Oharrak

Itziar Moreno euskal presoa isolamendu egoeratik atera behar dute

Pasadan astean, Fresneseko espetxean aurkitzen den Itziar Moreno euskal presoa bakartu zutela jakin izan genuen.

Ordutik, gaur egun ere, isolatuta jarraitzen du Morenok, izan ere, Nelson mandela arautegiaren arabera, isolamendutzat “eguneroko gutxienez 22 orduz presoa giza harremanik gabe egotea izango da”.

Azkenengo egunotan oihartzuna izan duen arren, ez da kasu bakarra. Are gehiago, 25 euskal preso aurkitzen dira egun isolamendu egoeran. Eta ez egun bat edo aste bat. Hilabeteak eta urteak ere bai. Izan ere, espetxe arautegian zigor puntual gisako neurria hartzen bada ere, euskal presoek askotan sufritzen dute isolamendu egoera. Kasu batzuetan urte luzez pairatu behar izan dute egoera hau zenbait espetxetan. Eta kasu batzuetan, ondorio larriak ekarri dituzte euren osasunarentzat.

Espetxeko arautegiak, argi adierazten du. Alegia, lehenik eta behin, legea betetzen hasi behar dira Espainiako eta Frantziako Gobernuek.

Aipatutako arautegiko 44. araudiak hala adierazten du:

“Zigorrak eta murrizketak ezingo dute, inolako kasuan, tortura edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien baliokidea izan. Bereziki debekaturik geratuko dira, beraz, hurrengo praktikak:

1. Isolamendu mugagabea.
2. Luzaroko isolamendua.
3. Iluntasunean edo etengabe argiztatua dagoen ziega batean itxialdia.
4. Gorputz – zigorrak, elikagaien edo edateko uraren murrizketa.
5. Zigor kolektiboa”

Giza eskubideak errespetatzea, konponbidea eta bakea nahi duen sare herritar gisa, ezinbestekotzat jotzen dugu salbuespenezko legeekin amaitzea. Izan ere, argi geratzen ari da kolektibo konkretu bati ezartzen zaizkion zigor bikoitzak/hirukoitzak beste garai batekoak direla; gainditu nahi dugun garaia, gainditu behar dugun garaia. Herri honek merezi duen elkarbizitza eta bake eszenatoki bat bultzatzeko, Morenoren aurkako bezalako jarrerek ez dute tokirik.

Hori dela eta, SARE herritarretik, giza eskubideen alde lanean dihardugularik:

> Itziar Moreno isolamendu egoeratik ateratzeko deia egiten diogu Fresneseko zuzendariari zein Frantziako Gobernuari.
> Isolamenduan aurkitzen diren euskal presoak egoera honetatik lehenbailehen ateratzea, gainontzeko euskal presoekin egoteko aukera izanez.
> Isolamendu egoerak ahalbidetzen duen salbuespenezko legediarekin amaitzea.

 

Giza eskubideak | Konponbidea | Bakea

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare


Dispertsioak beste istripu bat eragin du

2016. urteak 54 egun pasata ez zituenean, dispertsioak eragindako bigarren istripu baten berri izan dugu.

Bigarren istripua bi hilabete bete ez direnean. Oraingoan, Iñaki Bilbaoren senideek jasan zuten istripua, Araban, Arkauteko herrian zehatzago. Beste zoritxar bat, espetxe politika anker baten ondorioa.

Dispertsioaren inguruan hitz egiten dugunean, argi izan behar dugu presoen eskubideak urratuak direla. Baina presoaren eskubideak urratuak izateaz gain, euren senide, lagunen eta ezagunen eskubideak ere urratuak dira. Istripuak, zoritxarrez, hori erakusten duen adibidea da. Bisita edo bis bat egiteko milaka kilometro egiten dituzte senideek astebururo, errepidearen arrisku guztiei aurre eginez. Gainera, orain, neguan, arrisku hauek gora doaz, denboraleak eraginda.

Dispertsioak jada 16 pertsonen bizitzak eraman ditu aurretik. Hala ere, azkenengo urte hauetan euskal presoen senide zein hurbilekoek jasan behar izan dituzten istripuak hamaika izan dira. Batzuk ondorio krudelagoak izan dituzte, beste batzuk ez hainbeste. Hala ere, ekiditu zitezkeen ondorioak izan dira batzuk zein besteak.

Dispertsioa ahalbidetzen jarraitzen duten instituzio ezberdinei: euskal presoek pairatzen duten dispertsioarekin bukatu beharra dago. Zenbat istripu, zenbat zauritu, zenbat hildako behar dira dispertsioak giza eskubideak urratzen dituela ohartzeko?

Eta euskal jendarteari, orokorrean: giza eskubideen trena martxan jarri dugu, konpromisoak eremuz eremu batuko dituen trena. Konpromisoak batzeaz gain, konpromiso horiek aktibatzera goaz, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak bermatzeko, dispertsioaren amaitzeko.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare


Sare herritarra Euskal Herrian den europarlamentari taldearekin bildu da

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare herritarra Euskal Herrian den europarlamentari taldearekin bildu zen otsailaren 15ean.

Donostian egindako bileran, Teresa Toda eta Inaxio Oiartzabal sarekideek hartu zuten parte, Sareren lanaren ildoak europarlamentariei helaraziz. Lan ildoak aipatzeaz gain, giza eskubideen errespetuan sakontzeko beharra helarazi zioten delegaritza honi, sufrimenduari eta mendekuari ateak ixteko garaia dela elkarbanatuz.

Delegaritza hau euskal presoen egoerarekin kezkatuta agertu dela helarazi du lehenengo bileren ostean. Erabat normala da kezka hau agertzea euskal presoak gero eta urrutiago daudela kontutan izanda eta dispertsioa oinarri duen espetxe politikan aurrerapausoak ematen ez direla ikusi eta gero.

Sarek balorazio positiboa egiten du edukitako topaketaren inguruan, eta uste dugu ez dela azkenengoa izan behar. Izan ere, nazioartetik ere urratsak eman beharko dira konponbidearen eta bakearen bidean eta Sare herritarra bertan egongo da, biak ala biei ateak parez pare irekitzeko prest.

> Teresa Todak bileraren berri eman digu:

 

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare


sare-albistea

Bidean aurkitzen ditugun harriak baztertu behar ditugu

Euskal jendarteak sufrimenduari ateak itxi nahi dizkio, desiratzen dago bake eskenatokia noiz iritsiko; aipagarria da 2011n Aieteko adierazpena ezagutarazi zenetik hainbat ekimen burutu direla konponbidearen alde pausuak emateko. Bake gogo horri Madril eta Parisek emandako erantzuna, ordea, ez doa norabide beretik. Preso eta exiliatuen eskubide urraketak ugaritu dituzte, azken finean bakearen aurka darabilte kartzeletako politika eta epaitegietako jarduna.

Eta bakearen bidean jartzen zaizkigun harri horiei, igande goizaldean Bizkaibusen zortzi ibilgailuren aurka egindako erasoa gehitu zaio. Sarekideok uste dugu, zalantzarik gabe, espetxetan darabilten legez kanpoko jokabide mendekati eta ankerrari, jendarteak erantzun behar diola gogor, horrek dauka indarra. Izan ere, herritarrak, oro har, ez gaude prest, legea aplikatuz kalean izan beharko luketen presoak poliki poliki kartzelan hiltzen uzteko. Bestelako erantzunak soilik Gobernuen jarrerari egiten die mesede.

Azken egunotan argi esan dugu ez dugula espainiar epaitegietatik ezer onik espero, Barne sailaren estrategiaren menpe daudela epaileak, oro har. Gobernuaren irizpideei eusten dietela beti, jakinik onartzen dituzten ebazpenak, indarrean den legediaren edota arlo honetako Europar epaitegien ebazpenen aurkakoak direla. Beraz, soilik sare zabal bat ehunduta, gizartea aktibatuta eta agintarien aurrean jarrera sendo eta konprometitua erakutsita lortuko dugu bidean jartzen dizkiguten traba oro gainditu eta konponbidera heltzea. Soilik horrela lortuko dugu gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, sakabanaketa iraganeko kontua izatea ez orainekoa… Azken finean preso, iheslari eta deportatuei aplikatzen zaizkien salbuespen neurri eta arauak indargabetu nahi baditugu herritarren konpromiso eta erantzun zabala behar beharrezkoa izango dugu.

Autobusen aurkako erasoa salatzeko egin zaizkigun eskaeren aurrean adierazi nahi dugu, Sarek ez duela horrelakorik onartuko. Eta are gutxiago, presoen eskubideek egunero jasaten dituzten eraso eta urraketen aurrean jarrera horren epela duten horiengandik badator. Hobe lukete, begirada presoen eskubideak defenditzen ari garenongandik kendu eta benetan eskatuko baliote Gobernuari uzteko hainbat sufrimendu eragiteari.

Sarek betikoari eusten dio, eta gonbidapena luzatzen die herritarrei, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde osatzen ari garen sarea ehuntzen segi dezaten. Sare horri esker baztertuko ditugu bidean jartzen dizkiguten harri guztiak eta traba guztien gainetik aurrera egingo dugu. Merezi du, merezi dugu.


“Free Otegi, Free Them All”

Sarek bat egin du “Free Otegi, Free Them All” leloarekin Donostian larunbatean egingo den manifestazioarekin, beronen eskaera eta izpiritua lotuta dagoelako Saren biltzen diren pertsonek preso, exiliatu eta deportatuen oinarrizko eskubideen alde egiten duen lanarekin eta daukan konpromisoarekin. Izan ere, Sareren iritziz, giza eskubideen errespetua da konponbidea eta benetako bakea erdiesteko funtsezko elementua. Uste dugu, badela garaia hainbat urtetako sufrimenduari amaiera emateko, soilik elkarbizitza eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako pausoak emanaz lortuko baita euskal gizarteak gogoz eskatzen eta deseatzen duen bakea.

Beraz Arnaldo Otegi eta gainerako presoak askatzeko eskatzen duen ekimenarekin bat egiten dugu eta larunbatean arratsaldeko 17.30etan hasita Donostian egingo den “Free Otegi, Free Them All” manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.