Gaurko egunean, pozezko albistea jaso dugu: Lorentxa Guimonek ez du espetxean jarraituko.

Pozez hartu dugu albistea; bai, pozez. Izan ere, ez genituzke horrelako albisteak jaso behar, batez ere, gaixo dauden presoek etxean beharko luketelako, denak, salbuespenik gabe. Bai Frantziako estatuko espetxeetakoei dagokienez eta Espainiako estatuko espetxeetakoei dagokienez ere bai. Sufrimenduari ateak itxi nahi dizkiogulako, lehenbailehen, eta herri honek merezi duen konponbide eta bizikidetzari ateak parez pare ireki.

sareBeste behin ere, larritasun egoera gorenean aurkitu behar izan da Lorentxa Guimon epaia bere alde agertzeko. Erietxean behin baino gehiagotan bukatu behar izan du azkenean, baldintzapeko askatasuna lortzeko. Ezin da errepikatu. Ez da posible. Hasieratik, preso dagoen pertsona bati gaixotasun larria diagnostikatzen dioten unetik, pertsona horrek ezin du espetxean jarraitu. Giza eskubideen kontua da larriki gaixo dagoen presoa etxean egotea; espetxe politika ankerrenaren adierazle da espetxean pertsona hauek mantentzea. Argi eta garbi: gaixo dauden presoek etxean egin behar diote aurre gaixotasunari, euren eremu afektibotik hurbil. Aitzakirik gabe, salbuespenik gabe.

Oraindik ere, gaixorik dauden presoak ditugu espetxeetan. Jose Ramón Lopez de Abetxuko, Aitzol Gogorza, Garikoitz Arruarte, Gorka Fraile, Ibon Fernandez Iradi, Iñaki Etxeberria, Ibon Iparragirre, Jagoba Codó, Josetxo Arizkuren eta Txus Martin. Espetxeetan gaixotasun hauei aurre egitea edozein ikuspuntu humanotik at dago; espetxean eta sakabanatuta are gutxiago. Guimonen kasua aurrekaria izatea espero dugu, azkar jorratu beharreko aurrekaria. Instituzio guztiek, justizia eremukoek  barne, pausoak eman behar dituzte, inoren zain egon gabe. Giza eskubideen errespetua bermatzen duen edonork azkar ulertuko du larriki gaixo dauden presoek etxean egon behar dutela.

Otsailaren 14an, preso gaixoen etxeratzea eskatuko duen dinamika aurkeztu genuen Oreretan, urtarrilaren 9ko Bilboko eta Baionako mobilizazioen ostean aurkeztu genuen “Hartu trena!” dinamikaren baitan kokatzen dena. Dinamika honen helburua, giza eskubideen trenera ahalik eta bagoi gehien batzea izango da, bakea izango den azkenengo geltokiraino iritsi arte. Bagoi hauetako bat izango da Oreretan aurkeztutakoa, herriz herri joango dena preso gaixoen askatasuna eskatuz. Espero dugu, lehenbailehen bagoi hau behar ez izatea; alegia, preso gaixo guztiak etxean egotea, larria delako, urgentea da!

Lorentxa Guimonek espetxea atzean betiko uztea espero dugu. Baina Guimonek atzean utziko duen bezala, gaixo dauden preso guztiekin berdin gertatu behar da. Hori bai, soilik konpromisoak batuz eta konpromisoak aktibatuz lortuko dugu helburu hau. Lortu, lortuko dugulako, ziur. Eremuz eremu bagoiak betetzeko apostua egin dugu eta horretara goaz; giza eskubideak, konponbidea eta bakea defendituko ditugulako; horretan dihardugu eta horretan jarraituko dugu.