SARE herritarraren bigarren urteurrenaren atarian, prentsaurrekoa egin dugu gaur Gasteizko egoitzan. Bere garaian, sare herritar hau ahalik eta lasterren desagertzeko helburuarekin jaio zen. Zoritxarrez, ezin gara desagertu.
Gainera, orain dela bi aste, Audientzia Nazionalak maiatzaren 13an ETAko kide izatea edo ETA laguntzea leporatuta espetxeratuta dauden hainbat presoren inguruko zigorrak berriz aztertuko zuela jakin genuen. Azken finean, odol zigorrik ez duten presoei zigorra ea jaitsi erabakitzen hasiko dira.
SAREtik, erabaki honen garrantziaren kontziente gara. Audientzia Nazionalak konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko erabakia hartzea espero dugu, euskal presoen eskubideak errespetatuz, Zuzenbideak eta Konstituzioak berak eskatzen duena aplikatuz.
Ostiral honetan bertan erabakitzen hasiko direnak, kondena ezarrita duten 20 presoei eragingo die. Konponbidera bidean pausoak emateko aukerak ezin ditugu galdu. Hala gertatzea espero dugu.
Zigorren errebisio hau SAREtik ilusioz ikusten dugu, eta erabakia gaur egungo garaietara moldatzea espero dugu. Alegia, konponbidearen eta bakearen alde beste urrats bat ematea espero dugu, eta 20 pertsona hauen zigorrak jaitsita, elkarbizitzan sakondu. Izan ere, argi dago, kondena hauek beste garai eta testuinguru batean ezarri zirela. Garai eta testuinguru hori aldatu da, eta aldatzen jarraitu beharra dauka.
Bestalde, asteburu honetan burutuko dugun inflexio puntuaren berri eman dugu. Urtarrilaren 9an, gure herrian gutxitan ikusi den manifestazio anitzak bizi izan genituen, dispertsioaren amaiera eskatuz. Bertan, “Hartu trena!” dinamika martxan jarri genuen. Asteburu honetan, dinamikaren inflexio puntua burutzera goaz.
Urtarriletik, Euskal Herrian kulturaren bagoia martxan jarri dugu, larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatzen duen bagoia herriz herri doa, apirilaren 3an 3000 pertsonek Euskal Herriko lau mendi igo zituzten … Eta horretaz gain, iritzi eta proposamen ezberdinak jaso izan ditugu antolatu ditugun hitzaldi eta mahainguruetan.
Herrietako eta hirietako plaza ezberdinak, tren geltokiak, kaleak… euskal preso, iheslari eta deportatuei dagozkien eskubideak errespetatzeko aldarriarekin beteko dira. Modu honetan, konponbidea nahi duen herria erakutsiko dugu, elkarbizitzan oinarritutako herria helburu izanik. Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Ondarru, Agurain, Oiartzun, Santurtzi, Ibarra… Dispertsioaren aurkako aldarriak foko nazionala izango du, eremu lokalak indartuz.

