Preso daudenen giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute
Zuzenbidearen alorreko zenbait pertsonek bat egin dute Bilbon eta Baionan urtarrilaren 9an Sarek eta Bagoazek deituta euskal presoen giza eskubideen alde burutuko diren manifestazioekin, euren ustez, egun Gobernu eta Epaitegiek aldiro-aldiro urratzen baitituzte oinarrizko eskubide horiek. Jokabide horiek legez kanpokoak direla baieztatzeko argudio juridikoak eman dituzte Begoña Atxak eta Juan Mari Vidartek guztien izenean; bereziki zigorra etxetik gertu dagoen kartzelan betetzeko eskubideari, eta Europar Batasuneko bi Estatutan betetako zigorra aintzat hartzeko erabakiari dagozkien arrazoiak azpimarratu dituzte.
Pentsaera eta izaera ezberdineko legelariak izan arren denek bat egin dute eta nabarmendu, Madrilgo eta Parisko neurri horiek arintzen saiatzen ari direla Europako erakundeak eta baita, Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegia ere. “Hala ere, espainiar eta frantziar agintari politiko eta judizialek epaitegi goren horren ebazpenak saihesten dituzte euskal presoei dagozkien kasuetan”.
Juristen ustez kartzeletako politikak ez ditu bertako arauak ez Europakoak betetzen. Presoak etxetik ehunka kilometrotara urruntzea eta sakabanatzea, giza eskubideen aurkakoa da, Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren zenbait ebazpenen arabera. Horixe erabaki zuten hurrenez hurren, Errusia eta Ukrainako Khodorkovskiy eta Lebedev kasuetan. Hain juxtu, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean, 1978ko Espainiako Konstituzioan eta maila baxuagoko beste araudi batzuetan aitortzen den intimitate eta famili bizitza edukitzeko eskubidea urratzen du dispertsioak. Kezka adierazi dute juristek Entzutegi Nazionalak presoei etxetik gertu dagoen kartzela batera eramateko eskaera atzera bota dielako, “batetik Europako giza eskubideen arloko jurisprudentziaz erakutsi duten ezjakintasunarengatik; bestetik, epaia ez delako egokitzen euskal jendartearen egungo egoera sozial eta politikoari”.
Aldi berean, publikoki salatu dute beste herrialde batzutan betetako kartzela zigorren kontaketa zehazten duen Europako Erabaki markoari buruz espainiar epaitegiek duten jarrera; “Kezkatzeko modukoa da, erabaki hori beteko balute, preso batzuk jadanik etxean edo askatzear liratekeelako. Entzutegi Nazionaleko 11 epailek 9ren aurka erabaki zuten Europako Justizia epaitegiari ez galdetzea, zuzentarau horren aplikazio murriztailea Europako irizpideen aurkakoa den ala ez”. Abando Hotelean prentsaurrekoa eman duten juristen iritziz, ”jasotako zigorra erabat beteta duen pertsonak libre izateko duen eskubidea zapuzten ari da Audientzia Nazionala. Gainera, gizatasun aldetik neurri oso gogorra dela deritzogu, kontuan izanik preso horiek kartzelan 20 urte baino gehiago daramatzatela eta 40-60 urte artekoak direla”.
Salbuespen neurriak indargabetzeko eskatu dute legelariek, “legedia nahita presoen eskubideen aurka behartzeari eta makurtzeari uzteko. Izan ere, gure ustez, egungo legediari dagokion kartzela politika soila bera aurrerapausoa litzateke, jendarteak sarri aldarrikatu eta hainbeste desiratzen duen bake eskenatokira iristeko bidean lagungarri”.
- Begoña Atxa
- Juan Maria Bidarte
- Felix Cañada
- Amaia Izko
- Iñigo Santxo
- Juan Daniel Barandiaran
- Nazario Oleaga
- Iñaki Lasagabaster
- Arantxa Itsasmendi
- Begoña Crespo
- Mikel de la Fuente
- Iñigo Urrutia
