Ibon Iparragirre ihesarekin bizi duen euskal presoarekin darabilten jokabide eta jarrera oso larria iruditzen zaigu.
Bilbora ekarri dute epaiketa batetara egun batzuetarako eta segituan berriro dispertsatu dute gaixotasun larria duen pertsona bati zor zaion arreta eta begirunerik izan gabe. Alcala-Mecoko espetxera eraman dute egun hauetan Bilboko Etxera-gunean zein beste foro batzuetan askatu dezaten edo behintzat, baldintzapeko askatasuna tramitatu bitartean Euskal Herriko espetxe batean artatua izan dadila proposatuz egindako eskaerei muzin eginez.
Aipagarria da Ibon Iparragirre Ondarruko presoaren kasua: 2011. urtean onartu zion epaileak 100.2 artikulua eta espetxealdi arindua, baina 2014an berriro atxilotu eta Madrileko espetxetara eraman zuten Valdemorora lehenengo eta Alcalara gero. Ordutik, bere gaixotasunak okerrera egin du, egoera larrian dago, itxu gertatzen ari da, baina jada kartzeletako arduradun eta epaileek ez dute bere giza eskubideak errespetatzeko asmorik erakusten.
Europako Giza Eskubideen epaitegiak zenbait kasutan ebatzi du sakabanaketak pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituela, baina espainiar agintariek ebazpen horiek saihesten saiatzen dira. Legez kanpokoa da larriki gaixorik dauden pertsonak kartzelan edukitzea ere. Ibon Iparragirre eta gaixotasun larriak dituzte beste 10 euskal presoren bizitza dago jokoan.
Dena den, Espainiar gobernuak entzungor egiten dio euskal gizartearen eskaerei eta beraz, behar beharrezkoa da herritarren aktibazio behingoz giza eskubideei eta konponbideari oztoporik jarri ez diezaioten. Egia esan, hainbat ekimen burutzen ari dira pertsona hauen alde, esaterako aste betean Bilboko plaza zirkularrean hainbat ekintza burutu dira Etxera gunean gaixotasun larriak dituzten presoen egoera latza ezagutarazteko. Bestalde, urrian zenbait erakundek eskatu dute gaixorik diren presoak askatzeko, Iñigo Urkulu lehendakariak berak eta Gasteizko parlamentuak besteak beste.
Urriaren hasieran Errenteria-Oreetan kolore ezberdineko hainbat ordezkari politikok bat egin zuen Basaurin larriki gaixo daukaten Aitzol Gogorza askatzeko eskaerarekin, tartean Julen Mendoza alkateak eta Ezker abertzaleko, EAJko, eta PSEko zinegotzi ohiek. PPko Txema Herzog-ek ere interesa adierazi zuen.
Aurreko astean berriz, Lea Artibaiko Udalek hartu dute lekukoa. Zazpi udalek aho batez eskatu dute gaixo dauden presoak askatzeko, hain juxtu, Ondarroa, Munitibar, Mendexa, Berriatua, Markina-Xemein, Aulesti eta Lekeitioko udaletan EH Bildu eta EAJko ordezkariek. Ibon Iparragirre presoari buruz, aske geratu bitartean, Euskal Herriko espetxe batean eta konfiantzazko mediku batek artatua egon dadila exijitu dute. Salatu dute kartzelako baldintzek presoen osasun egoera okertzen eta senideen egonezina areagotzen dutela. Azken finean pertsona orok dituen eskubideak ukatzen zaizkie.
Egoera honen aurrean Sarek berresten du egoera larri hauek salatzen eta giza eskubideak defenditzen jarraituko duela baina nazioarteko mailan ere. Horrekin batera, behar beharrezko jotzen dugu herritarron konpromisoa eta parte hartze aktiboa inmobilismoari aurre egiteko.
