Mikel Karrera euskal presoa bisitatzera joan den bere neskalaguna atxilo eraman dute Gendarmeek, urtebeteko alabarekin. Espetxera heldu eta aurrez aurreko bisita ukatu diote mugikorra topatu diotelako gainean zeraman motxilan. Presondegiko funtzionarioei despiste bat izan dela azaltzen saiatu eta haiekin eztabaidatu ostean eraman dute atxilo.
828 km-ko bidea egin behar izan dituzte lagunak eta urtebeteko alabak, Mikel Frantziako Reau-ko espetxean dispertsaturik dutelako. 8 ordu eta 10 minutu inguruko bidaia egin behar izan dute biek espetxera heltzeko eta 160 euro inguru gastatu. Beste hainbeste beharko dute, bisitarik gabe gaurkoan, etxera itzultzeko.
SAREk euskal presoen giza eskubideen aldeko jarduna du ardatz, baita hauen senide eta gertukoenen giza eskubideena ere. Eta bide horretan onartezina iruditzen zaigu, preso dagoen pertsona bat bisitatzera joan eta horrelako gertakarien berri jasotzea. Batetik, senideei, senide izate hutsagatik, ezartzen zaien egin beharreko distantzien kondena, baita kondena ekonomikoa ere onartezinak dira, eta bestetik, baita espetxeetan funtzionarioen eskutik jasotzen duten tratua ere. Onartezinak izateaz gain, jendarteak ez ditu ulertzen eta, horretaz gain, senide eta lagunei ezartzen zaien sufrimendua justifikaezinak dira.
Egoera hauekin amaitu beharra dugu guztiok elkarrekin. Eskubide urraketa ororekin amaitzeko Sare indartsu bat osatzea ezinbestekoa izango dugu, egunez egun euskal preso, iheslari eta deportatuen, hala nola, hauen senide eta hurbileko inguruaren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen ozen aldarrikatuko duen Sare bat sortzearen beharra dugu. Ezberdinen artean, guztion artean, irekita dirauten zauri hauek ixteko bidean jartzeko garaia da.
