Albisteak

OHARRA IBON FERNANDEZ IRADI

IBON FERNANDEZ IRADIREN askatasunaren aurkako epaia dela eta, SAREk bere ezinegon eta haserrea helarazi nahi du. Ibonek duen gaixotasunarekin kartzelan jarraitzeko epaiak, zer esan nahi du? Ibonek heriotza ate joko izan arte egon behar duela kartzelan? Euskal jendarteak, sindikatuek eta alderdi politikoen gehiengo zabalak hamaika aldiz adierazi duen moduan, Ibonek kalean izan behar du. Ibonek bere gaixotasuna era duinean, konfiantzazko medikuen jarraipenarekin eta etxekoen babesarekin artatua izateko etxean egon behar du eta ez, heriotzaren bezperetan kaleratua izan. Horregatik, Ibonek kalean behar lukeelako, gaur Lasarten elkarretaratzea deitu dugu arratsaldeko 20:00tan Okendo plazan.

Bestalde, gaur goizetik hainbat hedabideetan zabaldu den informazio okerra dela eta, argipena egin nahi dugu, jada PSEko Lasarteko kideek euren sareen bitartez zuzendu duten arren:

  • Atzo Lasarten PSEk bere egoitzan salatutako erasoak ez du SAREk Ibon Fernandez Iradiren aurkako epaia dela eta eginiko mobilizazio zein aldarriekin zer ikusirik eta beraz, SAREk inolako zer ikusirik ez duela argitu nahi dugu.
  • Guk orain arte egin bezala, adostasunetan oinarritutako mobilizazioak deitzen dihardugu eta elkarren arteko zubiak eraikitzen, horregatik, elkarbizitzaren eta bakearen alde eta Ibonen askatasunaren alde dauden guztiei, gaurko elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatzen dizuegu.


#NIZUBI herri ekimenak manifestazioa deitu du martxoaren 19an Bilboko zubietan

Ni Zu Bi herri ekimenaren aurkezpena, Etxerat, gaixotasun larriak dituzten pertsonen aldeko plataformak eta sare Herritarren Sarea partaide

Gaixotasun sendaezinen ondorioz egoera larrian dauden presoak direla-eta SARE HERRITARRA elkarteak duen jarrera islatzen duen ondorioa:

1.- Justizia Auzitegiek ezarritako kondenak presoari askatasuna kentzen dio, baina ezin dio osasunerako eta bizitzarako eskubidea ukatu. Pertsonaren berezko eskubideak dira, zigorraren baitan askatasuna kendu zaien pertsonena barne.

Gaurko deialdi honen zergatia gaixotasun larri bat diagnostikatuta duten euskal presoen egoera kezkagarria azaltzea da, pertsona hauek gaixotasun hori izan arren espetxean jarraitzen dutelako.

Gaixotasun larriak dituzten presoen zerrenda luzatzen ari da. Orain arte tamalez, horietako batzuk haien ziegetan hil dira, eta beste batzuk heriotza ate joka zutela askatu dituzte etxean hil zitezen.

Zigor Kodearen 91. artikuluak aske uzteko eskubidea aitortzen die gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoei, baina, arau hori aplikatzeko, espetxe-administrazioak bizitza arriskuan izatea baloratzen du. Interpretazio hori aplikatzeak presoek bizitzarako duten eskubidea baztertzea dakar. Eta interpretazio hori erabili zuten, duela hilabete batzuk, José Angel Otxoa de Eribe aske uzteko. Aske utzi eta hiru hilabetera hil zen. Horregatik diogu etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula.

Kartzela ez da askatasun-eskola bat, ezta osasun fisikoaren eta mentalaren arloko arazoak tratatzeko eremu egokia ere. SAREren ustez, kartzelak diseinatuta dauden bezala, inmunitaterako eta zigorrerako guneak dira, eta, horrek, definizioz, bidegabe eta gizagabe bihurtzen ditu. Espetxeak, Espainiako espetxe-administrazioaren menpean, aspalditik dira gizakien biltegi bat. Hala, Justizia Penalak bere alderik gordinena erakusten jarraitzen du: zigorrarena eta mendekuarena.

Argi utzi nahi dugu ez dela gauza bera Zigor Kodeak eta Espetxeetako Erregimenak diotena eta espetxe-administrazioak horretaz egiten duen erabilera eta abusua. Legeriak hainbat ataletan jasotzen du gaixotasun sendaezinak direla-eta gaixo oso larritzat jotako zigortuek izan dezaketen egoera berezia, eta ezartzen du, dagokion osasun-txostena izanda, hirugarren gradua ezarri behar zaiela, arrazoi humanitarioetan eta pertsonen duintasunean oinarrituta.

Legeri berak argi esaten du tratamendu duin bat jaso behar dutela, eta espetxeetatik kanpo jaso behar dutela. Gaixotasun larriak dituzten presoek, neurri horiek aplikatzeko eta aske uzteko, legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzte. Baina, gaur egun, preso daude oraindik ere, eta egoera hori bidegabea da erabat. Hori hala da euskal preso guztiei aplikatzen zaielako legearen babespetik kanpo uzten dituen salbuespen legedia.

Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubide bat da, baina, gainera, eskubide unibertsal bat da, pertsona guztien kasuan errespetatu behar dena, preso edo aske dauden kontuan hartu gabe. Eta, gaur-gaurkoz, osasunerako eskubidea bateraezina da espetxean egotearekin.

Ez dago legerik, erregelamendurik edo araurik pertsona bati, askatasuna kendu zaiolako, osasunerako eskubidea eta tratu duina izateko eskubidea ere kendu behar zaizkiola xedatzen duenik.

Eta ez dugu esan gabe utzi nahi espetxe-legeriak betetzea ezin dela Estatuaren amore ematetzat jo. Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea ez da amore ematea. Estatuko eta Europako legeria betetzea da.

Garai berri baten aurrean aurkitzen gara. Euskal Herriaren gehiengo zabalak hala berresten du. Maila instituzionalean, politikoak, sindikalean zein sozialean aldarri hauekin eta egungo espetxe politika ezohikoarekin amaitzeko aldekotasuna hainbatetan eta hainbat eratan adierazi da azken urteetan. Aldaketarako adostasuna eta aurrera urratsak emateko beharra agerikoa da eta orain da horretarako unea. Auzi hau askatzeko unea da.

Horregatik, Ni Zu Bi dinamikaren barruan, dei egiten dugu martxoaren 19an Bilboko zubietan elkartzera. Eraiki ditzagun ezberdinen arteko zubiak, etorkizun hobea eraikitzeko.

DUINTASUNAGATIK, GIZATASUNAGATIK ETA JUSTIZIAGATIK, ETXEAN NAHI DITUGU ETA BIZIRIK NAHI DITUGU


OHARRA Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera ostean espetxe eskumenen inguruan eginiko adierazpenen harira:

Gogorarazi nahi dugu transferentzia honi buruz hainbat urte daramatzagu hizketan, Autonomiaren Estatutuak dituen urteen adina.

Ezer baino lehen, gai honen inguruko balorazioa egiteko datuak falta zaizkigula adierazi nahi dugu, izan ere, ez dakigu zein izango den transferentziaren mamia eta beronen garapena, eta honek era zuzenean baldintzatuko ditu ekar ditzaken ondorioak. Izan ere, ezberdina da:

A) Estatuaren espetxe-politika bera aplikatuz, beronen exekuzioaren gaineko transferentzia soilik izatea

B) edota, Euskadiri bere espetxe-politika propioa garatzea ahalbidetuko dion transferentzia bat izatea.

Bigarren hori izanez gero, gaurko bileran adostutako, aurrerapausoa izan zitekeela uste dugu. Aldiz, Estatuaren espetxe-politika exekutatzea baldin bada adostutako, ez lituzke egoera honi aterabidea emateko bideak zabalduko.

Bestalde, euskal presoen kasuan, transferentzia hori Espetxe Zaintzako Epaitegietatik Euskal Audientzietara eraman beharko litzateke, Auzitegi Nazionalaren menpe egoteari utzita.


Madrileko Diputatuen Kongresuko legebiltzar-taldeei helaraziko txostena aurkeztu du SAREk

Hilabete pasatxo igaro da Bilboko manifestazioa egin genuenetik, eta balorazioan adierazi genuen moduan, txosten bat osatu dugu, Iñaki Lasagabaster eta Ramon Zalloren laguntzarekin. Txosten hau Madrileko Diputatuen Kongresuko legebiltzar-taldeei helarazi diegu dagoeneko.

Txostenean, salbuespen espetxe politikak euskal presoengan duen eragina jaso dugu, bertan urratzen diren giza eskubideak nabarmenduz, berauen errespetua bermatzea demokrata ororen oinarri izan behar dutela ulertuta.

Saretik argi dugu gu ez garela nor Legebiltzar-taldeei zer egin behar duten esateko, baina bai kontuan hartu beharreko hainbat egoeraren berri emateko. Laburbilduz:
Adinez nagusi diren presoen (70 urtetik gorakoak) eta larriki gaixo direnen etxeratzea.
Euskal presoen urruntze politikarekin amaitzea eta Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea.
Zentzu honetan, nabarmendu nahi dugu, lehentasunezkotzat jotzen dugula gaixo dauden presoen eta haurrak dituztenen egoera hobetzea, haurrei ezartzen zaien zigor atxikiarekin amaitu eta artatzea senideengandik eta konfiantzazko medikuengandik gertu jasotzeko eskubidea bermatu dadin.
Gradu progresioen aurrean ezatzen den ukapen sistematiko eta arrazoigabearekin amaitzea.
Kondenaren ¾ betea duten presoei baldintzapeko askatasunerako aukera eskaintzea.
Finean, salbuespen legediak alboratu eta dagokien legedia arrunta ezartzea.

Hau da, iniziatiba honen baitan emaniko lehen urratsa. Aurrera begira, hala nahi duten Legebiltzar-taldeekin biltzeko prestutasun osoa dugu, halaber, horrelako ekimenak beste instantzia batzuetan ere lantzeko aukera aztertzen gabiltza, Europako Parlamentuan, adibidez.

Uste baitugu Europan ere, ONUko Giza Eskubideen Batzordearekin egin genuen moduan, egoera honen berri ematea garrantzitsua dela.

Ondoren, Joseba Azkarragak eta Iñaki Lasagabasterrek txosten honen edukia azalduko dute, bai giza eskubideen ikuspegitik, bai espetxe-legediaren beraren ikuspegitik.


Inaxio Oiartzabalen adierazpenak Gasteizen egin genuen SAREren 5. Batzarra eta gero

Inaxio Oiartzabalen adierazpenak Gasteizen egin genuen SAREren 5. Batzarra eta gero. 

1. V. Biltzar hau, Sareren ustez, urtean zehar, EH osoan zehar, iazko Etxarriko IV. batzarretik hona egindako bideari buruz egunez egun lan egiten duten pertsona
guztiekin hausnartzeko aukera da. Gainera, datorren urte honetan eman beharreko pausoak planteatu ditugu, aurrera eramango ditugun helburuak eta dinamikak markatuz.
Ildo horretan, azpimarratu nahi dugu datorren urtean sakontzen hasiko garela azken urteetan lortutako adostasun horien guztien aktibazioan.

2. Jarduneko Gobernuarekin igarotako urte honetan, Pedro Sanchezek 2018ko ekainean adierazitakoa aurrera eramateko oztopoak izan dira eta konpromiso argiak hartzea falta
izan da, espetxe-politika sakonki aldatzeko.

3. Espero dugu, aurrerantzean, konpromiso horiek hartzeko borondatea izatea. Gobernu berri baten aurrean gaude, eta gizarte-politikak garatzeko konpromisoei euskal presoen
eskubideak urratzen dituen espetxe-politika hau amaitzeko apustua gehitu behar zaie.

4. Ezin da atzerapen gehiagorik egon, giza eskubideez eta horien urraketaz ari garelako.

5. Eta hemen zentratu behar dugu gure lana 2020. urte honetan. Euskal gizartearen gehiengoaren konpromisoa Espainiako erakundeetara eramatea. Politikaren eta justiziaren esparruari.

6. Batzar honi jakinaraziko diogu eskakizun hori Espainiako eta Europako esparruetara eraman behar dela. Esan eta errepikatu egin dugu: orain da momentua.

7. Azkenik, Euskadin hauteskunde deialdiaren aurrean, euskal alderdiei dei egiten diegu. Batez ere, lortutako adostasun zabalaren parte diren guztiei.

  • A) hauteskundeprogrametan adostasun hori indartzen jarraitzeko konpromisoa hartzea, lehentasunezkotzat kokatuz, eta Espainiako erakundeei helarazi beharra.
  • B) hauteskunde-kanpainan presoen arazoa ez erabiltzea, ezta biktimena ere, haien artean jaurtitzeko arma gisa.
  • C) eta arazo hau haien arteko akordioen parte izatea, hori baita gauza horiek beste instantzia batzuetan defendatzeko daukagun sendotasun handiena


OHARRA | Guardia Zibilak eginiko atxiloketen haria

Iraganera begira jarri gaitu berriz Guardia Zibilak egindako atxilotuak direla eta; atxilotuak Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna dira.

Adierazpen eta manifestazio eskubidea berriz ere urratua da oposizio politikoa egin nahi duen botere judizialarengatik.

Ikerketa iturriek emandako arrazoien arabera, atxiloketa hauek “ongi etorri” auzien arrazoietan oinarritzen dira, kondena osorik bete ostean askatasuna berreskuratu duten pertsonei eginiko harrerak direla eta.

Demokrazia batean, inoiz ezin da pertsona baten senide eta ingurukoen poza azaltzeko eskubidea lapurtu, gainera kasu askotan preso hauek muturreko egoera batean bete dute zigor osoa.

SAREtik gure bakearekiko eta elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta hori uztargarria da indarkeria ezberdinetako biktima guztiekiko errespetu eta babes osoa erakutsita.


OHARRA Jonan Fernandezek, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean

Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean (euskal preso guztiak inolako aurre baldintzarik gabe EHko espetxeetara hurbiltzea, edota Logroño, Burgos eta Santoñako espetxeetara), Saretik jakinarazi nahi dugu:

  • Batetik, Sarek ez zuela aurrez proposamen berri honen berri eta, beraz, notizia ezagutu orduko, Jonan Fernandezi bilera eskaria egin diogula proposamena sakon ezagutu eta baloratu ahal izateko, eta, era berean, gure jarduera-eremuan garatu duguna eta garatuko duguna transmititu ahal izateko, kontuan hartuta egungo espetxe-politikari amaiera emateko herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean lortu diren adostasun zabalak. Gure ustez, horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu, betiere eman beharreko urratsetan beharrezkoa izango ohi den diskrezioa ahaztu gabe.
  • Bestalde, Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren adierazpenak entzun ondoren, lehen inpresio bat ere helarazi nahi dugu.

Horretarako, funtsezkoa da aldez aurretik PP eta PSOEko gobernuei aurkeztutako planak kontuan hartzea.

Alde horretatik, Sare Herritarrak interes handiz hartu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera berria, euskal presoei aplikatzen zaien urruntze-politikari dagokionean.

Balioan jarri nahi dugu ere gizarte zibilaren garrantzia helburu horiek lortze bidean. Eusko Jaurlaritzak, 80.000 pertsona baino gehiagok, beste urte batez, Bilbon eta Baionan espetxe-politika berri bat eskatu eta lau egunera, aurreko jarrera aldatu izanak berretsi egiten du gizarte-mobilizazioaren beharra eta garrantzia helburu hori lortzeko bidean.

Aurrekoetan, Sarek, beharrezko errespetu instituzionaletik, aurreko plan horiekiko bere desadostasuna adierazi izan du. Plan horietan, Eusko Jaurlaritzak euskal presoak 250 km-ra hurbiltzea proposatu izan dio Espainiako gobernuari. Orduan esan genuen moduan, hori ez da urruntze-politikari amaiera ematea, eta horregatik pozten gara posizio aldaketa honetaz, hainbatetan adierazi duguna berresten baitu, alegia, urruntze politikaren amaiera ezin dela izan ezein lege, arau edo erregelamendutan jasota ez dauden baldintza eta eskakizunen trukean beteko den zerbait.

Nolanahi ere, espero dugu proposamen hau beste instantzia batzuetan interesarekin hartzea, eta urruntze-politikaren amaiera helburu garrantzitsua dela ahaztu gabe, zuzenean eragiten baitio familien kolektiboari, aukera hau probestu nahi genuke, era berean, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utzi eta euskal presoen kolektiboari ezartzen zaion salbuespen-legeriarekin amaitzea ere lehentasunen agendan egon behar duela esateko.

Esan dugun bezala, Sarek, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariari biltzeko eskaria egin dio, helburu horiek lortzeko egiten ari garen urratsak azaltzeko. Gure ustez, arlo honetan batera lan egitea da euskal gizarteak eskatzen diguna, betiere behar den diskrezioarekin.


Igandean "Motxilak Gora" ikuskizuna antolatu dugu Donostiako Atano pilotalekuan

Urtarrilaren 19an Donostiako Atano pilotalekuan egingo dugun “Motxilak gora” ekitaldira gonbidatu nahi zaituztegu. Egun horretan Xuak 3 urte beteko ditu eta Atanon elkartuko garenok Zorionak Xua! Abestuko diogu. Haurrek urteak betetzen dituzten eguna pozgarria, koloretsua eta alaia izaten da. Hortxe aritzen dira txikiak euren urtebetetze egunerako falta diren loak ilusioz eta urduritasunez kontatzen. Xuaren hirugarren urtebetetzeak, ordea, badu berezitasun handi bat.

Xua 2017ko urtarrilaren 19an jaio zen Valentzian. Ordutik Picassenteko kartzelan bizi izan da bere amarekin, eta aita ere espetxe berean preso duenez, bisitetan egoten da berarekin. Datorren igandean 3 urte beteko ditu eta Sara eta Izarren kasuan ongi ikasi genuen moduan, Espetxe legediak hala aginduta, ezin izango du amarekin espetxe barruan bizitzen jarraitu. Igandetik aurrera beraz, Xua motxiladun haur bilakatuko da, eta gurasoekin hilean behineko bisitetan soilik egon ahal izango du. Horretarako gainera, Usurbildik Valentziarainoko 600km-ko bidaia luzea, arriskutsua, aspergarria eta garestia egitera behartuko dute.

Guk igandean Xuari zorionak abesteaz gain, bere gurasoak, Olatz eta Patxi ere Xuarekin batera Usurbilen, etxean nahi ditugula aldarrikatuko dugu. Izan ere, hori ez da Xuak amestutako edo asmatutako ezinezko ipuina. Olatz eta Patxi etxean egotea, legedia betetzea soilik litzateke; legedi arrunta aplikatuta posiblea baita baldintzapeko askatasunean Xuarekin batera etxeratzea, biek zigorraren 3/4a beteta dute eta.

Motxilak gora diogu. Garaia delako herri honetan oraindik ere etxe askotan mantentzen den sufrimenduarekin bukatzeko. Gaur egun 18 urte arteko 102 motxiladun haur-nerabe ditugu Euskal Herrian eta konbentzimendu osoz diogu, garaia dela eta posiblea dela motxila horien zamarekin bukatzea.

Errealitate hau aldatzea posible da. Horretarako, beharrezkoa da euren gurasoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak eta salbuespen legedia bertan behera uztea. Euren gurasoak etxeratze bidean lehentasunezkoa da gurasoak Euskal Herriko kartzelatara ekartzea. Bestetik, preso gehienak lehenengo graduan daude; espetxeko erregimen itxi eta zorrotzenean. Beharrezkoa da lehenengo graduarekin amaitzea, horrek edozein presori legez dagozkion espetxe baldintzak jasotzea oztopatzen baitu; hala nola, zigorraren ¼ betetzean, egun batzuetarako irteera baimenak eskuratzeko aukera, zigorraren ¾ betetzean baldintzapeko askatasuna, hirugarren graduarekin eguna kanpoan pasa eta espetxera lotara bakarrik joatea…

Motxiladun haurren gaia kaleratzen hasi ginenean salatzen genuen moduan, haur-nerabe hauei noizbait gurasoak etxean izateko esperantzarako eskubidea ere ukatu egiten zaie eta bada garaia horri buelta eman eta etxeratze bidea ikusten hastekoa. Nola? Eurekin egoteko egin beharreko bidaia luzeekin bukatuz lehenik, eta egun zehatzetan, urtebetetzeetan, Gabonetan… baimenekin etxean izanez, eta azkenik baldintzapeko askatasunarekin edo hirugarren graduan.

Horregatik, haur hauek gurasoekin bizitzeko eskubidea dutelako, eta aipatutako baldintzak betearaztea guztion ardura delako, Igandean hurbil gaitezen txiki eta handi Atanora. Bertan, dantza, musika, magia… denetarik ikusteko aukera izango dugu. Xua Euskal Herrian biziko delako oso pozik gaude eta guk komunitatean, taldean sinesten dugunez, badakigu Xua alai eta babestuta egongo dela; baina Olatz eta Patxik eta gainontzeko guraso guztiak ere Euskal Herrian nahi ditugu.

Asteburuan 80.000 pertsona atera ginen kalera Bilbo eta Baionan. Euskal jendartearen mezua eta aldarria argia da; bada garaia preso eta iheslarien auzia konponbidean jartzeko. Guztioi dagokigu salbuespen legediarekin amaitu eta, legedi arrunta oinarri hartuta, presoen etxeratze prozesua gauzatu dadin bidea egitea. Beraz, zatoz igandean Atanora! Jaurti ditzagun motxilak gora! Hau hauek merezitako etorkizuna izan dezaten.

? Sarrerak salgai: https://bit.ly/2sPpEjk


? ZUZENEAN | Euskal presoen eskubideen aldeko Manifestazioa Bilbon #OrainPresoak #U11Bilbo

ZUZENEKO EMISIOA 

URTARRILAK 11 ENERO DEIALDIAK 

11:15 La Bolsa (Alde Zaharra)

Mahaingurua – Mesa Redonda

>> Derechos / Libertades <<

?️Antoni Bassas (Kazetaria)

?️Pili Kaltzada (Kazetaria)

?️Javier Sadaba (Filosofoa)

Moderadoratzailea: Joseba Azkarraga (Sare Herritarra)

15:30 Zuzeneko saioaren hasiera. (gazteleraz) Euskaraz ikusteko: Hamaika telebista
17:00 manifestazioaren hasiera La Casillatik 

ORDEZKARI ETA GONBIDATU NAGUSIEN ZERRENDA 

  • EH Bildu: Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Bakartxo Ruiz
  • Elkarrekin-Podemos: Josetxo Arrieta, Eneritz de Madariaga eta Andeka Larrea
  • ELA: Mikel Lakuntza, Joseba Villareal, Leire Txakartegi
  • LAB: Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo, Maider Jauregi
  • CCOO: Jone Robledo, Alfonso Rios
  • UGT: Dani Gonzalez, Iñaki Gonzalez
  • Steilas: Xabin Arrizabalaga, Nagore Iturrioz, Ana Perez
  • HIRU
  • ENHE-Etxalde
  • ESK: Isa Garcia, Txejo Ortega
  • CNT: Arantza Burgoa, Kepa Bermejo, Galder Anton
  • ERC: Núria Picas (diputada al Parlament) i Isaac Peraire (vicesecretari general)
  • JxCat: Eduard Pujol (portavoz diputado al Parlament)
  • CUP: Albert Botran
  • Puyalon (Aragon)
  • Rosa Rodero (ETAren biktima)
  • Axun Lasa (GALen biktima)
  • Pili Zabala (GALen biktima eta Parlamentaria EAEn)
  • Ainhoa Aznarez (Parlamentaria Nafarroan)
  • Gemma Zabaleta (Kontseilari ohia)
  • Esther Larrañaga (Kontseilari ohia)
  • Javier Sádaba (filosofoa)
  • Dani Arranz (Ex Gobernador Civil)

JASOTAKO BESTELAKO ATXIKIMENDUAK 
Carles Puigdemont, Juan Jose Ibarretxe, Carlos Garaikoetxea, Paul Rios, Carod Rovira, Jordi Cuixart, Txell Bonet, Kike Amonarriz, Andoni Aizpuru, Xabier Eguzkitze, Laura Perez, Iker eta Eneko Pou anaiak, Jose Angel Iribar, Felix Arrieta, Asier Sota,

 


ALDERDI, SINDIKATU ETA ERAGILEEN OHARRAK


SAREk agerraldia egin du Bilboko manifestazioaren atarian. "Espainiako Gobernu berriari: Orain ez bada, noiz? Orain da unea"

Azken agerraldi hau, Euskal Herrian urtero egin ohi den manifestazio jendetsuena hasteko 48 ordu baino falta ez diren honetan, egun aldarrikatzaile honen baitako hainbat informazio emateko deitu dugu.

Baina, jakitun izanda duela bi egun eskas Madrilen Diputatuen Kongresuan Gobernu presidente berria izendatu dutela, honek duen garrantzia politika aintzat hartuta, ezin ezer esan gabe geratu.

Pasaden azaroaren 30ean, Miramon Parke Teknologikoan eginiko agerraldi batean, Madrileko Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdiei eskari eta galdera bat luzatu genien:

Eskari hau izan zen, eta honek izaten jarraitzen du; euskal diputatuen bozkek legealdi honetan izango duten garrantzia kontuan izan da, bozka hauek presoen egoera eta giza eskubideen urraketarekin amaitzeko beharra akordioen agendan txertatzeko erabiliak ere izan daitezela.

Eta galderak ere bera izaten jarraitzen du, bai euskal alderdientzat, baita presidente berriarentzat ere; ez bada orain, noiz?

Ez dakigu baikorrak izatea bertutea edo gabezia den, baina, edozein kasutan, badugu esperantza gauzak, eremu honi dagokionean, aldatuko direnarena. Hala behar luke, behinik behin.

Izan ere, Gobernu berri hau osatu duten bi alderdi nagusiek, hemen, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, espetxe politika hau aldatzeko borondatea behin eta berriro erakutsi dute azken urtean onartu diren adierazpen anitzetan. Honi, Gobernu honen aldeko bozka eman edota abstentzioaren bitartez ahalbidetu duten alderdien izaera gehituz gero, alderdi katalan eta euskaldunak kasu, elkarbizitzaren eta bakearen alde zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude. Horregatik, gaur, are enfasi gehiagorekin, galdera bera errepikatzen dugu; orain da unea, izan ere, orain ez bada, noiz?

Datorren larunbatean milaka eta milaka pertsonak hauxe bera aldarrikatuko dute Bilbo eta Baionako kaleetan. Euskal instituzioek, gehiengo politikoak eta gehiengo sindikalak onartu duten bera aldarrikatuko dugu. Hori hala, jendarte honen gehiengo zabalaz mintzo garela kontuan izanda, Madrileko Gorteetan dauden euskal diputatuei, larunbatean Bilboko zein Baionako kaleetan entzungo den aldarria beren egitea eskatzen diegu.

Aukera ezinhobe baten aurrean gaude. ETAk urte eta erdi baino gehiago darama deseginda. Euskal politikagintzan akordio sendoak lortu dira espetxe politikaren aldaketaren harira. Eraman diezaiogun aldaketa nahi hau Gobernu berriari.

Urteetako minari amaiera emateko ordua da. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da. Elkarbizitzen den jendarte bat osatzeko unea da. Giza Eskubideen errespetuan eta akordioetan oinarrituko den jendarte bat eraikitzeko ordua da.

Hau da, aurtengo urtean gure buruari ezartzen diogun helburua larunbatean, arratsaldeko 17:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazio honetan. Amaiera Bilboko Udalean izango da eta bertan Asun Lasa eta Rosa Rodero, GAL eta ETAko biktimak izango dira manifestua irakurriko dutenak.

Beste urte batzuetan egin izan dugun moduan, urtarrilaren 11ean ez dugu soilik manifestazioa antolatu, berau ekintza nagusia izan arren, beste bi ekimenen berri ere eman nahi dizuegu:

1) Batetik, La Bolsa, Alde Zaharreko eraikinean, goizean, 11:15etan Eskubideak eta Askatasunak izenburupean mahaingurua antolatu dugu. Bertan Antoni Bassas, kazetari katalana, ziurrenik Catalunyan gehien entzuten den kazetarietako bat; Pili Kaltzada kazetari euskalduna eta Javier Sádaba Filosofoak hartuko dute parte.
2) Bestetik, manifestazioaren aurretik, 15:30etan Silken Hotelean “emakumea espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea” ekitalditxoa antolatu dugu. Bertara politikagintzan, sindikalgintzan, giza eskubideen eta bakearen alorrean zein eragile sozial eta feministetan lanean dabiltzan hainbat emakume gonbidatu ditugu.

Ez dugu amaitu nahi, berriro ere, sortu diren benetako aldaketarako aukerak baliatzeko deia luzatu gabe; orain da unea, orain ez bada, noiz bestela? Guztion bultzada ezinbesteko dugulako espetxe politika aldatu eta jendarte gisa aurrera egiteko, datorren larunbatean 17:00etan Bilbon elkar ikustea espero dugu.