Oharrak

Deialdia egiten dugu datorren abenduaren 26ean Martuteneko espetxetik Loiolara egingo den Kalejiran parte hartzera

Covid19 + urrunketa = umezurtz, hori da oraintxe bertan motxiladun umeen errealitatea. urte luzez haur eta nerabe askok bidai amaigabeak egitera behartuak izan dira haien aita, ama edo biei muxu bat eman ahal izateko; aurten ordea bizi izan dugu pandemiaren eraginez, oztopo berri bat agertu da motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean.
Oraintxe bertan espetxean gurasoren bat edo biak dituzten 18 urtetik beherako 86 haur daude eta 18 urtetik gorako hainbat gazte daude, eta batzuek 9 hilabete luze daramatzate haien gurasoak besarkatu gabe; haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete muxurik eman; guzti honek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin.

Egoera hau onartezina da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duenez, guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituzte, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia-bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da; baina motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten dira.

Euskal presoak Covid19aren eraginez inoiz baino isolatuago daude, egiten ari zaien eskubide urraketa are bortitzagoa da eta haien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea dagokie, horregatik aldarrikatu nahi dugu motxiladun umeak haien aita, ama edo biak bixitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela. Hori izango delako etxetik gertu daudenaren seinale. Urte luzez eginiko kilometroak behingoz bukatuko direnaren seinale.

Gainera guraso presoek, preso izateagatik ez diote guraso izateari uzten, eta salbuespenezko espetxe politikak zigor gehiagotu hau ere ezartzen die. Ezin dute haien seme-alabekin harreman normalizatua mantendu, hilabetean behin ikusten dituztelako eta ez dute haien egunerokotasuna ezagutzen; laburbilduz, ezin dute guraso papera gauzatu haien seme-alabengandik hain urrun egonda eta erregimen itxian egonda. Legeak, eta legea aplikatzeko praktikak, erakutsi du preso egonda ere badaudela guraso izaten jarraitzeko aukerak, baimen bereziak, pultsera telematikoak… aukerak egon badaude eta horiek aplikatu behar zaizkie lehen-bailen guraso preso hauei; izan ere, euskal preso gehienak lehen graduan daude oraindik ere, hau da erregimen gogorrenean. Aplikatzen zaien salbuespen legediagatik ez balitz, motxiladun haurrez ez lukete guraso presoaren oraingo ausentzia handi hori izango. Izan ere, guraso preso gehienak egoera erabat desberdinean leudeke: tarteka baimenei esker etxean, 3/4ak beteta dituztelako baldintzapeko askatasunean, edo 3.graduan espetxera lotara bakarrik joanez.

Azkenik, ezin ditugu ahaztu espetxean bizi diren motxiladun umeak, haien egoera bereziki larria baita. Aranjuezeko espetxeetan daude Izadi eta Irati. 9 hilabete daramate haien senideak eta gertukoak aurrez-aurre ikusi gabe. 9 hilabete daramate kalera irten gabe, lehendik lortutako egokitzapenean atzera pausu bat suposatzen duelarik. Eta gogorrena dena, hilabete luzez haien aita ikusi gabe egon dira, ondoko moduluan dagoen arren. Haur hauek ez daude preso baina ez dute haien herria ezagutzen urrun dagoen espetxean daudelako. Haien inguruan egoteko eta haien lagunak ezagutzeko eskubidea dute, haien senideen ondoan eta bi gurasoekin batera, horretarako ezinbestekoa da Euskal Herrian familia moduluak egotea, haur hauen eskubideak errespetatu ahal izateko.

Nahiko da! Eta guzti hau aldarrikatzeko, deialdia egiten dugu datorren abenduaren 26ean Martuteneko espetxetik Loiolara egingo den Kalejiran parte hartzera, besteak beste bertan egongo da Porrotx, gurekin egongo dira Janitz eta Xua motxiladun umeak izandakoak ere kantatzen, eta haurrei patinetean etortzeko deia egiten diegu! Eskerrik Asko


Mobilizazio ezberdinak egingo ditu abenduan SAREk Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan

Gaurko agerraldian, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kideak batu gara, iaz egin genuen moduan, aurten ere, Gabonen testuinguruan, hiriburuetan antolatu ditugun mobilizazioen berri eman eta bertaratzeko deia egiteko.

Duela ia hilabete egin genuen publiko aurtengo urtarrileko mobilizazioa. Bertan, bizi dugun egoera dela, eta Bilbon bildu ohi garen pertsona kopurua masiboa dela eta, herriz herri eta auzoz auzo mobilizatzeko deia egin genuen. Agerraldi horretan, “bidea gara” lelopean, herri-aktibazioaren garrantzia azpimarratu genuen:

– Batetik, bizi dugun egoerak espetxean diren pertsonengan eta euren senideengan izaten ari den eragin larria dela eta. Horren adibide da aita, ama edo biak espetxean dituzten hainbat eta hainbat motxiladun haur bizitzen ari diren egoera, umezurtz daudelarik gurasoak ikusi eta besarkatu gabe jada 9 hilabetetik gora baitaramatzate. Edota, Ibon Fernandez Iradiren kasua, larriki gaixo egon arren espetxean mantentzearen ondorioz, Covid-19ak kutsatua izan delarik, bere bizia ekidin zitekeen arrisku baten aurrean kokatuz. Zer esanik ez, urruntze politikari Covid-19a gehitzean, gaixotasun honen aurrean zaurgarriak diren senideek bizi duten egoerari dagokionez, bidaiak egin eta senideak ikusi ezinik daudelarik. Adibide soilak dira, beste hainbeste egoera mingarri sortu baititu salbuespeneko espetxe-politika honi pandemia egoera gehitu zaionean.

– Bestetik, behin eta berriro errepikatu dugun moduan, egun lortutako adostasun eta babes politiko, instituzional, sindikal eta sozialak eta bai frantziar estatuaren partetik, baita espainiar estatuaren partetik, txikiak eta ez orokortuak izan arren, ematen ari diren urratsek ireki duten aukera eta egoera berria probestu eta bultzatzeko beharra. Presoen egoerari aterabidea eman eta salbuespen legedia bertan behera geratu dadin, ezinbestekoa baiteritzogu gutako bakoitzaren ekarpenari.

Hori hala, urtarrilaren 9ra itxaron gabe, gabonetan ere kaleak aldarriz bete nahi ditugu. Gure senideekin elkartzeko aukera kolokan dagoen gabonen testuinguru honetan, ezin ahantzi baitezakegu urte luzeetan gure herrikide askok euren senideengandik urrun igaro behar izan dituztela data berezi hauek, aulki hutsez inguratuta, ehudaka edota milatik gora kilometrok bereizita, bidaia luzeak eta ospakizunak bateraezinak baitira.

Horregatik, lau hiriburuetan mobilizazioak antolatu ditugu abendu honetan: Iruñean, Bilbon abenduaren 19an, Gasteizen abenduaren 24ean eta Donostian eta Basaurin, berriz, abenduaren 26an. Eta mobilizazio hauek lau aldarri nagusiren baitan egingo ditugu;
– motxiladun haurrak gurasoekin egon behar dutela aldarrikatuko dugu
– etxeratze prozesua ahalbidetzen duen gradu-progresioa preso guztiei aplikatu behar zaiela aldarrikatuko dugu
– urruntze politikarekin behin betiko amaitu behar dela aldarrikatuko dugu
– eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela aldarrikatuko dugu

Dei egiten dizuegu, beraz, guztiei datorren abenduaren 19an eta 26an egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Guztion bultzadaz soilik lortuko baitugu auzi honi aterabidea ematea eta elkarbizitzaren bidean urratsak egitea.
Izan zaitez zu ere bidearen parte.

DEIALDIAK:
abenduak 19 – Nafarroa – Iruñea – Espetxera martxa, 17.30ean, Berriozarretik (Euskal Herria plaza) “iluntasunari etxerako argia” lelopean
abenduak 19 – Bizkaia – Bilbo (Arriaga) – 19.00 – Mobilizazioa “bidea gara” lelopean
abenduak 24 – Araba – Gasteiz – 19:00 – Ahateen iturria plazatxoa
abendua 26 – Bizkaia – Basauriko anbulategitik espetxera ibilaldia.
abenduak 26 – Donostia – 11.00 – Martuteneko espetxetik irtenda Loiolaraino, motxiladun haurren gaia landuko duen mobilizazioa “urrunketa + covid 19 = umezurtz” lelopean


Etxeratek eta Sarek Josetxo Arizkuren aske uzteko exijitu dute

Sare eta Etxerat elkarteak agerraldia deitu dugu gaur Josetxo Arizkuren larriki gaixo den presoak duela egun batzuk izandako bihotzeko dela eta, egoeraren
larritasuna ikusirik, bere berehalako askatasuna exijitu eta, hemen, Iruñean egingo dugun mobilizazioaren berri emateko.

Gurekin batera da Jaione Karrera, Josetxoren abokatua, ostegunean Josetxo Murtziako espetxean bisitatu ostean, bere egoeraren berri emateko.

Sare eta Etxeratek gogor salatu nahi dugu Josetxori gertatutakoa; batetik, aspaldi behar lukeelako Josetxok etxean, bere gaitz larria dela eta dagokion artatzea eta
konfantzazko medikuen jarraipena izan zezan. Bestetik, bizi izan duen episodioaren baitan, jasotako informazioa urria izan delako eta berandu iritsi
delako, horrelako kasuetan, antsietate eta urduritasun jasanezina eraginez. Arizkuren Murtzia II espetxean dago, EHtik 820 km-ra. Berriro ere, presoak urruntzea zigor gehigarri bat da, are gehiago osasunarekin zerikusia duten larrialdietan.

Jakitun gara, Josetxo Logroñora lekua aldatu eta lehen gradutik bigarrenera igaroko zutenaren erabakia hartua zela, baina argi geratu da, beste behin ere, erabakia berandu iritsi dela. Josetxoren gaitzak gogor egin du okerrera, lau stent ditu orain jarrita eta gaixotasun larria duen presoa izaki, legea jarraituz, kalean behar luke. Lekua aldatzea beraz ez da aski, ezta bigarren gradura aldaketa ere. Berriro diogu, berandu baino lehen Josetxok etxean egon behar du.

Hori hala, datorren abenduaren 7an, hemen Iruñean, 20.00etan Merindadesen mobilizazioa egingo dugu. Dei egiten dizuegu guztioi bertan parte hartzera. Josetxo eta larriki gaixo diren gainontzeko presoak etxera!


SARE Nafarroaren oharra Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu ondoren

Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita.
Gogor kritikatzen dugu gaurko erabakia, are gehiago; Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita neurriz kanpokoa eta ulertezina dela azpimarratu nahi dugu.
Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Gaurko erabakia salatu eta Mikel Barrios lehenbailehen aske uzteko eskatuko du Arrosadiako Sarek irailaren 4tik 6ra antolatutako bizikleta martxak. Goizeko 8.30ean hasiko da Iturgoienen, eta Alduden bukatuko da lehen etapa afari batekin. Bigarren etapa Aldudetik Lahontanera izango da eta Itsasun, azken urteetan Mikel Barrios bizi izan den tokian, egingo da bazkaria. Azkenik, Mont de Marsan presondegiraino helduko da martxa, eta ondoren Elkartasun Eguna ospatuko dute Itsasun.

Ohar honen bidez, ekimenean izena eman eta bizikleta martxan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei. onartezinatxikitorena@gmail.com

Mikel Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. 2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua.


Urriaren 3an, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dugu Euskal Herrian

“Izan Bidea dinamikaren baitan, datorren urriaren 3an milaka herritarrekin batera Euskal Herriko tontor ezagunenak igoko ditugu, 650 tontor inguru, preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde”

Maiatzean Izan Bidea aurkeztu genuenetik ia 230.000 kilometro egin ditugu izena-eman dugun ia 3000 pertsonen artean. Egunero-egunero gero eta gehiago gara Ibiltarien Sare honen parte egin garen herritarrak eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzanak.

Dinamika honek, euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako.

Horretarako une aproposa dela uste dugu; euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko. Denok ozen esan dugu, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko garaia dela. Bestetik, Madrili dagokionean, Gobernuan diren alderdiek egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dute behin baino gehiagotan, izan EHko instituzio ezberdinen baitan, edota Madrilgo gobernukideek eginiko adierazpenen bitartez. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, zeren zain dira? Egoera honek ezin du gehiagoan luzatu. Presoak Euskal Herrian egon behar dute eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei Covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Nahikoa da. Konponbide garaia da.

Horregatik, bidea egiten jarraitu behar dugula diogu, Ibiltarien Sare hau gero eta handiago eta zabalagoa egin behar dugula, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egi bilaka dezagun.

Eta bide hori batera egiteko, datorren urriaren 3an inoizko erronka handiena ezarri diogu gure buruari eta Euskal Herriko herritarrei; guztion arten, egun berean, Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara gure aldarria eramatea. Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko.

Honela, urriaren 3an, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dugu Euskal Herrian. Gure herriko tontor esanguratsuenak igoaz; aurten kaleratutako zentenarioen zerrendan bilduta dauden tontorrak eta herriz herri kuttunenak ditugun horiek igoko ditugu; maila altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak, baita, urtean behin mendi-buelta txikia baino egiten ez dugun horiek guztiak elkartu nahi ditugu ekimen honetan eta horregatik guztiontzako eskaintza luzatuko dugu. Datozen asteetan sareren web orrialdean informazioa gehitzen joango gara, baita, ekimenerako izen-emateko aukera zabaldu ere (bai web orriaren bitartez, baita herrietan ere).

Honekin batera, gaurko agerraldi hau probestu nahi dugu udan zehar hiriburuetan egingo ditugun hainbat ekimenen berri emateko:

• abuztuak 1, Gasteizen
• abuztuak 14, Donostian

Elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea izan nahi duten guzti horiei, urratsak eman eta kilometroak egiteko prest dauden guzti horiei, abuztuan eta bereziki urriaren 3an gurekin batzera dei egiten diegu.

Izan gaitezen bidea, osa dezagun Ibiltarien Sare erraldoia.


OHARRA | Guardia Zibilak eginiko atxiloketen haria

Iraganera begira jarri gaitu berriz Guardia Zibilak egindako atxilotuak direla eta; atxilotuak Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna dira.

Adierazpen eta manifestazio eskubidea berriz ere urratua da oposizio politikoa egin nahi duen botere judizialarengatik.

Ikerketa iturriek emandako arrazoien arabera, atxiloketa hauek “ongi etorri” auzien arrazoietan oinarritzen dira, kondena osorik bete ostean askatasuna berreskuratu duten pertsonei eginiko harrerak direla eta.

Demokrazia batean, inoiz ezin da pertsona baten senide eta ingurukoen poza azaltzeko eskubidea lapurtu, gainera kasu askotan preso hauek muturreko egoera batean bete dute zigor osoa.

SAREtik gure bakearekiko eta elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta hori uztargarria da indarkeria ezberdinetako biktima guztiekiko errespetu eta babes osoa erakutsita.


OHARRA Jonan Fernandezek, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean

Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean (euskal preso guztiak inolako aurre baldintzarik gabe EHko espetxeetara hurbiltzea, edota Logroño, Burgos eta Santoñako espetxeetara), Saretik jakinarazi nahi dugu:

  • Batetik, Sarek ez zuela aurrez proposamen berri honen berri eta, beraz, notizia ezagutu orduko, Jonan Fernandezi bilera eskaria egin diogula proposamena sakon ezagutu eta baloratu ahal izateko, eta, era berean, gure jarduera-eremuan garatu duguna eta garatuko duguna transmititu ahal izateko, kontuan hartuta egungo espetxe-politikari amaiera emateko herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean lortu diren adostasun zabalak. Gure ustez, horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu, betiere eman beharreko urratsetan beharrezkoa izango ohi den diskrezioa ahaztu gabe.
  • Bestalde, Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren adierazpenak entzun ondoren, lehen inpresio bat ere helarazi nahi dugu.

Horretarako, funtsezkoa da aldez aurretik PP eta PSOEko gobernuei aurkeztutako planak kontuan hartzea.

Alde horretatik, Sare Herritarrak interes handiz hartu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera berria, euskal presoei aplikatzen zaien urruntze-politikari dagokionean.

Balioan jarri nahi dugu ere gizarte zibilaren garrantzia helburu horiek lortze bidean. Eusko Jaurlaritzak, 80.000 pertsona baino gehiagok, beste urte batez, Bilbon eta Baionan espetxe-politika berri bat eskatu eta lau egunera, aurreko jarrera aldatu izanak berretsi egiten du gizarte-mobilizazioaren beharra eta garrantzia helburu hori lortzeko bidean.

Aurrekoetan, Sarek, beharrezko errespetu instituzionaletik, aurreko plan horiekiko bere desadostasuna adierazi izan du. Plan horietan, Eusko Jaurlaritzak euskal presoak 250 km-ra hurbiltzea proposatu izan dio Espainiako gobernuari. Orduan esan genuen moduan, hori ez da urruntze-politikari amaiera ematea, eta horregatik pozten gara posizio aldaketa honetaz, hainbatetan adierazi duguna berresten baitu, alegia, urruntze politikaren amaiera ezin dela izan ezein lege, arau edo erregelamendutan jasota ez dauden baldintza eta eskakizunen trukean beteko den zerbait.

Nolanahi ere, espero dugu proposamen hau beste instantzia batzuetan interesarekin hartzea, eta urruntze-politikaren amaiera helburu garrantzitsua dela ahaztu gabe, zuzenean eragiten baitio familien kolektiboari, aukera hau probestu nahi genuke, era berean, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utzi eta euskal presoen kolektiboari ezartzen zaion salbuespen-legeriarekin amaitzea ere lehentasunen agendan egon behar duela esateko.

Esan dugun bezala, Sarek, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariari biltzeko eskaria egin dio, helburu horiek lortzeko egiten ari garen urratsak azaltzeko. Gure ustez, arlo honetan batera lan egitea da euskal gizarteak eskatzen diguna, betiere behar den diskrezioarekin.


Sare Herritarraren oharra hurrengo larunbatean Iruñean egingo den manifestazioa harira.

Datorren abenduaren 21ean arratsaldeko 18:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta “Atera bidera, presoak etxera!” MANIFESTAZIOA antolatu du Sare herritarrak.

Mobilizazio honekin egun indarrean dagoen eta hainbat eskubide urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren indargabetzea aldarrikatu nahi dugu, elkarbizitzan eta benetako bakean urratsak emateko presoen korapiloa askatzea  beharrezkoa dela azpimarratuz. Gaixo larrien etxeratzea, urrunketa politikaren amaiera, motxiladun haurren eskubideen aldarrikapena edo eta emakume presoek bizi duten egoera salatuko dugu abenduaren 21ean Iruñeko kaleetan.

Gaur egun 36 dira preso Nafarrak, hauen %80 lehenengo graduan dago, espetxean dagoen erregimenik gogorrean.

35 urrunduak Espainiako eta Frantziako estatuetan, 1 espetxe arinduan (Etxean preso). Horietatik 4 Larriki gaixo daude, 4 emakumeak dira, bizi baldintza okerragoetan. Ama, aita edo biak espetxean dituzten haurrak 11 dira (Motxiladun umeak) eta horietako bat espetxean dago bere amarekin.

Urte luze hauetan bi izan dira urrunketak eragindako biktimak. Sara Fernandez eta Karmele Solaguren.

Manifestazioa 18:00etan abiatuko da autobus geltoki zaharretik eta lau gune izango ditu.

1. Vianako Printzearen plazan Nafarroako Presoen senide eta lagunei data berezi hauetan keinu bat egingo diegu. Ondoren Manifestaziora batuko dira.
2. Merindadeen Plazan Performance baten bidez urrunketaren ondorio diren kotxe istripuak irudikatuko dira.
3. Karlos III.a etorbidean (entzierroaren oroitarriaren ondoan) larriki gaixo dauden presoen egoera salatuko da.
4. Txapitela kalearen hasieran espetxean daude emakumeak bizi duten muturreko egoera salatuko da.

Manifestazioa Iruñeko udal plazan amaituko da. 

Bestetik gogoratu nahi dugu LARRIKI GAIXO DAUDEN PRESOEN egoera salatzeko ekimen ugari egingo direla asteburu honetan eta hurrengoan Nafarroan zehar.

Datak:
Abenduak 19 Iruñeko alde zaharrean 17:30 Zezen plazatik abiatuta esku orrien banaketa.
Abenduak 19 Antsoaingo Kaputxinoen biribilgunean 19:30 elkarretaratzea.
Abenduak 20 Iruñeko Sarasate pasealekuan 20:00 elkarretaratzea.
Abenduak 22 Lesaka beheko plazan 13:30 mobilizazioa.
Abenduak 26 Donibane auzoko Azuelo plazako biribilgunean 19:30 elkarretaratzea.
Abenduak 27 Sakanako Manifestazioa – Etxarri Aranatz – 19:00 Plazan.


SARE Herritarraren oharra Arantza Zulueta presoaren leku aldatzea dela eta

Arantza Zulueta abokatu presoa, Zaballako kartzelatik Picassentera (Balentzia) kartzelara mugitu dute. Gertaera hau, Espetxe politika krudel honen mendekuaren beste ondorio bat da.

 

Gogorarazi nahi dugu, bai Arantza eta baita Jon ere, 11/13 makroepaiketan izan direla zigortuak, eta geratzen zitzaizkien bost hilabeteko zigorra betetzeko sartu zituzten Zaballako kartzelan.

Espainiar gobernuak, biderik ulertezinena hartu du. Zigorra betetzeko, beraien senideengandik ehunka kilometrotara urruntzea, zigorra betetzeko soilik 4 hilabete geratzen zaien honetan.

Espainiar Gobernuari, hainbeste sufrikario eragiten duen espetxe politika honi amaiera emateko eskatzen diogu. Soilik horrenbeste sufrikario bizitzen ari diren senideei areagotzen bait diete zigorra. Arantza Zulueta Balentziara eramatean pertsona gehiagoren bizia arriskuan jartzen da berriz ere. Arantzaren senideek 500kmtik gora egin beharko dituzte astebururo (500km joan eta 500km itzulian) neguko eguraldiei aurre eginez. Nori egiten dio mesede horrek? Zergatik jarraitzen du Espainiar Gobernuak iraganeko politika honekin? Soilik erantzun bakarra datorkigu burura, mendekua.

Euskal jendarteari, adi egoteko eta mobilizatzeko deia egiten diogu, giza eskubideen defentsa guztion ardura delako.

Horregatik, SAREk, datorren asteazkenean, azaroak 13, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Udaletxe aurrean burutuko dugun elkarretaratzera dei egiten du.

 


SARE Herritarraren oharra Jon Enparantza presoaren leku aldatzea dela eta

Jon Enparantza abokatu presoa, Zaballako kartzelatik Estremerako (Madrid) kartzelara mugitu dute. Gertaera hau, Espetxe politika krudel honen mendekuaren beste ondorio bat da.

Gogorarazi nahi dugu, bai Jon eta baita Arantza ere, 11/13 makroepaiketan izan direla zigortuak, eta geratzen zitzaizkien 5 hilabeteko zigorra betetzeko sartu zituzten Zaballako kartzelan.

Espainiar gobernuak, biderik ulertezinena hartu du. Zigorra betetzeko, beraien senideengandik ehunka kilometrotara urruntzea, zigorra betetzeko soilik 4 hilabete geratzen ez zaien honetan.

Espainiar Gobernuari, hainbeste sufrikario eragiten duen espetxe politika honi amaiera emateko eskatzen diogu. Soilik horrenbeste sufrikario bizitzen ari diren senideei areagotzen bait diete zigorra. Jon Enparantza Madrilera eramatean pertsona gehiagoren bizia arriskuan jartzen da berriz ere, haien artean 5 adin txikikoak, ume hauek beste 103 umek bezela, ehunka kilometro egin beharko dituzte bere senidea ikusteko. Nori egiten dio mesede horrek? Zergatik jarraitzen du Espainiar Gobernuak iraganeko politika honekin? Soilik erantzun bakarra datorkigu burura, mendekua.

Euskal jendarteari, adi egoteko eta mobilizatzeko deia egiten diogu, giza eskubideen defentsa guztion ardura delako.

Horregatik, SAREk, datorren Astelehenan 28, arratsaldeko 19:30tan Txillardegi (Gaskuina) plazan burutuko dugun elkarretaratzera dei egiten du.