain, itzuli izan ez dena.

Konponbidean aurrera egin eta benetako elkarbizitza egoera zein bakerako urratsak emateko garaian gauden honetan, halako auziek ez dutelako kabidarik, Sarek bere konpromiso osoa adierazi nahi du bide honetan lanean jarraitzeko.


Oier Gómez preso ohi gasteiztarra zendu da

Gaur Oier Gomez gasteiztarra zendu da. SARE Herritarrak bere doluminak bidali nahi dizkie Oierren senide eta lagun guztieu. Oier 2017ko apirilean askatu zuten pairatzen zuen gaixotasuna sendaezina zelarik. Oierrek bere gaixotasuna era egokian, konfidantzazko profesionalekin eta senideen alboan artatua izateko eskubidea zuen. Sarek larriki gaixo diren preso guztiak beraien gaitzak sendatzeko espetxetik atera behar dituztela gogorarazi nahi du, ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean, heriotzera kondenatuak. Espainiar eta frantziar gobernuei bide honetan pausoak emateko eskatzen diogu eta sufrikario guztiekin amaitzeko.


Gaur Grande Marlaska barne ministroak sakabanaketaren inguruan eginiko deklarazioak direla eta Sare Herritarrak osatutako oharra:

Gaur Grande Marlaska barne ministroak sakabanaketaren inguruan eginiko deklarazioak direla eta Sare Herritarrak osatutako oharra:

  • ETAren disoluzioaren ostean sakabanaketak zentzurik ez duela adierazi du Marlaskak. Grande Marlaskaren hitzak, aurrez Pedro Sanchezenak bezala, positiboki baloratzen ditugu. Urteetan esan dugun moduan, sakabanaketa ez da legean oinarritutako neurri bat izan, euskal presoei zigor gehigarri gisa ezarritako salbuespen neurri bat baizik.

 

  • Deklarazioak positiboki baloratu eta esperantzaz jasotzen ditugun arren, zuhurtziaz hartzen ditugu, hitzak praktika nola bilakatzen diren ikusi beharra dago. Izan ere, Pedro Sanchezen lehen deklarazioen ostean, ikusi ahal izan dugu ekintzak ez datozela hitzekin bat, ez baitira euskalherriratzeak gauzatu.

 

  • Aurreko larunbatean Bilbon eta Baionan izaniko manifestazio jendetsuen ostean, Grande Marlaskari bilera eskaria luzatu diogu aste honetan. Zentzu honetan, hitz hauek errealitate bilakatzeko urgentziaz eta prozeduraz hitz egitea beharrezkoa ikusten dugu.

SARE HERRITARRAREN OHARRA 3/2017 INSTRUKZIOAREN INDARGABETZEA DELA ETA:

Sare Herritarraren iritziz, espainiar Gobernuak 3/2017 instrukzioa indargabetu izana, pauso positiboa da. Instrukzio horrek, larriki gaixo diren presoen kaleratzea oztopatzen zuen, eta “berehalakoan hil” behar zirenean soilik ahalbidetzen zuen kaleratzea. Sarek, adierazi moduan, indargabetzea positiboki baloratzen duen arren, susmoa du “Zaplana kasuak” bultzatuta datorrela.

Hala izan bada ere, Sarek ongi etorria eman nahi dio larriki gaixo diren presoen egoera konpontzeko emandako pauso orori. 21 dira egun espetxean diren eta larriki gaixo diren euskal presoak. Sarek, espero du, urte luzez gaixo dauden presoen egoera konpontzeko tresna izango dela indargabetze hau, eta ez soilik Zaplanaren kasuari aterabide emateko.

Bide honetan, gogora ekarri nahi dugu, urtero Espainiako kartzeletan 100 preso inguru hiltzen direla, eta datu beltz hauekin amaitu beharra dagoela.

Gobernu honek, urrunketa politikarekin egin ez bezala, oraingoan, pauso hau, idatzietatik harago joango dela espero dugu eta praktikan aldaketak ekarriko dituela. Gaur egun, aurreko gobernuak ezartzen zituen baldintza berdinekin mantentzen baitu espetxe politika gobernu honek ere.

Instrukzio berri honen mamia aintzat hartu behar dela uste dugu, baina norabide orokorra balioan jarri nahi dugu. Baina, argi adierazi nahi dugu ere instrukzioek ezin dutela bizitzeko eskubidea arautu eta urratu, orain artean gertatzen ari den moduan. Presoen osasunaren eta honen trataeraren gaineko erabakiak osasun arloko adituei dagozkiela uste dugu.

Dena den, lehen berehalako balorazio honetan, SAREk, tentuz, bere garrantzia azpimarratu nahi du, eta inongo desberdintasunik gabe, preso guztientzat honen berehalako aplikazioa eskatzen du.

Gure lanarekin aurrera jarraituko dugu eta bide batez gizarte osoari gurekin batera jarraitzeko deia luzatzen diogu. Urtarrilaren 12an, Bilbo eta Baionako kaleetan, larriki gaixo diren presoen kaleratzea aldarrikatzen jarraituko dugu.


OHARRA ABENDUAREN 28 eta 29an IRUÑEAN SAREk ORAIN PRESOAK DINAMIKAREN BAITAN EGINGO DUEN EKIMANAREN AURREAN SORTUTAKO SALAKETA ETA DEBEKU ESKAEREN AURREAN

Abenduaren 28tik 29ra Iruñeko Sarasate Pasealekuan egingo dugun ekimen iraunkorrak jaso dituen kritikak ikusita ohar hau plazaratzea erabaki du Orain Presoak dinamikak.

Lehenik eta behin, ekimen honen nondik norakoak azaldu eta bere izaeraren berri eman nahi dizuegu, guk eta Iruñeko Udal Gobernuak jasotako kritika eta debeku eskaerak lekuz kanpo daudela argi gera dadin. Izan ere, ekimen honen helburua euskal presoen giza eskubideen urraketa eta egungo espetxe politikak dakartzan salbuespen neurriak salatu eta arazo honek behar duen irtenbidearen alde gizarte zibila aktibatzeko deia egitea da.

Orain Presoak dinamikaren parte garen kideok argi dugu etorkizunera begira jartzeko unea dela, aurrera egiteko unea eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko ezberdinak batzeko unea dela. Horretarako ordea, espetxe politikaren baitan aldaketak ematea ezinbestekoa dela deritzogu, egun oraindik ere, mina eta sufrimendua sortzen jarraitzen baitu. Hori hala, Sarasate pasealekura eragile, alor ezberdinetan lanean dabiltzan hainbat norbanako, ordezkari eta herritarrak gonbidatu ditugu, bakoitzak beretik, gatozen lekutik gatozela, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsa eman dezan.

Argi utzi nahi dugu ere, ekimen honekin ez dugula inolako biktimaren aurkako jarrerarik sustatu, ez eta inolako umiliazioa ez irainik egin asmo. Orain Presoak dinamika aurkeztu genuenetik garbi adierazi dugun moduan, sufrimendu ororekin amaitu eta biktima guztien errekonozimendua, errespetua eta erreparazioa ahalbidetzea baita gure oinarrietako bat.

Zentzu honetan ulertezina deritzogu batzuen partetik jasaten ari garen jarrera erasokorra eta, eskatu nahi diegu, ekimenaren izaeraren inguruan informatu eta euren debeku eskaera bertan behera uzteko, ez baitu ez hanka ez buru. Era berean, dei egiten diogu bereziki Nafarroako jendarteari Sarasaten egingo den ekimen honetara gerturatu eta parte hartzera. Batez ere, abenduak 28, 11:30etan Sarasate Pasealekuan (Parlamentu aurrean) egingo dugun Hasiera Ekitaldira.

Ekimena abenduaren 28tik 29ra izango da, honako ordutegietan:
Begirada bat barrutik gunea zabalik:
Abenduak 28 - 10:00/19:30
Abenduak 29 - 10:00 /14:00


Oharra urriaren 20an Miramar Jauregian egingo den ekitaldian izango diren gonbidatuen berri emateko:

Orain Presoak dinamikako kideok larunbat honetan Miramar Jauregian antolatu dugun elkarbizitzaren aldeko ekitaldian parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen berri eman nahi dugu. Izan ere, garrantzitsua deritzogu Miramar Jauregian batuko den ordezkaritza baita, norbanakoak ez ezik, hainbat alderdi eta sindikaturen batasuna irudikatzeko sortuko den aukera.

Elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta atzo Aieten adierazi bezala, lan handia egin dugun arren, badauzkagu egiteke batzuk oraindik ere, guztiak elkarrekin egitekoak. Bide horretan kokatzen dugu presoen gaiari irtenbidea ematea eta elkarbizitzaren norabidean pausuak ematea…

Miramar Jauregian antolatutako ekitaldirako zabaldutako gonbidapenek harrera ona izan dutela adierazi nahi dugu, sindikatu guztiak egoteaz gain (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE, HIRU, ETXALDE), talde politikoei dagokionean ere, herritarren gehiengo bat ordezkatzen duten alderdiak batuko baitira (EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, EELV). Horrez gain, Bake Artisauak, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bake Bidea eta Bagoazeko ordezkaritza ere bertan izango da, besteak beste.

Pozez adierazi nahi dugu, orain artean izan den manifestaziorik anitzena izango dela eta honekin batera, ohar hau probestu nahi dugu larunbatean bertan Antiguako Tuneletik arratsaldeko 17:00etan irtengo den manifestaziorako azken deialdia egiteko, gizarte zibilaren aktibazioa ezinbestekoa dela baiteritzogu presoen egoera konpontzeko.


Espainiako Barne Ministerioren komunikatua eta “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:

Espainiako Barne Ministerioak gaur publiko egin duen komunikatuaren eta une honetan irekita duen “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:

  • Espainiako Estatuk agertutako jarrerak konfrontazio eta sufrimendu egoera mantentzearen aldeko apustu garbia egiten duela erakusten du. Orain arte bizitako iraunkortzearen aldeko apustua.
  • Ezer aldatu ez bailitzan, iraganari begira jarraitzen du Estatu espainiarrak, euskal jendarte osoari bizkar emanaz, Euskal Herrian batutako iritzi politiko eta sindikalaren gehiengoaren aurka, mendekuaren eta gorrotoaren politikak aplikatzen jarraitzearen alde egin du.
  • Gaurko operazioak argi erakusten du hori. Espetxean zein kalean zigorra bere osotasunean betea izanda ere, giza eskubideen urraketan sakontzen jarraitzen du.
  • Maiatzaren 4a geroztik, garai berri bat ireki da Euskal Herrian elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko. Estatuak ordea, ETAk emandako urrats atzeraezin eta garrantzitsuari iraganeko teknikekin erantzun dio, inmobilismoan, sufrimenduan eta errepresioan sakonduz.
  • Sare Herritarrak mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkakoa den jarrera eta ekintza hauek gogor salatzen ditu eta dei egiten dio jendarte osoari ireki berri den garai berri hau probestu eta elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan aktibo izatera. Sarek lan honetan jarraitzeko konpromisoa du.


sare-albistea

OIER GOMEZEN KONTRAKO EUROAGINDUEI BURUZKO PRENTSA OHARRA

Aurreko astelehenean, Parisko Auzitegiak, Oier Gomez presoaren zigorra bertan behera uztea eskatzen zuen eskaera onartu zuen. Hau zuzenbide estatu batean soilik da posible, pertsona guztiek osasun eskubidea eta beren gaixotasuna tratatzeko baldintza duinak izatearen eskubidea duten estatuan.

Baina estatu frantseseko ebazpen honek, ez luke eraginik izango, Oierrek dauzkan hiru euroaginduak mantenduko balira. Orain, euroagindu hauek Frantziako justiziak bertan behera uztean, Oier bere etxetik gertuen dagoen ospitalera eraman eta bertan tratatzeko aukera hasten da.

Berri ona da zalantzarik gabe, baina ezin ahantz dezakegu, Oier bezala, larriki preso gaixo asko dagoela, eta hauek ere Oierren bide bera jarraitu beharko luketela. Bide honetan, eta ikuspegi juridiko batetik, Parisek emandako ebazpenari eutsi behar diogu. Ez soilik Parisek, baizik eta baita auzitegi goreneko epaile batzuek dioten bezala: horrelako kasuetan, egindakoa berriz ez errepikatzeko kriterioa aplikatu beharko litzateke, ETAk bere jarduera amaitutzat eman baitzuen duela sei urte.

Horregatik, SAREren ustetan, euskal gizarteak aktibo jarraitu behar du. Mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin amaitu behar du espainiar gobernuak. Baita poltika honek dakarren gizatasun ezan ere, honek gaixotasunak larritzea dakarrelako eta presoen bizitza arriskuan jartzen duelako. Gainera, Oierren askatasuna, gaixotasuna jakin zenean emango balitz, ez ginateke orain gauden egoera larrian izango. Eta euskal gizarteak ezin du hau berriro gertatzen utzi.

Ondorioz, euskal jendarte guztiari dei egiten diogu berriro ere, maiatzaren 6ean Gasteizen egingo dugun larriki preso gaixo guztien askatasuna eskatzeko manifestazioan parte hartzeko..

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare